Amaro del Rosal
Amaro del Rosal | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Amaro del Rosal Díaz |
Jaiotza | Avilés, 1904ko abenduaren 29a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Madril, 1991ko otsailaren 5a (86 urte) |
Hobiratze lekua | Madrilgo hilerri zibila |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | sindikalista |
Kidetza | Unión General de Trabajadores |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Espainiako Alderdi Komunista Espainiako Langile Alderdi Sozialista |
Amaro del Rosal Díaz (Aviles, Asturias, 1904ko abenduaren 29a - Madril, 1991ko otsailaren 5a) espainiar sindikalista eta idazlea izan zen.
1920rako Gazteria Sozialistetako kide zen, ideologia komunista zuen Ehun Umeen Taldea zeritzan taldekoa. Espainiako Alderdi Sozialistan sartu zenerako (1933), UGT sindikatuko aspaldiko kidea zen. Bere alderdiaren barruan, Francisco Largo Caballerori jarraituz, Ezker Sozialismoa izeneko joeraren alde egin zuen, Julián Besteiroren talde sozialdemokrataren aurka. 1934an kartzelan sartu zuten, Asturiasko mugimendu iraultzailea piztu zenean, UGTko batzorde nazionalean parte hartzeagatik. Han, Santiago Carrillo ezagutu zuen, eta elkarrekin jardun zuten Ezker Sozialismoa edukiz hornitzen. 1936an, Frente Popularraren garaipenaren ondoren, kartzelatik atera zenean, Largo Caballeroren mugimenduari atxiki zitzaion. Urtebete geroago, ordea, haren aurkako korronte kritikoa sortu zuen, erradikalismo faltsua leporatzen baitzion. Espainiako Gerra Zibila amaitutakoan, erbesteratu egin behar izan zuen, eta Frantzia, Maroko eta Mexikon bizi izan zen. 1948an Espainiako Alderdi Komunistan sartu zen, UGTko kide izateari utzi gabe. Erbesteko aldian langileen mugimendua aztertu zuen, eta azterketa horren emaitza dira ondorengo liburuok: Los congresos obreros internacionales del siglo XIX (1953, XIX. mendeko nazioarteko langileen batzarrak), Los congresos obreros internacionales del siglo XX (1963, XX. mendeko nazioarteko langileen batzarrak), eta La violencia: enfermedad del anarquismo (1976, Indarkeria: anarkismoaren gaitza). 1977tik 1978ra bitartean, Historia de la UGT (UGTren historia) bildumaren hiru aleak argitaratu zituen. 1976an, Espainiara itzulirik, Alderdi Sozialistako Pablo Iglesias Fundazioarekin elkarlanean aritu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.