Euskal-Erria elkartea
Euskal-Erria elkartea Sociedad Euskal-Erria | |
---|---|
Sorrera | 1879ko abendua[1] |
Desegitea | 1898-1899[oh 1] 1902ko uztailaren 18a[2][oh 2] |
Egoitza nagusia | Areatza 8. zb, Bilbo[1] |
Ideologia politikoa | Foruzaletasuna |
Agerkaria | La Unión Vasco-Navarra Euskalduna[oh 3] |
{{{webgunea}}} | |
Euskal-Erria edo Euskalerria XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasieran Bilbon egoitza izan zuen elkarte foruzale liberal bat izan zen. Bere ibilbide laburrean foruzaletasun liberaletik euskal abertzaletasunara jauzi egin zuen eta gerora EAJ alderdia izango zena osatzeko garrantzi handia izan zuen, bai eta 1916an sortu zen Comunión Nacionalista Vasca alderdian ere. Gaztelaniaz, euskalerriako ezizena eman zieten elkarteko kideei.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1879an Fidel Sagarminaga bizkaitar foruzaleak sortu zuen, horretarako berak aurretik sortutako Euskal Batasunaren Alderdi Foruzalea (gaztelaniaz Partido Fuerista de Unión Vascongada) alderdia oinarritzat hartu zuen. Euskal-Erria elkarteko lehenbiziko presidentea Sagarminaga bera izan zen. 1880tik 1894ra La Unión Vasco-Navarra izan zen elkartearen agerkaria. [3]. Elkarteak euskal kulturaren aldeko ekitaldiak bultzatu zituen, hala nola 1882ko Euskal jaiak, Bilbon ospatutako lehenak.
1890eko hamarkadaren hasieran Euskal-Erria elkartearen barnean ikuspegi desberdinak zeuden ideologia politikoari dagokionez. Javier Corcuera historialariaren aburuz elkarteko kide batzuk alderdi dinastikoetara batu ziren, beste batzuek nolabaiteko euskal erregionalismoaren alde zeuden integristekin bat egin zuten, eta hirugarren sektore bat eusko abertzaletasunera hurbilduz joan zen.
Behin 1894an Sagarminaga hil eta gero, Euskal-Erria elkarteko presidente berria Ramón de la Sota izan zen.[4] Honen gidaritzapean Euskal-Erria elkartea pentsamolde abertzalea garatuz joan zen, aurreko foruzaletasuna euskal abertzaletasunagatik aldatuz. Garai horretan sortu zen Euskalduna astekaria, Sotaren euskalerrikoen agerkaria eta aipatu eboluzio ideologikoaren adibide.
Hasiera batean, Sabin Arana eta eta bere jarraitzaile bizkaitarrekin (garaiko jelkideen ezizena) harreman tirabiratsuak izan zituzten. Aranak eman zuen Larrazabalgo hitzaldia (1893) Sotak eta beste euskalerriako batzuek eskatuta antolatu zen, baina gauzak ez ziren guztiz ondo atera. Sanrokada deritzon gertaeran ere bi taldeek kointziditu zuten. Lehenago Sagarminarekin egin bezala, Sabin Aranak hitz gogorrak dedikatu zizkien Sota eta bere jarraitzaileei, eta dirua euskal kausaren aurretik jartzea leporatuta, fenizio ezizena jarri zien.
Dena den, bi taldeak hurbilduz joan ziren eta 1898an Ramon de la Sota buru zuen Euskal-Erria elkarteko sektoreak Bizkai Buru Batzar (EAJ) alderdiarekin bat egin zuen, elkarte foruzaleko kideak alderdi abertzalera iragan zirelarik. 1899ko apirilean Bilbon bi erakundeetako kideek lehenbiziko Euskal Zentroa (Centro Vasco) zelakoa ireki zuten. Zentroaren presidente kargurako Euzkeldun Batzokijako bazkide izandako Emiliano Arriaga hautatu zuten, eta idazkari posturako Euskal-Erria elkarteko Nicolas Viar Eguzkitza[5]
Euskal-Erria elkarte honetako kide gehienak lanbide liberaletako jendea ziren: enpresaburuak, arkitektoak, medikuak eta abokatuak, hortaz ekonomikoki euskal abertzaletasunari laguntza edo babes handia eman zion jendea.
XX. mendean Ramon de la Sota enpresaburua euskal abertzaletasunaren bultzatzaile garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, 1918an EAJren ordezkaritzat Espainiako Gorteetako diputatu izan zelarik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Sociedad Euskalherria. Bilbaopedia (Gaztelaniaz)
- ↑ Euskal-Erria. Auñamendi entziklopedia (Gaztelaniaz)
- ↑ La Unión Vasconavarra. Bilbaopedia (Gaztelaniaz)
- ↑ Fidel Sagarminaga Epalza. Auñamendi entziklopedia. Euskomedia.org (Gaztelaniaz)
- ↑ El Centro Vasco (Gaztelaniaz)
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Corcuera Atienza, Javier (1979): Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco, 1876-1904, Madril, Siglo XXI. ISBN 84-323-0367-4.
- Estornés Zubizarreta, Idoia: "Euskal-Erria", Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- Manterola Beldarrain, Jose (1882): "Las Fiestas de la «Euskal-Erria» en Bilbao", Donostia, Euskal-Erria, 7. liburukia (uzt.-abend. 1882), 129-132 orr.
- Manterola Beldarrain, Jose (1883): "Medallas y sellos euskaros. 1, La medalla de la Euskal-Erria", Donostia, Euskal-Erria, 8. liburukia (urt.-eka. 1883), 281-282 orr.
- Nagore Ferrer, María (2007): Del Gernikako Arbola a La Marsellesa de la Paz. Música, política e ideología en Vizcaya (1876-1914), Rev. int. estud. vasco, 52, 1, 2007, 107-136 orr..
- Ortigosa Martín, José Luis (2013): La cuestión vasca. Desde la prehistoria hasta la muerte de Sabino Arana, Madril, Visión libros, 261-263 orr..