Hilario Olazaran

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alejandro María Olazaran» orritik birbideratua)
Hilario Olazaran
Bizitza
Jaiotza Lizarra1894ko otsailaren 9a
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Iruñea1973ko ekainaren 29a (79 urte)
Jarduerak
Jarduerak musikagilea
Izengoitia(k) Hilario Olazaran
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordena Anaia Txiki Kaputxinoen Ordena

Alejandro María Olazaran Salanueva, erlijio-izena Hilario Olazaran de Estella (Lizarra, 1894ko otsailaren 9a - Iruñea, 1973ko ekainaren 29a), nafar kaputxinoa, organo-jotzailea, musikagilea, musikologoa eta piano, txistu eta danbolineko irakaslea izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alejandro María Olazaran Lizarran jaio zen 1894ko otsailaren 9an. Sorterrian solfeo eta piano ikasketak egin zituen, eta harmonia Iruñean eta Donostian. 1917. urtean apaiztu ondoren, Baztango Lekarozko ikastetxera igorri zuten. Han ezagutu zuen Aita Donostia, eta lagun minak egin ziren.[2] Harekin egin zituen konposizio ikasketak.

Baztan inguruko doinuen aberastasunaz ohartu zelarik, eta aberastasun hori lekuan lekuko txistulariek bakarrik gordetzen zutela jabetu, txistua jotzen ikastera deliberatu zen. Izan ere, txistulari haietako anitz desagertzear zeuden eta, beraz, doinuak ere. Ikasi eta irakatsi: Leitza, Larraun eta Baztango dantzak biltzen ari zen bitartean, txistua erakusteko lehenbiziko metodoa sortu zuen: El txistu, lo que es y cómo se toca,[2] 3 argitalpen izan dituena (1927, 1932 eta 1955). 1925. urtean eman zuen argitara Nafarroako folklorean oinarrituriko Mutil-Dantza de Baztán pianorako obra.

Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Txilera alde egin behar izan zuen halabeharrez. Txistua eraman zuen noski, eta jendea elizara biltzeko jotzen omen zuen, eta prozesioetan ere berak jartzen omen zuen musika. Txistuari "tutuca" deitzen zioten han, izen bereko musika tresnaren antzekoa delako. Irudimen izugarria omen zuen, eta gai omen zen ipuinak asmatzeko pianoa edo organoa jotzen zuen bitartean. Horrek sekulako sona eman zion Txilen, eta pianoak lagundurik ipuinak kontatzen zituen Concepcióngo eta Valparaísoko irratietan.[2]

1963an itzuli zen Euskal Herrira. 1968an, Tratado de txistu y gaita de Estella argitaratu zuen. 1971. urtean, omenaldi bero bat eskaini zitzaion Lizarrako pilotalekuan, eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko domina eman zioten.[1] Iruñean hil zen, 1973ko ekainaren 29an.

Obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abesbatzetarako obrak (Done Bartolometan, Oración a la Virgen del Puy), txistu eta danbolinerako obrak (Eguberria, Mixintxo, Litxu, Txoriak, Arkaitzak, Edurne), pianorako obrak (Baile de la era de Estella, Ingurutxo, Infantiles, Gimnasia Lecároz, Danzas del Baztán, Dantza-Soñu, Yoku-Dantzak), organoan jotzekoak (Piezas para órgano), gaitarakoak (Tratado de gaita de Estella) eta mezak (Misa de difuntos eta beste bi meza) idatzi zituen. Harena da, halaber, Mendigoizaleak lan ezaguna.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Sagardia Sagardia, Ángel, Sánchez Ekiza, Karlos. Olazaran Salanueva, Alejandro María. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus Noiz kontsultatua: 2020-10-13.
  2. a b c Txistularien omenaldia Aita Olazarani. Euskaldunon Egunkaria, 1994ko uztailak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus Noiz kontsultatua: 2020-10-13.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]