Edukira joan

Bidasoa

Koordenatuak: 43°22′22″N 1°47′31″W / 43.3728°N 1.7919°W / 43.3728; -1.7919
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidaso» orritik birbideratua)
Bidasoa
Datu orokorrak
Motaibai eta Ibai nagusi
Luzera68,4 km
Geografia
Map
Koordenatuak43°22′22″N 1°47′31″W / 43.3728°N 1.7919°W / 43.3728; -1.7919
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera710 km²
Arro hidrografikoaBidasoaren arro hidrografikoa
Ur-emaria25,6 m³/s
IturburuaErratzu
Bokalea
()
Bizkaiko golkoa (Hondarribia
Hendaia)

Bidasoa[1] (Baztanen Baztan ibaia deitua) Euskal Herriko ibaia da, Nafarroa Garaia, Gipuzkoa eta Lapurdi zeharkatzen dituena. Auza mendiaren magalean du iturburua, Erratzun, eta Kantauri itsasora isurtzen da Txingudiko badian. 68 kilometro luze da, eta 710 kilometro koadroko arroa dauka.[2]

Bidasoa ibaiaren ahoa, Hondarribiaaren eta Hendaiaren artean

Bidasoa Erratzun (Baztan) jaiotzen da, han elkartzen baitira Izpegi aldetik datorren Araneko erreka eta Auza mendiaren ekialdean sortutako Iñarbegi erreka. Azken horretan dago bere iturburu ezagunena: Xorroxin ur-jauzia. Hortik aurrera Baztan udalerria zeharkatzen du ipar-ekialde - hego-mendebalde norabidean, Oronoz-Mugairiraino.

Behin Baztan eskualdetik kanpora dagoela, Mugairiko zubian, Bidasoa izena hartzen du eta Bertizaranan (Oieregi, Narbarte, Legasa) sartzen da. Malerrekako Doneztebe udalerrian, Ezkurra ibaiko urak batu ondoren, iparralderantz biratu eta Sunbilla zeharkatzen du.

Handik Bortziriak eskualdean barneratu eta Beratik igarotzen da. Endarlatsan Nafarroa utzi ondoren, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga egiten du. Gero Irun zeharkatu eta azkenik Hondarribia eta Hendaia artean itsasoratzen da, Txingudiko badian.

Laiak eskultura Bidasoaren ondoan (Gabriel Narzabal, 1984)

Bidasoak bi ibaiadar nagusi ditu: Baztan eta Ezkurra. Zehazki hitz eginez, ibaiadar bakarra Ezkurra da, Baztan ibaia Bidasoa ibaia bera baita. Ibaia Baztan bailarako lurretatik pasatzen den bitartean, Baztan izena ere hartzen du.

Hona hemen ibaiadarren zerrenda osoa:

Bidasoaren emaria 1969-2018 bitartean neurtu da Endarlatsan, itsasoratu baino 10 kilometro lehenago.[3] Ibaiak 681 kilometro koadroko eremua drainatua du gune horretan, arro osoaren % 95. Urteko batez besteko emaria 25,6 m³ segundoko da. Emari handiena otsailean du (46,5 m³/s), eta txikiena, irailean (6,8 m³/s).

Bidasoaren batez besteko emariak (/s), Endarlatsan neurtuak
Datuak: 1969 eta 2018 artean

Irun eta Hendaia artean, Nazioarteko zubiak eta Santiago zubiak zeharkatzen dute ibaia, Ipar eta Hego Euskal Herria elkarlotuz.

Bestela, ibaiaren bidean aipatzekoak dira Erreparatzeako zubi erromanikoa (Oieregi), Zubizaharra (Sunbilla) eta San Miguel zubia (Bera).

Bidasoa ibaia Beran
Sunbillako Zubizaharra
Erreparatzeko zubi erromanikoa (Oieregi)


Portuak eta ontziak Bidasoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitzina, Bidasoa itsasora heltzen zeneko gunea zingiradi eta hondartzaz osatua zen. Baziren portuak, Hondarribikoa, adibidez ontziak hartzen zituztenak, baina ziur aski itsasaldien arabera lan egin behar bide zuten[4]. Irunen gaur egun galdu diren portuak baziren, antza, eta ibaian gora ere bazen gehiagorik. IV. mendean Chronographus anni 354 idazlanak azaltzen duenez, Bidasoa Montoia porturaino zen nabigagarria ibaian gora, Beran (10 kilometro inguru).[5]

XVII. mendeko agirien arabera, Bidasoan zehar ontzi eta gabarrak zebiltzan gutxienez Bera udalerrira arte. Ibaiak emari gutxi zuen garaieretan Ondozka ibiltzen ziren ontziak, hau da, idiek ibaian zehar tiratzen zuten eta beharrezkoa zenean ontzira bertara igotzen ziren, gune sakonagoetan aurrera egiteko[4]. Beste idazki batzuetan ikus daiteke merkataritzako produktuak Lesakaraino ere igotzen zirela XIII. mendean.

Bidasoan arrain espezie hauek bizi dira : izokina (Salmo salar), itsas amuarraina (Salmo trutta morfo trutta), kolaka (Alosa alosa), itsas lanproia (Petromyzon marinus), aingira (Anguilla anguilla), korrokoia (Chelon labrosus), platuxa latza (Platichthys flesus), ibai-amuarraina (Salmo trutta morfo fario), zarboa (Gobio lozanoi), lotrea (Barbatula quignardi), txipa (Phoxinus bigerri) eta burtaina (Cottus aturi). Haiez gain, orain dela 30-40 urte loina (Parachondrostoma miegii) ibaiaren behealdean sartua izan zen eta gorantz hedatzen ari da.

Txingudiko paduretan arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) ugaltzen da.

Arrantzari dagokionez amuarraina eta izokina dira espezierik estimatuenak

Amuarraina, Bidasoa ibaian ugaria eta estimatua zena, egoera latzean dago orain, industriaren eta gehiegizko arrantzaren ondorioz[4][6]. Hori dela eta, arrantza mugatu eta populazioa igotzeko mekanismoak ezarri ziren martxan, arrakasta mugatuarekin[7][8].

Sakontzeko, irakurri: «Lehenbiziko (izokina)»

Izokinaren arrantzak garrantzi handia izan du Bidaso behereko herrien historian. Itsasotik zetozen izokinen igoera oztopatzeko nasak jartzen ziren ibaian: lurrean zutoin lodi batzuk sartu eta zutoinen artean, zeharka, zume abarrak paratzen ziren. Nazak zirela eta, herrien arteko istilu ugari izaten zen, dokumentu zaharrek erakusten dutenez.[9]

XX. mendean izokinaren populazioa asko gutxitu zen. Mendearen erdialdean, urte hoberenetan, 200 edo 300 izokin harrapatzen ziren; eta mende amaieran, dozena batzuk besterik ez.[10] Hori dela eta, arrain haztegietako izokinez populazioa indartzeko proiektuak martxan dira[6]. Bidasoa ibaian urteko lehenbiziko izokin arrantzatuari lehenbiziko deritzo.

Izokin arrantzaren bilakaera Bidasoan
Datuak: 1980 eta 2021 artean[11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Bidasoa izena deklinatzean honela egin behar da: Bidasoa, Bidasoan, Bidasoarekin..., baina Bidasoko, Bidasotik, Bidasora... Era berean, izen horrek bere azken -a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean. Adibidez: Bidaso maitea, Bidaso osoan, gure Bidaso hau...» (Andres Iñigo, Euskaltzaindiko Onomastika batzordeburua: «Ibai izenen erabilera zuzenaz: Bidasoa», 2010-07-26)
  2. Río Bidasoa. chcantabrico.es (Noiz kontsultatua: 2022-3-6).
  3. Estación 1106: Río Bidasoa en Endarlaza. ceh.cedex.es (Noiz kontsultatua: 2022-3-6).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Ciriquiain-Gaiztarro, M.. «Bidasoa» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  5. (Gaztelaniaz) Urzainqui, Tomás. (1998). La Navarra marítima. Pamiela, 201 or. ISBN 84-7681-284-1..
  6. a b Estonba Mintxero, Mikel. «Bidasoa ibaia» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  7. (Gaztelaniaz) Gutierrez, Natxo. «Pescadores piden repoblar el río Bidasoa con trucha autóctona» Diario de Navarra (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  8. (Gaztelaniaz) «La densidad de alevines de trucha se triplicó en 2016 con respecto al año anterior» El Diario Vasco 2017-01-11 (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  9. Jakes Casaubon: Izokin arrantzaren historiaz, Bidasoa ibaian, XIV. mendetik XX. mendera
  10. Iberiar penintsulako izokin ibaien atlasa. Ekolur.
  11. Harrapaketen jarraipena denboraldiz denboraldi. Arrantza egitea Nafarroan, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-3-6).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]