Eusko Elkarte Abertzalea
Eusko Elkarte Abertzalea (Comunión Nacionalista Vasca, CNV) | |
---|---|
Buruzagia | Engrazio Aranzadi Kizkitza |
Sorrera | 1916 |
Desegitea | 1930 |
Egoitza nagusia | Bilbo |
Ideologia politikoa | Abertzalea, eskuina, kontserbadurismoa eta estatutismoa |
Eusko Elkarte Abertzalea —ezagunagoa gaztelaniazko izenaz: Comunión Nacionalista Vasca edo CNV— 1916 eta 1930 bitarteko euskal alderdi politiko abertzale bat izan zen. Garai hartan eta 1915an abertzaletasunak krisi larri bat jasan zuen, EAJ alderdian bi joera nagusi nabarmenduz joan zirelarik:
- Lehena, eskuinaldeko korronte moderatu eta estatutistak osatzen zuen, honen buruzagi nabarmenena Engrazio Aranzadi Kizkitza izan zelarik.
- Bigarrena, Aberri (EAJ), erradikalagoa eta independentista zen, Luis Arana (Sabin Aranaren anaia) buruzagitzat zuelarik.
CNVren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1916ko apirileko Donostiako biltzarrean moderatuen joera garaile atera zen, EAJ alderdian eskuinaldeko korronte moderatuei alderdi politiko horretako boterearen atea zabalik uzteko batez ere, ondorioz EAJ izena aldatu eta Comunión Nacionalista Vasca izena hartuz alderdi abertzale berria osatu zuten. Gainera egoera nahasi honen ondorioz 1916an ordu arte EAJko presidentea zen Luis Arana bere aurkarien ezkutuko barne-mugimenduen ondorioz EAJ alderditik kaleratua izan zen.
Aipatzekoa da Lehen Mundu Gerrako garai hartan euskal foru aldundietatik Euskadiko Estatutu bat lortu eta Espainiaren batasunaren barnean jarraitzeko proiektu bat lantzen ere ari zirela, hortaz, joera kontserbadore horrek Euskal Herriko gizartean indar handia zuen.
Bi joeren arteko desadostasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euzko Gaztedi erakundeko kideen ustez CNV alderdiko joera berri hori moderatuegia zela eta jatorrizko pentsamolde sabindar eta independentista mantendu beharra zegoen, hortaz, Aberri aldizkaria sortu eta CNVko jarrera ofizialaren aurkako ikuspuntu ezberdinak argitaratzen hasi ziren. Joera honetako buruzagi nabarmenena Elias Gallastegi izan zen (1930eko hamarkadak EAJtik berriz ere atera eta Jagi-Jagi aldizkaria eta talde independentista sortu zituelarik).
Bai CNV nahiz Aberri (EAJ) alderdien arteko liskarrak latzak eta luzeak izan ziren, hauek nagusiki Euzkadi (CNVren egunkari ofiziala) eta Aberri egunkarien iritzi artikulu eta eztabaidagune orrialdeetan ederki asko ikus daitezke. Eztabaida edo liskar honen punturik gorenena 1921eko udan eman zelarik, batez ere Kizkitza eta Gallastegik euskal gizartearen barnean zeuden gizarte klase ezberdinen arteko ikuspuntuen harira.
EAJ-Aberriren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Liskar edo eztabaidagune honen ondorioaren inguruko bertsio ezberdinak daude: batzuen arabera CNVko buruzagitzak Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kide independentistak CNV alderditik kaleratu zituzten, aldiz, beste batzuen ustez, Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kideek euren kaxaz eta alderdi berri bat sortzeko asmoz CNV alderdia utzi zuten.
Dena dela, ondorioz Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kide hauek jatorrizko alderdi politikoaren EAJ (Aberri) izena berreskuratu eta euskal alderdi independentista abertzale berri bat sortu zuten. Garai honetako erakunde honetako buruzagi nabarmenena, Elias Gallastegi izan zelarik. Alderdi berri honek, gerora Espainiako Bigarren Errepublika garaian abertzaletasunaren barnean garrantzi handia izango zuten bi erakunde sortu zituen: Emakume Abertzale Batza eta Euzko Mendigoxale Batza (gerora, Euskal Mendi Federakundea izango zenaren jatorrizko erakundea).
Berrelkarketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Primo de Riveraren diktaduraren amaiera aldera Euzko Gaztedi erakundeak eta Euzkadi egunkariak abertzaletasunaren batasunaren aldeko kanpainia burutu zuten. 1930ko apirilean helburu horretarako batzorde bat sortu eta horretarako adostasun akordio baten hastapenera ailegatu ziren.
1930eko azaroaren 16an Bergarako zineman ospatutako Batasun Biltzarra Nazionalean antzinako Euzko Alderdi Jeltzalea izena berreskuratzea erabaki zen. Abertzaletasunaren gehiengoaren batasuna lortu zen, halere aipatzekoa da sektore bat desadostasunengatik kanpoan gelditu (batez ere erlijioa eta akonfesionaltasun edo laizismoaren inguruko joera ezberdinak eta euskal gatazkaren arazoa konpontzeko espainiar ezker alderdi politikoekin akordioetara iristeko aldeko zituela eta), eta handik gutxira Eusko Abertzale Ekintza alderdi berria sortu zuen.
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Comunión eta Aberri. Euskomedia. (Gaztelaniaz)
- Abertzaletasunaren berrelkartzea eta Errepublika. Euskomedia. (Gaztelaniaz)