Aixeder errota

Koordenatuak: 43°21′09″N 2°33′11″W / 43.35260669°N 2.55309826°W / 43.35260669; -2.55309826
Wikipedia, Entziklopedia askea
Aixeder errota
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaIspaster
Koordenatuak43°21′09″N 2°33′11″W / 43.35260669°N 2.55309826°W / 43.35260669; -2.55309826
Map
Dimentsioak10 (diametro) m

Aixeder errota Ispasterko Soloaran auzoan dagoen eraikina da.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendixka baten tontorrean kokatua dago, Etxaburu izeneko parajean, San Martin ermitatik metro gutxira.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errotariaren etxe izandakoa, eta isilpeko txakolindegia XVIII mendean.

Horrelako beste errota batzuk ere badaude Bizkaian zehar, lehorte garai berberean eraikitakoak eta hura bukatzearekin batera bertan behera gelditutakoak. Epealdi labur honetakoak dira Getxoko Aixerrota, Artxandakoa edo eta Azpazar Abadiñon.

1723an izan zen lehorte larri hori, eta eskualdeko errota guztiak ezin funtzionaturik gelditu ziren. 1728an, hiru urte lehenago Artxandan eraikitako haize-errotaren ereduari jarraituz, horrelako bat egitea deliberatu zuten. Badirudi Pedro Bernardo Villarreal de Berriz ingeniariaren ekimenez eraiki zela, eta Jose Gizaburuaga abokatuak hartu zuen hura eraikitzeko eta ustiatzeko ardura.

Herritarrek, errota erabilera publikorako izango zelakoan, lursail egokiena opatu zioten, baita lanetarako ezinbestekoak ziren egurra eta harriak ere. Gizaburuagak beharginak kontratatu eta eraikuntza 1729an[2] burutu zuen. Monopolio baldintza hobezinak ziurtatuta, hura ustiatzeari ekin zion. Errotarekin batera errotariarentzako etxea ere eraiki zuten. Negozioak, baina, ez zuen abokatuak nahi zuen beste etekin eman eta galerak ekiditeko beste diru iturriak bilatu zituen, hala nola errotariaren etxean isilpeko txakolindegia ezartzea, herriko taberna bakarra zena eta 1731ean Ispasterko udalaren salaketa jaso zuena, bertan eten barik izaten ziren iskanbilengatik.[2]

1745ean prezipitazio egoera normaldu zenean haize errota erabilerarik gabe gelditu zen. Ondoren hegoak kendu zitzaizkion (haiekin norbait hil zelako[3]), barruko makineria saldu eta barnealdean etxebizitza bat eraiki zen, gaur egunera arte dirauena[4] eta 1990ean Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin berritu zena.[2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas aldetik zetozen haizeak aprobetxatzeko moduan egin zen. Hamar metroko altuera daukan kono moztu handia da, oinarrian 10 metroko diametroa dauka, 1,4 metro lodierako hormak[3] eta gailurrean zortzi metro, teilaz estalitako kono itxurako teilatua du. Beheko solairuak eta hiru pisuk osatzen dute; beheko solairuan garauak eta irina gordetzen ziren eta artoa eta garia ehotzen ziren.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sorondo, Antxon Aguirre. «Isparterko Aixeder errota (Bizkaia)» www.3digitala.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  2. a b c «Herri arkitekturaren lekuko» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  3. a b 1914-, Zubikarai, Augustin,. (1987). Ipazter. J. Fernandez Egiguren PMC 33157357. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  4. a b «Lea Artibai Turismoa - Aixeder Errota (Ispaster)» www.leaartibaiturismo.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]