Euzkeldun Batzokija

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Euzkeldun Batzokija
Euskeldun Batzokijaren egoitza 1894-1895.jpg
Euzkeldun Batzokijaren irudia 1894 edo 1895an.
Kokapena
kokapenmapa
Helbidea Posta kalea, 22. zb
Zazpikaleak
Koordenatuak 43° 15′ 27″ N, 2° 55′ 25″ W / 43.25753889°N,2.92359167°W / 43.25753889; -2.92359167Koordenatuak: 43° 15′ 27″ N, 2° 55′ 25″ W / 43.25753889°N,2.92359167°W / 43.25753889; -2.92359167
Arkitektura

Euzkeldun Batzokija Bizkaiko Bilbo hiriburuan egon zen elkarte edo bilgune abertzale eta jeltzale bat izan zen. Gaur egungo batzokien aitzindaria izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrigorriagako bilkuraren irudia, erdialdea Sabin eta Luis Arana Goiri jarraitzaileez inguraturik ikus daitezkelarik. Bilkura hau 1894ko uztailaren 8an ospatu zen, Euskeldun Batzokija handik sei egunetara, uztailaren 14an, Bilbon ofizialki inauguratu zelarik.

Sabin eta Luis Arana anaiek Bilboko Posta kaleko 22. zenbakian, Dorre kalearen izkinan eta Done Jakue katedralaren alboan, euren elkartea sortzeko egoitza egokia topatu zuten (gaur egun Zelaia arropa denda dagoen solairuan), leku hura Areatzako parketik hurbil zegoen, hiriaren erdi-erdian. Elkarte hau ez zen alderdi politiko bat, bai ordea garai hartan puri-purian zeuden britainiar usadioko klub edo biltoki bat. Bertan Bizkaitarra aldizkariko ideiak onartzen zituzten pertsona edo kideak bildu ahalko ziren.[1]

1894ko uztailaren 14an,[2] larunbata, arratsaldeko seietan elkarte hau Euskeldun Batzokija izenez formalki inauguratu zen. Irekiera ekitaldian egoitza honetako balkoian elkarteko bazkiderik zaharrena zen Ziriako Iturri karlista ofizial ohiak bandera berri bat zintzilikatu zuen: Ikurrina. Aurretik, Sabin eta Luis anaiek bandera hau Bizkaiko ikur izateko diseinatua zuten, hau diseinatzeko unean beren ohiko lema politikoan inspiratu ziren: Gurutze zuriak Jainkoari erreferentzia egiten zion, gurutze orlegiak Lege Zaharra eta Gernikako Arbolari, eta hondo gorria Bizkaiko armarritik hartu omen zuten.[2]

Euskeldun Batzokija elkarteko 1894ko Zuzendaritza Batzordeko batzordekideak. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera, goiko lerroan ezkerretik eskuinera: Sebastian Amorrortu, Luis Arana Goiri, Ulpiano Abasolo eta Juan Aranburuzabala; bigarren lerroan: Jose Maria Aldekoa, Sabin Arana Goiri eta Elias Lekue; hirugarren lerroan: Antonio Elexpuru, Ziriako Llodio eta Toribio Rezola. Azkenik, behealdeko lerroan: Jose Arriaga, Ramon Mentxaka eta Fabian Ispitzua.

Igandean, uztailaren 15ean, Begoñako basilikan meza bat eman zen, behin hau amaitu eta kanpoan zeudela elkarte berri hartako bazkideek Gernikako Arbola abestu zuten, ondoren egoitzara joan eta bertan aurreneko Batzar Orokorra burutu zuten. Honetan, Sabin Arana Zuzendaritza Batzordeko presidente edo Batzokiko buru hautatu zuten. Hura amaitzean, txistulari talde bat balkoira atera eta beheran zegoen jendea asaldatu zuen, lehenengoan, Udal Bandak Arenalen musika joko zuela espero baitzuten. Festa gau osoan luzatu zen, eta gainera San Inazio egunean ere jaia berriz errepikatu zen, ondorioz bizilagun bat ernegatu eta elkartearen aurka zalaparta edo iskanbila sortzeagatik salaketa bat jarri zuen. Elkarteari "abestu, atabala jo eta lurzorua ostikatzeagatik" 500 pezetako isuna ezarri zitzaion. Salaketa hura Sabin Aranaren lehenbiziko espetxeratzearen arrazoia izango zen.

Batzokia irekitzean 94 bazkidek izena emana zuten, hurrengo hilabeteetan ehundik gora ziren eta 1895. urtearen hasierarako 120 kidek eman zuten izena. Kideetako gehienak Bilbo edo inguruko gizon gazteak ziren, Sabin Aranaren adin berdintsukoak (berak orduan 29 urte zituen), gehienen adina 20-35 urte artekoa zelarik. Batez ere, hiriko burges katoliko txikiak ziren: artisauak, enplegatuak, merkatariak... langile apalak eta enpresaburu handiak askoz ere gutxiago. Bazkide osoak izateko euskal abizenak izan behar zituzten; baldintza hori betetzen ez zutenak ere bazkide izan zitezkeen, baina eskubide gutxiagoekin.[2]

Euskeldun Batzokija elkartearen 1894ko sorrera agiria.

Elkarte edo Batzokia teorian ez zen osoki politikoa, aisialdirako jarduerak ere burutzen zirelarik: kafea hartu, billarrean edo kartetan jokatu, pianoa jo, abestu, etab. Praktikan egoitza aisialdi jarduera horietaz gain Bizkaitarra aldizkaria irakurri eta komentatu, albiste politikoei buruz solastatzeko eta sabindar ideietan doktrinatzeko erabili zen.[2] Benetako asmoa, bazkideen artean JEL doktrinaren ideiak bazkideetan finkatu, bazkideak gehiago gehitu eta ondoren Batzokia oinarritzat hartuz hauteskundeetara aurkeztu ahal izango zen alderdi politiko berri bat sortzea zen. Sabin Arana desbideraketa ideologikoen beldur zenez, Batzokia modu tinkoan gidatu zuen: bertako araudia zorrotz betetzen ez zuten bazkideak zalantzarik gabe kanporatu zituen. Edonola ere, bazkide batzuk kanporatuz gero beste batzuk sartu ohi ziren eta Batzokiak 110-130 bazkide inguruko kopuru finkoa mantendu ahal izan zuen.[3]

Lehen aipatu bezala Euskeldun Batzokija elkarteko presidentea Sabin Arana Goiri hautatu zuten, aldiz hautatuak suertatu ziren Zuzendaritza Batzordeko beste batzordekideak honako hauek ziren: Ziriako Llodio presidenteordea, Jose Arriaga idazkaria, Antonio Elexpuru idazkariordea, Elias Lekue kontularia, Fabian Ispitzua kontulariordea, Sebastian Amorrortu diruzaina, Jose Maria Aldekoa diruzainordea, Ulpiano Abasolo zinegotzia, Luis Arana Goiri zinegotziordea, batzordekideak: Ramon Mentxaka, Toribio Rezola eta Juan Aranburuzabala.[4]

Eusko Batzokijaren araudiaren testua Sabin Aranak zehaztasun eta xehetasun handiz landu eta idatzi zuen. Denera 10 kapituluetan banatutako 110 artikuluk osatzen zuten.[5]

  • I. kapitulua: Helburua eta izaera, 1. eta 2. artikuluak.
  • II. kapitulua: Doktrina politikoa, 3. artikulutik 8.era.
  • III. kapitulua: Errejimen pribatua, 9. artikulutik 32.era.
  • IV. kapitulua: Errejimen publikoa, 33. artikulutik 57.era.
  • V. kapitulua: Kideei buruzkoa, 58. artikulutik 68.era.
  • VI. kapitulua: Karguak, 68. artikulutik 85.era.
  • VII. kapitulua: Batzarrak, 86. artikulutik 100.era
  • VIII. kapitulua: Administrazioa, 101. artikulutik 103.era.
  • IX. kapitulua: Enplegatuei buruzkoa, 104. artikulutik 106.era.
  • X. kapitulua: Jaiei buruzkoa, 107. eta 108. artikuluak.
  • Kapitulu gehigarria: 109. eta 110. artikuluak.
  • 1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin Bilbo udalerrian aisialdirako Elkarte bat sortu da, bere helburua bizilagunen arteko elkartasun eta adiskidetasun loturak ezartzea delarik (…) Jaun Goikua eta Lagi-Zarra lelo Bizkaitarrean dauden doktrinen jarraitzaileak direlarik.
  • 2. artikulua: Behin Bizkai-Batzar deituko den Bizkaiko Elkarte Orokorra sortu eta gero, bere estatutuak Arana ta Goiri'taŕ Sabinek idatziko ditu. Euskeldun Batzokijak hauek onartuko ditu (…).
  • 3. artikulua: Jainkoa. Bizkaia bere barne bizitzan eta gainontzeko herrialdeekin izango dituen harremanetan katolikoa-apostolikoa-erromanikoa izango da.
  • 4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia libreki berregituratuko da. Foruak deituriko bere usadiozko Legeak bere osotasunean berrezarriko ditu. Gure arbasoen jokamolde eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskaldun arrazako familiekin, osoki ez baldin bada, nagusiki berregituratuko da. Euskara hizkuntza ofiziala gisa adieraziko du.
  • 5. artikulua: Eta. Bizkaia erlijio eta politika ordena, jainkotiar eta gizatiar armonia perfektuaren gainean ezarriko da.
  • 6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarraren desberdintzea. Bizkaia erlijio eta politika ordena, elizkoi eta zibilaren arteko desberdintasun argi eta narbarmen batean ezarriko da.
  • 7. artikulua: Jainkoa Lagizarraren aurretik jartzea. Bizkaia politika erlijioarekiko baldintzarik gabeko menpekotasun batean dagoelarik ezarriko da, Estatua Elizaren mende.
  • 8. artikulua: Bizkaia, arrazaz, hizkuntzaz, fedez, izaeraz eta ohiturez, Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoarekiko anai delarik, sei herrialde hauekin Euskelerria (Euskeria) deitu ohi den osotasuna gauzatzeko lotu edo konfederatuko da, baina bere berezko autonomia murriztu gabe. […]
Bilbo, 1894ko uztailaren 14a

Jazarpena eta itxiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1895eko abuztuaren 14an Espainiako Agintaritzak Sabin Arana espetxeratu egin zuen. Horretarako abiapuntu gisa salaketa partikular bat oinarritzat hartu zuten, baina azken epaia jazarpen politiko giro bete-betean etorri zen. Sabin espetxeratu eta bi astetara Euskeldun Batzokija elkartea itxiarazi zuten, bai eta elkarte honetako Zuzendaritza Batzordeko gainontzeko bederatzi kideak espetxeratu ere. Gainera Euskeldun Batzokija elkarteko 100 bazkide ere prozesatu zituzten. Handik hamar egunera Bizkaitarra aldizkaria itxiarazi zuten.[6]

Funtsean Sabin Aranaren jazarpena bere ideia edo pentsamolde politikoearengatik izan zen: Espainiaren ohorea zalantzan jartzeagatik eta proiektu nazional alternatibo bat eskeintzeagatik, laburbilduz, "rebelión contra España" (euskaraz, Espainiaren aurkako matxinada) delitua leporatu zioten. Garai hartan abertzaleek ez zuten gatazka bortitzik sortu, aldiz beren ideiekin eta modu baketsuan espainiar nazio proiektuari aurre egin zioten. Sabin Arana sei hilabete espetxean egon eta isun ugari ordaindu behar izan zituen.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 68. orr.
  2. a b c d Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 69. orr.
  3. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 72. orr.
  4. (Gaztelaniaz)  Auñamendi Eusko Entziklopedia, Euskeldun Batzokiya, Euskomedia.rog], http://www.euskomedia.org/aunamendi/43239  .
  5. (Gaztelaniaz)  Auñamendi Eusko Entziklopedia, Araudia. Euskeldun Batzokiya, Euskomedia.rog], http://www.euskomedia.org/aunamendi/43239/31247  .
  6. Kintana 2007, Euzkadiren Aita (1865-1903). Jazarpena eta kartzela (1895-1896). Alderdi Sekretuko buru, 76-77. orr.
  7. Kintana 2007, Euzkadiren Aita (1865-1903). Jazarpena eta kartzela (1895-1896). Alderdi Sekretuko buru, 76-79. orr.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]