Joan Batista Azkonagerre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joan Batista Azkonagerre
Kontseilu Orokorreko kide

Bizitza
JaiotzaBaiona1815eko ekainaren 7a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaLondres1899ko azaroaren 26a (84 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea, notarioa eta politikaria
Jasotako sariak

Literaturaren Zubitegia: 396

Joan Batista Azkonagerre Laxalde[1] edo, frantsesez, Jean-Baptiste Dasconaguerre (Baiona, Lapurdi, 1815eko ekainaren 7aLondres, Erresuma Batua, 1899ko azaroaren 26a)[2] Euskal Herriko politikaria eta idazlea izan zen, euskaraz Atheka gaitzeko oihartzunak (1870) izenarekin ezagutzen denaren frantsesezko originalaren egilea.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasaian egin zituen oinarrizko ikasketak. Horiek bukatzean Parisera joan zen, Zuzenbidea ikastera. Karrerako ikasketekin batera, historian, filosofian eta hizkuntza modernoetan saiatu zen, eta Makaloff dukearen eta Chateaubrianden iloba baten eskutik literaturarekiko zaletasuna piztu zitzaion. Doktoregoa bukatzean, eta, Baionan egonaldi labur bat egin ondoren, notario jardun zuen Nafarroa Behereko Bastidan hasieran (1841-1861) eta Baionako Victor Hugo kaleko bulegoan, 1861-1884 bitartean. 1848an Mugerreko Marie Caroline Fagalderekin ezkondu zen, zeinekin zazpi seme-alabak izan zituen.

Azkonagerre politikaz ere arduratzen zen, behin baino gehiagotan Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko kontseilari nagusi hautatua irten baitzen Bastidako kantonamenduan, baita Baionan bizi zenean ere. Beste ohore batzuen artean, Frantziak Ohorezko Legioa (1867) eta Akademia aitzindari titulua (1870) eskaini zizkion. 1884an Azkonagerreri leporatu zitzaion diru iruzurra bere notario zereginetan, baina justiziaren aurrean agertu ordez atzerrira ihes egitea erabaki zuen. Badirudi denbora batez babesa bilatu zuela, bere bi semeekin, Afrikako iparraldean, baina azkenean Ingalaterran kokatu zen. Londresen hil zen 1899an.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atheka-gaitzeko oihartzunak liburuaren lehenbiziko argitaraldiaren azala (Baiona, 1870).

Azkonagerreren obrarik ospetsuena Les échos du Pas de Roland (Paris, 1867) da, euskaraz idatzitako nobela baten frantsesezko bertsioa balitz bezala aurkeztua («traduit du basque»). Horrelakorik ez zegoenez, gorriak ikusi omen zituen jatorrizkoa eskatu zitzaionean, frantsesez idatziaz besterik ez baitzegoen. Gorabehera askorekin, azkenean Vinsonen eta beste ezezagun baten laguntzarekin amaitu zen euskarazkoa: Atheka gaitzeko oihartzunak (1870). Hor ere ez zuen egia aitortu: «Irur urthe badu jadanik inprimatu ginuela liburutto hau, frantseserat itzuliz. Norbeitek galdegiten balu zertako haiñ sarri iguriki dugun hau inprima-arazi gabe, ihardetsiko ginioke iduri zitzaukula itzultze frantsesa errexki eta lasterrago saldu ginukela». Euskarazkoa frantsesez Parisen bi urtetan lau argitalpen izan ondoren eta gaztelaniazkoa ere (Baiona, 1867) argitaratu ondoren paratu zen.[3]

Beste bi liburu argitaratu zituen frantsesez, betiere Euskal Herriari era erromantiko batean begiratuz: Le Golfe de Gascogne (1880) eta Mendigor-Içareder. Récit Basque (1883).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Foix Agerre, Oliber. (2018). «Jean-Baptiste Dasconaguerre: datu biografiko berriak» Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak 62 (2): 399-452. ISSN 0210-1564. (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  3. Salaberri Muñoa, Patxi (2002), Iraupena eta lekukotasuna, Elkar.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]