Sanrokada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sanrokada eguneko bazkariaren irudia. 1893ko abuztuaren 16a.

Sanrokada 1893ko abuztuaren 16an Gernikan izandako matxinada zen. Abertzaletasunaren lehendabiziko ekintza publikoa zen, Espainiar gobernuak foruen kontra eginiko erasoak eta euskal probintzien arteko elkartasunak eragindakoa.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Germán Gamazo Espainiako Ogasun ministroa 1892tik 1894ra.
Sakontzeko, irakurri: «Gamazada»

Sagastaren gobernuaren Ogasun Ministroa, German Gamazo liberala, 1841ko Nafarroako Lege Hitzartuak ezarritako zerga-araubide forala ezereztatzen saiatu zen. Horretarako, 1893ko maiatzaren 11n Aurrekontuetarako Lege proposamena aurkeztu zuen, euskal herrialdeetako zerga-araubidea murrizten zuena. Horrek istilu asko eragin zituen Nafarroan eta beste euskal probintzietan, Gamazada izendatzen den matxinada.

Nafarrak berehala asaldatu ziren eta maiatzaren bukaera eta ekainaren hasieran hainbat mobilizazio burutu zituzten. Tartean, ekainaren 4an manifestaldi handi bat deitu zen Iruñean, 15000 pertsona baino gehiago bildu zituena. Manifestaldiaren bukaeran, Gernikako Arbola kantatu zuen Iruñeko Orfeoiak[1].

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren erdi aldera, Iruñeko Orfeoia Bilbora joan zen, Nafarroari eginiko omenaldi batean parte hartzeko. Beste alde batetik, Gamazadaren aldeko zenbait politikarik Gernikan herri-bazkaria prestatu zuten, San Rokeak zirela eta. Bazkaria abuztuaren 16an egin zen, eta nafarrak, bilbotarrak eta kataluniarrak ziren konbidatuak[2]: foruzaleak, karlistak, bizkaitarrak eta Unió Catalanistaren zenbait kide, zehazki.

Gernikarra eta Tradicionalista elkarteen (liberala eta karlista, hurrenez hurren) balkoietan Espainiako banderak zeuden eskegita. Bazkarian zehar Espainiaren aurkako oihuak izan zirenez, foruzaleek eta karlistek alde egin zuten. Geroago, bizkaitar batzuek elkarte bietako bandera espainiarrak erre zituzten[3] 'Gora Euskeria askatuta' oihukatuz[4]. Batzuen ustez, bizkaitarren artean Ramon de la Sota zegoen[2].

Egun batzuk geroago, abuztuaren 27an, Donostian hiru lagun hil ziren Sagastaren aurkako manifestazio batean. Manifestazioa Gernikako Arbola jotzeko Udal Bandaren zuzendariaren ezetzak sortu zuen[2]. Bilbon bizkaitarrek Gernikako Arbola kantatzen zutenean, kontrakoek Marseillesa abesten zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Estornés Zubizarreta, Idoia. «La Gamazada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Bernardo. «la Sanrocada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  3. «Sanrokada» euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).
  4. www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «La Gamazada • Guía contra la desmemoria | Jose Mari Esparza» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]