Arantza Idiazabal Gorrotxategi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arantza Idiazabal Gorrotxategi

Bizitza
JaiotzaGaintza1945eko otsailaren 22a (79 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta Euskaltzain urgazleen zerrenda
Bilboko Euskaltzaindiaren egoitza, Arantza Idiazabal Gorrotxategi 1967an euskaltzain urgazle izendatu zuten

Arantza Idiazabal Gorrotxategi (Gaintza, Gipuzkoa, 1945ko otsailaren 22a) irakaslea eta urgazlea izan da. Urtetan, Errenteriako Orereta Ikastolako irakasle taldean ibili zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967ko abuztuaren 25ean.[1][2]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantza Idiazabal Gorrotxategi, Orereta ikastolako lehen andereñoa izan zena, 1945ean jaio zen,[2] halabeharrez, Gaintzan (Gipuzkoa). Izan ere, ama irakasle zuen eta hango eskolara joan behar izan zuen familia osoarekin lanera. Bi anai-arreba ditu: Mikel eta Itziar.

Irakasle ikasketak egin zituen. Haiek amaitu baino lehen, Orereta ikastolan hasteko hitza eman zuen. Garai hartan, herrian kezka handia zegoen haurren hezkuntzaren gainean. Eskola adinean ziren hainbat haurren guraso eredu berri baten bila zebiltzan. Donostian eta Pasaian martxan ipini zituzten ikastolen entzutea ere bazuten: euskarazko hezkuntza eskaintzen zuten eta eredu pedagogiko berritzaileak. Oreretan ere halako zerbait eskaini nahi zieten herriko haurrei. Horiexek izan ziren ikastolaren, eta euskarazko hezkuntzaren sortzaileak.

Talde hartako partaide bat zuen aita, Bittor Idiazabal, herrian euskararen eta kulturaren alde lan handia egin zuena. Egindako guztiaren oroimenez kale batek bere izena darama.[3]

Lan ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak bukatu ondoren, Karmele Esnalekin egin zituen praktikak. Berarekin, eskolak emateko eta haurrak ikusteko beste modu, erabat berritzailea, ezagutu zituen. Ikasitakoa, Oreretako ikastolako lehen andereñoa izan zenean, praktikan jarri zuen.

Dozena pasatxo haurrekin hasi zen lanean 1963an “Pio Etxeberriarenean”, Santa Klara kalean, gero Eguzki jatetxea zegoen etxean. Horixe izan zen Orereta ikastolaren sorrera. Kontuan izan behar da, garai hartan, herriko gainerako ikastetxe guztiek gaztelaniaz soilik ematen zituztela eskolak eta hezkuntza oso zuzendua eta tradizionala zela. Kalean, gainera, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zen.

Pionetik Añabitarteko eraikuntzara iritsi arte bide luzea egin behar uzan zuten eta makinatxo bat lekutatik pasatu ziren, Madalen kaleko pisu batean, Galtzarabordan, Aita Kaputxindarren komentuan, Iztietako elizan eta Juan Olazabelen egon baitzen ikastola.

Hurrengo urteetan, ikastola hazten zihoan heinean, herriko gainerako ikastetxeak euskara sartzen hasi ziren, pixkanaka. Lehenik, A eredukoak ziren eskola guztietan zenbait talde B eredura pasa zituzten. Ondoren, D eredua zabaltzen hasi zen, gaur egun gure eskolek egiten duten eskaintza lortu arte.

Gaur egun, erretiratuta dago, ikastolan 42 urtez lanean aritu ondoren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. irudia, Komunikazioa eta. «Idiazabal Gorrotxategi, Arantza» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  2. a b «Toponimia :: Errenteriako Udala» ondarea.errenteria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  3. (Gaztelaniaz) De, Callejero. «Bittor Idiazabal Kalea en Guipúzcoa» Callejero De España (Noiz kontsultatua: 2024-02-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]