Andrés Rodríguez Pedotti
Andrés Rodríguez Pedotti | |||
---|---|---|---|
![]() | |||
← Alfredo Stroessner - Juan Carlos Wasmosy Monti → | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Andrés Rodríguez Pelotti | ||
Jaiotza | Borja, 1923ko ekainaren 19a | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Heriotza | New York, 1997ko apirilaren 21a (73 urte) | ||
Heriotza modua | : gibeleko minbizia | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria | ||
Jasotako sariak | |||
Zerbitzu militarra | |||
Adar militarra | Paraguaiko Armada | ||
Gradua | Jeneral | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Colorado alderdia |
Andrés Rodríguez Pedotti (Borja, 1923ko ekainaren 19a - New York, 1997ko apirilaren 21a) paraguaiar militar eta politikaria izan zen. 1989-1993 bitartean Paraguaiko presidentea izan zen.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikasketa militarrak egin zituen, eta tenienteorde izendatu zuten 1946an, koronel 1964an eta, azkenik, jeneral izatera iritsi zen 1970ean. Partido Colorado alderdiko joera tradizionalistaren jarraitzaile izan zen, eta 1947an alderdi haren legezko gobernuaren alde agertu zen, matxinatuen kontra. Alfredo Stroessner lehendakariaren (1954-1989) laguntzaile-taldeko kidea izan zen, eta gudarosteko guda-talde aurreratuenaren buruzagia.
1989an Stroessner lehendakari eta aitaginarreba bere kargutik eraitsi zuen estatu-kolpea zuzendu zuen. Urte hartan bertan Errepublikako lehendakari izendatu zuten, Partido Colorado alderdiaren oniritziarekin. Behin-behineko lehendakari zela, giza eskubideak errespetatuko zituela eta demokraziarako prozesua bideratuko zuela agindu zuen, besteak beste; gobernu-taldea osatu eta diktadurak legez kanpo utzitako alderdiak legeztatu zituen, eta ordura arte debekatuta egondako zenbait komunikabide berriro zabaltzea onartu zuen.
Rodríguez izan zen, bestalde, Iberoamerikako Merkatu Bateratua (Mercosur) bultzatu zuen politikarietako bat. Bere agintaldian konstituzio berria idatzi zen, 1992an indarrean jarri zena. Hurrengo urtean, 1993an, Rodríguezek bere alderdikide Juan Carlos Wasmosyren esku utzi zuen bere kargua, eta gudarostean erretiroa hartu ondoren, hil arteko senatari izendatu zuten.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.