Joan Batista Azkonagerre
Joan Batista Azkonagerre | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Baiona, 1815eko ekainaren 7a | ||
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria | ||
Heriotza | Londres, 1899ko azaroaren 26a (84 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa euskara | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | idazlea, notarioa eta politikaria | ||
Jasotako sariak | |||
Joan Batista Azkonagerre Laxalde[1] edo, frantsesez, Jean-Baptiste Dasconaguerre (Baiona, Lapurdi, 1815eko ekainaren 7a – Londres, Erresuma Batua, 1899ko azaroaren 26a)[2] Euskal Herriko politikaria eta idazlea izan zen, euskaraz Atheka gaitzeko oihartzunak (1870) izenarekin ezagutzen denaren frantsesezko originalaren egilea.
Bizitza
Pasaian egin zituen oinarrizko ikasketak. Horiek bukatzean Parisera joan zen, Zuzenbidea ikastera. Karrerako ikasketekin batera, historian, filosofian eta hizkuntza modernoetan saiatu zen, eta Makaloff dukearen eta Chateaubrianden iloba baten eskutik literaturarekiko zaletasuna piztu zitzaion. Doktoregoa bukatzean, eta, Baionan egonaldi labur bat egin ondoren, notario jardun zuen Nafarroa Behereko Bastidan hasieran (1841-1861) eta Baionako Victor Hugo kaleko bulegoan, 1861-1884 bitartean. 1848an Mugerreko Marie Caroline Fagalderekin ezkondu zen, zeinekin zazpi seme-alabak izan zituen.
Azkonagerre politikaz ere arduratzen zen, behin baino gehiagotan Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko kontseilari nagusi hautatua irten baitzen Bastidako kantonamenduan, baita Baionan bizi zenean ere. Beste ohore batzuen artean, Frantziak Ohorezko Legioa (1867) eta Akademia aitzindari titulua (1870) eskaini zizkion. 1884an Azkonagerreri leporatu zitzaion diru iruzurra bere notario zereginetan, baina justiziaren aurrean agertu ordez atzerrira ihes egitea erabaki zuen. Badirudi denbora batez babesa bilatu zuela, bere bi semeekin, Afrikako iparraldean, baina azkenean Ingalaterran kokatu zen. Londresen hil zen 1899an.
Idazlanak
Azkonagerreren obrarik ospetsuena Les échos du Pas de Roland (Paris, 1867) da, euskaraz idatzitako nobela baten frantsesezko bertsioa balitz bezala aurkeztua («traduit du basque»). Horrelakorik ez zegoenez, gorriak ikusi omen zituen jatorrizkoa eskatu zitzaionean, frantsesez idatziaz besterik ez baitzegoen. Gorabehera askorekin, azkenean Vinsonen eta beste ezezagun baten laguntzarekin amaitu zen euskarazkoa: Atheka gaitzeko oihartzunak (1870). Hor ere ez zuen egia aitortu: «Irur urthe badu jadanik inprimatu ginuela liburutto hau, frantseserat itzuliz. Norbeitek galdegiten balu zertako haiñ sarri iguriki dugun hau inprima-arazi gabe, ihardetsiko ginioke iduri zitzaukula itzultze frantsesa errexki eta lasterrago saldu ginukela». Euskarazkoa frantsesez Parisen bi urtetan lau argitalpen izan ondoren eta gaztelaniazkoa ere (Baiona, 1867) argitaratu ondoren paratu zen.[3]
Beste bi liburu argitaratu zituen frantsesez, betiere Euskal Herriari era erromantiko batean begiratuz: Le Golfe de Gascogne (1880) eta Mendigor-Içareder. Récit Basque (1883).
Erreferentziak
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Foix Agerre, Oliber. (2018). «Jean-Baptiste Dasconaguerre: datu biografiko berriak» Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak 62 (2): 399-452. ISSN 0210-1564. (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
- ↑ Salaberri Muñoa, Patxi (2002), Iraupena eta lekukotasuna, Elkar.
Kanpo loturak
- «Azkonagerre», Literatura Zubitegia.
- Joseba AURKENERENA: Daskonagerre eta Lapurdiko atsotitz zaharrak (I)»[Betiko hautsitako esteka], Zuzeu, 2019-06-02.
- Joseba AURKENERENA: «J.B. Daskonagerre eta Lapurdiko atsotitz zaharrak (eta II)», Zuzeu, 2019-06-09.