Arantzurde

Arantzurdea Hystricomorpha subordenako zenbait ugaztun karraskarien izen arrunta da. Izena azalean dituzten arantza luzeetatik dator baina hori ez dagokio inolako ezaugarri taxonomikori, izenak euren artean loturarik ez duten bi familia hartzen baititu: Erethizontidae familia (Amerikako arantzurdeak) eta Hystricidae familia (Europa, Afrika eta Asiakoak)[1].
Izenak kontrakoa dioen arren, ez dute inolako loturarik urdeekin (Artiodactyla ordenakoak). Trikuekin eta ekidnekin ere ez dira nahasi behar, azken hauek karraskariak ez baitira.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hystricomorpha subordenako 58 espezieren izen arrunta da arantzurdea. Bi familiatan banatzen dira arantzurde espezieok; Erethizontidae eta Hystricidae. Hona hemen konparaziorako arantzurde batzuen irudiak:
-
Hystrix cristata (Europa, Afrika, Ekialde Hurbila).
-
Hystrix africaeaustralis (Afrika hegoaldea).
-
Atherurus macrourus (Asia hego-ekialdea).
-
Coendou prehensilis (Amazonas).
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arantzurde espezie gehienak nahiko animalia handiak dira baina espezietik espeziera asko aldatzen da tamaina. 60-90 cm arteko luzera izaten dute eta 20-25 cm-ko isatsa. Espezierik txikiena Hego Amerikako Coendou quichua da, kilogramo bateko pisura iristen ez dena, handiena berriz Hystrix cristata da, Afrikan, Europa hegoaldean bizi dena, 27 kilogramoko pisua har dezakeena. Orokorrean esanda Europa eta Afrikako espezieak handiagoak dira eta arantzak multzokatuta dituzte. Hego eta Erdi Amerikako espezieak aldiz txikiagoak dira oihanean bizitzera moldaturik baitaude, eta zuhaitzetara igotzen oso trebeak dira[1]. Arantzak banan-banan ateratzen zaizkie[2] eta animalia bakoitzak 30.000 arantza baino gehiago izan ditzake[1]. Jaioberritan arantzak bigunak dira, ia ilearen antzekoak, baina egun gutxiren buruan gogortzen hasten dira eta helduek arantza gogor zorrotzak izaten dituzte.
Arantzurdeak animalia borobilduak dira, arantza luzeak dituzte atzerantz orientaturik eta aposematismo estrategiak erabiltzen dituzte babesteko. Espeziearen arabera kolore desberdina dute, baina orokorrean marroixkak, grisak eta zuriak izaten dira.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzurdeak luze bizi dira, karraskarien artean bizi iraupen luzeena badute behintzat. Errekorra Cooper izeneko arantzurde batek ezarri zuen, 32 urte betetzera heldu baitzen[3].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ipar Amerikako arantzurdea belarjalea da. Zuhaitzetara igo eta hostoak eta adaxkak jaten ditu, zoruan belarra eta landare loredunak ere jaten ditu, hirusta esate baterako. Zuhaitz enborren azalak janez igarotzen du negua[1].
Afrikar arantzurdea beti lurrean bazkatzen da, belarra, azala, sustraiak, fruituak eta zerealak jaten ditu. Animalia gautarra da[4].
Babesa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arantzurdeak ikusmena, usaimena eta soinua erabiltzen ditu harrapariak uxatzeko. Arantzurdea bezala, haren harrapariak ere gautarrak dira eta haren kolore gris-zuriek ongi kamuflatzen dute inguruneko belardietan.
Mehatxaturik sentitzen denean arantzak zabaltzen ditu eta hortzak karraskatzen ditu harrapariari hurbildu ez dadila adierazteko. Ondoren gorputzari dar-dar eginarazten dio, arantzak astinduz eta harrapariari arriskua nabarmenduz.[5] Aurreko guztiak harraparia uxatzen ez badu usain desatsegina jariatzen du isatsaren azpian duen larruazaleko guruin batetatik[6].
Azken urratsa arantzurdeak alboz edo atzerantz jotzen du harrapariari eraso egiteko. Arantzek eragindako zauriak arriskutsuak dira eta hilgarriak ere izan daitezke. Espezie bakoitzak arantzen diseinu desberdina du, baina izaeraz antzekoak dira; azaleko giharretan txertatzen diren keratinazko plaka sendoak. Galtzen diren arantzak ordezteko arantza berriak sortzen ditu arantzurdeak[7].
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima epeleko eta tropikaleko eremuetan aurkitzen dira. Basoetan eta oihanetan bizi dira batzuk, beste batzuk basamortuetan eta Mundu Zaharreko arantzurde gehienak ingurune harkaiztsuetan[1], 3.700 metroko altueran ere bai.
Gizakiarekiko harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arantzurdea munduko hainbat tokitan ehizatzen da haragitarako eta apainketarako.
Mendebaldean ez dago arantzurdea kontsumitzeko ohiturarik baina Asia aldeko hainbat herritan elikagaitarako harrapatzen da, Vietnam aldean bereziki. Inguruko arantzurdeen populazioa nabarmen jaitsi da azken urteetan[8]. Kenyan izurria izatera iritsi dira eta jateko ehizatzen hasi dira[9].
Ameriketako jatorrizko herrialdeek apainketarako erabiltzen zituzten arantzurdearen arantzak. Buruko apainketa egiteko nagusiki baina baita ere larruzko objektuak edertzeko ere, labana zorroak eta larruzko zakuak esate baterako. Lakota emakumezkoek quilwork izeneko apaingarriak eraikitzeko erabiltzen zituzten arantzak.
Libertarianismo iparramerikarrarentzako animalia sinbolikoa da, babesa adierazten baitu eta biolentzia gabeko printzipioak esleitzen baitizkiote[10].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Ingelesez) «Porcupines | National Geographic» Animals 2010-09-10 (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ (Ingelesez) Save the Animals, Save the World! - WAF. 2022-11-15 (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ (Ingelesez) Correspondent, Caroline Enos Globe; March 19, Updated; 2020; Comments, 4:34 p m Share on Facebook Share on TwitterView. «Cooper the porcupine, believed to be world’s oldest rodent, celebrates 32nd birthday at the Museum of Science - The Boston Globe» BostonGlobe.com (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ «North American Mammal - Porcupine | Natural History Museum of Los Angeles» web.archive.org 2014-06-07 (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ Roze, Uldis. (2009). The North American porcupine. (2nd ed. argitaraldia) Comstock Pub. Associates/Cornell University Press ISBN 978-0-8014-4646-7. PMC 297406421. (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ (Ingelesez) Li, Guang; Roze, Uldis; Locke, David C.. (1997-12-01). «Warning Odor of the North American Porcupine(Erethizon dorsatum)» Journal of Chemical Ecology 23 (12): 2737–2754. doi:. ISSN 1573-1561. (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ David Attenborough. (2014). Attenborough's Natural Curiosities 2. Vol. Armoured Animals. UKTV..
- ↑ (Ingelesez) Brooks, Emma G. E.; Roberton, Scott I.; Bell, Diana J.. (2010-11-01). «The conservation impact of commercial wildlife farming of porcupines in Vietnam» Biological Conservation 143 (11): 2808–2814. doi:. ISSN 0006-3207. (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ (Ingelesez) Porcupines raise thorny questions in Kenya. 2005-08-19 (kontsulta data: 2022-12-13).
- ↑ «The Libertarian Party Symbol» www.symbols.com (kontsulta data: 2022-12-13).