Antzorizko kobak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antzoriz II eta IV kobazuloak; Santa Katalina baseliza; eta Lekeitioko itsasargia.
Antzoriz II eta IV kobazuloak; Santa Katalina baseliza; eta Lekeitioko itsasargia.

Antzorizko kobak Lekeition (Bizkaia) daude, izen bereko lurmuturrean, Santa Katalina baselizaren azpikaldean. Haietako batean dago Santa Katalina / Antzoriz I aztarnategi arkeologikoa.[1]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzoriz lurmuturra Otoio mendiak itsas aldera dituen labarretan dago, Lekeitioko iparraldean, herritik 1,5 kilometrotara. Bertan daude Santa Katalina baseliza, Lekeitioko itsasargia eta Antzorizko kobak, itsasora begira.[1]

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde ikuspegi batetik, Lekeitio Bizkaiko iparraldeko Antiklinorioan dago, hain zuzen antiklinal horren ipar-ekialdean, Nabarniz-Aulestiako egiturari dagokion eremuan. Inguru horretan azaleratzen diren Mesozoikoko arlo sakonetan, nabarmenak dira Behe Kretazeoko material karbonatatuak. Hau ageri-agerikoa da Antzoriz lurmuturrean, eta bertan aurkitzen diren kobazulo kopuru handiarekin lotua dago.

Kobazuloak lurmuturraren egitura geologikoari esker sortu dira: kareharri urgoniar paraarrezifalak, multzoka estratifikaturik, pitzadura eta tolesdura ugariekin, bai estruktura nagusiekiko paralelo doazenak zein hauekin perpendikular edo zeihar geratzen direnak. Harpeak karstean dauden orientazio ugariko tolesdura eta urradura horien norabidean irekiak daude.[1][2][3]

Antzoriz I edo Santa Katalina kobazuloaren sarrera 2007an.
Antzoriz I edo Santa Katalina kobazuloaren sarrera 2007an.

Karakterizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzoriz lurmuturrean gutxienez zortzi kobazulo daude, izendapen desberdina jaso izan dutenak. Jarraian aipatzen ditugun erreferentziak ADES Espeleologia Elkartearen katalogokoak dira.

Antzoriz I / Santa Katalina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izendapenak: N.324 Santa Catalina I (GEV[4]); N.4 Santa Catalina I (Inst. Tecnológico GeoMinero[2]); IS-008 Antzoriz I / Santa Katalina (ADES[5]).
  • Deskribapena: 130 metrotako garapen horizontala du, eta 11 metrotako desnibela; ardatz nagusia E-M norabidean doa, baina kareharriaren egiturak I-H norabideko ardatzak ere ireki ditu, estuagoak, kobazuloaren galeria sareari laberintu karratu itxura emanez.
  • Historia: kobazuloa gizakiaren bizileku izan zen Madelein eta Azildar aroetan (duela 10.000-15.000 urte), eta besteak beste bertan Europako arrantzaren testigantza zaharrena aurkitu da. Aztarnategia Jose Miguel Barandiaranek aurkitu zuen 1964ean, eta Arribas eta Berganza arkeologoen taldeak industu zuen 1982tik 2000ra.[1]
Antzoriz II kobazuloa (Lekeitio).
Antzoriz II kobazuloa (Lekeitio).

Antzoriz II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izendapenak: N.3 Santa Catalina IV (Inst. Tecnológico GeoMinero[2]); IS-009 Antzoriz II (ADES[5])
  • Deskribapena: kobazuloak 33 metrotako garapen horizontala du, eta 15 metrotako desnibela; galeria nagusia I-HE norabidean dago, eta alde batean kanpora ematen duten lau leihatila ditu; beste aldean, berriz, mendian barneratzen diren galeria estuak daude; haietako batetik gela txiki bateraino ailega daiteke.
  • Historia: kobazuloa antzinatik ezaguna bada ere, lehen esplorazioa eta topografia Instituto Tecnológico GeoMineroko kideek egin zuten 1988an;[2] 2015ean ADES Espeleologia Elkarteko kideek eguneratu zuten, prezisioko topografia teknikak erabiliz.[5]
Antzoriz III kobazuloa (Lekeitio). 2015 urteko topografia.
Antzoriz III kobazuloa (Lekeitio). 2015 urteko topografia.

Antzoriz III[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izendapena: IS-015 Antzoriz III (ADES).
  • Deskribapena: 91 metrotako garapen horizontala du, eta 20 metrotako desnibela; galeria meandriformea da, itsasoaren bufadek eragindako haize korronte handiekin. Bi sarrera ditu, meandroaren maila desberdinetan, eta batetik bestera igarotzeko sokak erabili behar dira. Maila sakonenean putzu bertikal bat itsasoraino jeisten da, eta gorengo mailetan espeleotema ugari daude.
  • Historia: Lekeitioko haur batzuen lekukotasuna jaso eta gero, ADES-eko kideek 2007an lokalizatu zuten; esplorazioa eta topografia 2015ean burutu zuten.[5]
Antzoriz IV leizearen sarrera. Goian, Lekeitioko itsasargia.
Antzoriz IV leizearen sarrera. Goian, Lekeitioko itsasargia.

Antzoriz IV[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izendapena: IS-016 Antzoriz IV (ADES).
  • Deskribapena: 17 metrotako garapen horizontala du, eta 15 metrotako desnibela; leizea arrakala baten fabore sortua da, eta Antzorizeko lurmuturra alderik alde zeharkatzen du, itsasargiaren azpitik. Hondoa bloke handiz betea dago, eta zatirik handienean urak hartua.
  • Historia: ADES-eko kideek 2007an lokalizatua, eta 2015an esploratua eta topografiatua.[5]

Antzoriz V[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izendapena: IS-114 Antzoriz V (ADES).
  • Deskribapena: sarrerak leihatila forma du; 3 metro inguru barneratzen da, horizontalki, 285º norabidean; amaieran arrakala estu batek jarraitzen du. Hormak garbi, ia espeleotema barik.
  • Historia: ADES-eko kideek 2018an katalogatua eta esploratua.[6]

Antzoriz VI[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izendapena: IS-115 Antzoriz VI (ADES).
  • Deskribapena: sarrera 230º norabidean bada ere, segituan ia 90º eskuinera egiten du. 0,8 mtako diametroko zilindro forman, hodiak goraka egiten du sedimentuz gero eta beteago; estuasun baten ostean gela txiki bat ikusten da, eta hortik aurrera esploratu gabe dago.
  • Historia: ADES-eko kideek 2018an katalogatua eta esploratzen hasia.[6]

Kokapen ezezagunekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobazulo hauek katalogatuta daude, baina gaur egunean haien kokapen zehatza ez da ezagutzen:

  • Izendapena: N.1 Santa Catalina III (Inst. Tecnológico GeoMinero[2]).
  • Izendapena: N.885 Santa Catalina II (GEV[4]); N.2 Santa Catalina II (Inst. Tecnológico GeoMinero[2]).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d BERGANZA GOCHI, Eduardo. ARRIBAS PASTOR, José Luis.. (2014). «La intervención arqueológica en el yacimiento de la cueva de Santa Catalina. Pp:7-24. In. BERGANZA, ARRIBAS et alii. 2014. La Cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): La intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos.» Kobie Serie BAI 4 (monografikoa, 392 pp). (Bilbo).
  2. a b c d e f AYALA CARCEDO, Francisco Javier. FERRER GIJÓN, Mercedes. MARTINEZ PLÉDEL, Bruno. RAMÍREZ TRILLO, Federico. CISNEROS MACHO, Manuel. GRAO DEL PUEYO, José A.. (1988). Estudio de riesgos geológicos asociados al karst de Lequeitio (Vizcaya).. Instituto Tecnológico Geominero de España..
  3. GOROSABEL, Oier. URRUTIA, Martin.. (2017). «Armintxe: korapilo arkeologikoa, hidrogeologikoa eta diplomatikoa.» Karaitza (Oñati) (24): 46-55..
  4. a b Nolte, Ernesto. (1968). Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya.. Bizkaiko Foru Aldundia.
  5. a b c d e «Antzorizen oporretan (Lamiña D'Or)» http://actualid-ades.blogspot.com.es (Noiz kontsultatua: 2018ko maiatzaren 25a).
  6. a b «Antzoriz V eta VI» http://actualid-ades.blogspot.com.es (Noiz kontsultatua: 2018ko maiatzaren 25a).