Anschluss

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alemaniar tropak Vienan 1938ko martxoaren 14an

Anschluss (alemanez «lotura»), Anschluss Österreichs ere deitua, Alemania naziak egindako Austriaren anexioa izan zen, 1938ko martxoaren 15ean gauzatu zena. Adolf Hitlerek desiratutako Alemaniaren hedapenaren urrats bat izan zen gertaera hau, 1935ean, plebiszitu baten ostean, Sarre eskualdea bereganatu ostean. Geroagokoak izan ziren Sudeteen auzia (1938ko urria), Txekoslovakiaren inbasioa (1939ko martxoa) eta Poloniaren inbasioa (1939ko iraila), Bigarren Mundu Gerra abiarazi zuena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz naziak, Arthur Seyß-Inquart buru, anexio honen alde aspaldian ari ziren, Frantzia eta Ingalaterrako oposizioak hainbat urtez galarazi zuen Alemania eta Austriaren arteko batasuna. Alemaniaren presioa zela-eta, tentsio politiko handiko garaia izan zen Austrian. Kurt Schuschnigg gobernu buru austriarrak horrelakorik nahi ez bazuen ere, Hitlerrek behartu zuen Seyss-Inquart Barne ministro izenda zezan. Austriaren independentziari eusteko azken ahalegin gisa, Schuschniggek Anschluss-ari buruzko erreferenduma iragarri zuen. 1938ko martxoaren 10ean, Hitlerrek Schuschnigg kargua uztera behartu zuen eta Seyss-Inquarten gobernu berria ezarriz batera, Alemaniako armadako blindatuak sartu ziren Austrian. Martxoaren 12an Viena hartu eta 15ean, Hitlerrek berak aldarrikatu zuen Vienan Anschluss-a. 1938ko apirilaren 10ean eginiko erreferendumean, austriarrek Reicharekiko batasunaren aldeko botoa eman zuten (%99,73).

Anschluss-ak erantzun eskasa izan zuen nazioartearen. Lehen Mundu Gerrako aliatuek protesta diplomatikoak soilik egin zituzten, Anschluss-aren aurkako inolako neurri zehatzik hartu gabe, nahiz eta, berez, Versaillesko Ituna betearaztearen arduradun ziren, zeinak Austria eta Alemaniaren batasuna debekatzen zuen. Austriak 1945eko apirilaren 27an berreskuratu zuen independentzia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anschluss Aldatu lotura Wikidatan