La Unión Vasco-Navarra
La Unión Vasco-Navarra | |
---|---|
Mota | Egunkaria |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | Gaztelania |
Argitaratze lekua | Bilbo (Bizkaia) |
Banaketa | |
Banatze-eremua | Hego Euskal Herria |
Maiztasuna | Egunero |
Historia | |
Ideologia | Foruzaletasuna |
Sortzailea | Fidel Sagarminaga |
Zuzendaria | Eladio Lezama |
La Unión Vasco-Navarra (euskaraz, Euskal-Nafar Batza) 1880ko ekainaren 5ean Bilbon sorturiko gaztelaniazko egunkari foruzale bat izan zen, "Correo Vascongado" egunkaria ordezkatu zuena. Bilboko Euskal-Erria elkartearen agerkaria izan zen.[1] Bere lehen zuzendaria Eladio Lezama kazetaria izan zen. Garai hartan euskal herrialdeek foruak galduak zituztenez, egunkaria sortu zen unetik bertatik zigorrak jasotzen hasi zen. Egunkariaren azken helburua euskaldun eta euskal alderdi guztiak batzea zen, hala, galdutako foruak berreskuratzeko. Horretarako, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea gaitzat zituzten zutabe bereziak idazten zituen, bertako berriak kontatuz.[2]
Gatazka ugari izan zituen karlistekin eta zenbait erakunde kristaurekin, adibidez, Gasteizko Euskal-Nafar Astekari Kristauarekin (gaztelaniaz Semanario Católico Vasco-Navarro). Foruak berreskuratzeko arrazoi ugari plazaratu zituen, baina horietatik esanguratsuenak ondorengoak izan ziren:[2]
- Euskal foruek gure herriaren historia eta eskubide historikoak gorpuzten zituzten.
- Euskal erakundeek Euskal Herriari onura ekonomiko, politiko eta sozial ugari ekarri zizkioten.
- Euskal foruak ziren euskaldunon kultura babesteko modu bakarra.
Egunkariak ez zuen jarrera independentistarik, baina zenbait arlori begiratuz gero, ideologia abertzalea zuela egiaztatu dezakegu. Gainera, funtsezkotzat zuen gaztediak foruen izana eta hauen inguruko xehetasunak ikastea, hala, belaunaldiz belaunaldi transmititu zitezen, berreskuratu arte. Gaztelako banderak euskal lurretan egotea ere sarritan kritikatu eta gaitzetsi zuen.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «La Unión Vasconavarra». Bilbaopedia (Gaztelaniaz)
- ↑ a b c «La Unión Vasco-Navarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-11).