Aldudeko mendigunea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aldudeko mendigunea
Mendigunearen ikuspegia Sorogainetik ekialdera
Datu orokorrak
Mendirik altuenaOrtzantzurieta
Garaiera1.567 m
Motamendikate
Geografia

Aldudeko mendigunea mendebaldeko Pirinioetako mendigune bat da, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherearen artean kokaturik dagoena. Paleozoikoko eta Triasikoko materialak azaleratzen dira bertan. Ortzantzurieta (1.567 metro), Adi (1.459 metro), Iturrunburu (1.332 metro) eta Hauza (1.305 metro) dira gailurrik garaienak.[1]

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldudeko mendigunean daude Euskal Herriko arrokarik zaharrenak, Paleozoikoaren hasierakoak zehazki.[2] Ordoviziarreko eta Siluriarreko kuartzitak eta eskistoak dira, Ortzantzurietan, Ibañetan eta Meatzeko lepoan azaleratzen direnak.[1]

Devoniarreko materialetan bi multzo bereizten ahal dira: Behe Devoniarreko hareharriak, kuartzitak, kareharriak eta dolomiak; eta Erdi eta Goi Devoniarreko tuparriak, kareharriak, eskistoak eta hareharriak. Menditxurin, Adin, Okoron, Albako harrian eta Luzaideren iparraldean ageri dira Devoniar periodoko arrokak.[1]

Saioan eta Erregerenan Karboniferoko materialak ikus daitezke: kareharriak, dolomiak, eta baita magnesitak ere. Horien gainean, eskistoak eta grauwakak tartekatzen dira (Kulm faziesa). Hauza mendiaren aldean Permiar garaiko bretxak, konglomeratuak, hareharriak eta limolitak daude. Azkenik, Triasikoko metakinak azaleratzen dira mendigunearen inguruan, Behe Triasikoko (Buntsandstein) konglomeratuak, hareharriak eta buztinak, batez ere. Erdi Triasikoko (Muschelkalk) kareharriak eta dolomiak, eta Goi Triasikoko (Keuper) buztin nabarrak eta igeltsuak, berriz, leku bakan batzuetan baino ez dira ageri.[1]

Mendigune osoko arrokak erabat tolestuak eta hautsiak dira, bi orogenia handien eraginez: Hertziniarra, Karboniferoaren amaieran gertatu zena, eta Alpetarra, Oligozenoaren bukaerakoa.[1]

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru arro nagusik egiten dute bat Aldudeko mendigunean. Ipar-ekialdeko isurialdeko urak Ozeano Atlantikoan itsasoratzen dira Errobi ibaiaren bitartez; hego isurialdekoak Mediterraneo aldera doaz, Arga, Erro eta Urrobi ibaien bidez; azkenik, ipar-mendebaldeko isurialdeko errekak Bidasoren adarrak dira, eta Kantauri itsasora isurtzen dira.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Quinto Real, Macizo de. Gran Enciclopedia de Navarra, enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
  2. Euskal Herriko geologia. Lur Entziklopedia Tematikoa, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
  3. Aldude Mendia. espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]