Kenya

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Kenyako Errepublika
Jamhuri ya Kenya (sw)
Republic of Kenya (en)
Bandera Armarria
Goiburua: Harambee
(Batera lanean)
Ereserkia: Ee Mungu Nguvu Yetu
(O kreazio guztiaren Jainkoa!)
Hiriburua
eta hiri handiena
Nairobi
Hizkuntza ofiziala(k) swahilia, ingelesa
Herritarra kenyar[1]
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Uhuru Kenyatta
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1963ko abenduak 12 
Azalera
 -  Guztira 580,367 km2 (48.)
 -  Ura (%) 2,3
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019[2]) 49.364.325 (28.)
 -  2012ko[3] errolda 38.610.097
 -  Dentsitatea 78 bizt./km2 (124.)
Dirua kenyar txelin (KES)
Ordu-eremua EAT (UTC+3)
Aurrezenbakia 254
Internet domeinua ke

Kenya[1] (ˈkɛɲa), ofizialki Kenyako Errepublika (swahiliz: Jamhuri Ya Kenya; ingelesez: Republic of Kenya) Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da. Iparraldean Etiopia du, Somalia ekialdean, Indiako ozeanoa hego-ekialdean, Tanzania hegoaldean, Uganda mendebaldean, eta Hego Sudan ipar-mendebaldean. Hego-mendebaldean Victoria aintzira du, Uganda eta Tanzaniarekin partekaturik. 580.367 kilometro koadroko eremua hartzen du,[4] eta 49,3 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Hiriburua Nairobi da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenia Ekialdeko Afrikan dago, 5°N eta 5°S latitudeen artean, eta ekialdeko longitudeko 34° eta 42° artean. Iparraldean Etiopiarekin du muga, ekialdean Somaliarekin, hego-ekialdean Indiako ozeanoarekin, hegoaldean Tanzaniarekin, mendebaldean Ugandarekin, eta ipar-mendebaldean Hego Sudanekin.

Munduko estatu luze-zabalenetan 48.a da, Frantziaren tamainakoa gutxi gorabehera (580.367 kilometro koadro), eta Indiako ozeanoaren ertzeko eremu lauetatik (536 kilometroko kostaldea dauka) barnealdeko mendiguneetara hedatzen da. Rift Haran Handiak erdialdeko mendigunea erdibitzen du. Inguru horretan daude Afrikako hiru mendirik garaienak: Kenya (5.199 metro, Kenyan), Elgon (4.321 metro, Ugandan) eta Kilimanjaro (5.895 metro, Tanzanian). Mendebaldean Kakamega oihana dago, ekialdeko Afrikako oihan tropikalaren erlikia. Hala ere, Mau oihana zabalagoa da. Mendebaldean, Uganda eta Tanzaniarekin mugan, Victoria aintzira dago, Nilo ibaiaren iturburuetako bat.

Klima tropikala du kostaldean (beroa eta hezea) eta lehorra barnealdean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonizazio aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkana aintziraren aldamenetan aurkitutako aztarnek gizakia orain dela 2.600.000 urte horietan bizi izan zela frogatzen dute. Lurralde horri buruzko dokumentu zaharrenetan agertzen denez, Kenya kostaldeko hiri asko arabiarrek sortu zituzten. X. mende inguruan, bantuek hartu zuten bizilekua barrualdean; haien artean kikuyu herria nabarmendu zen. Kostaledeko arabiarrek merkataritza harremanak sortu zituzten inguruetako bantu taldeekin. Bi kultura horien arteko topaketan sortu zen swahili kultura, batasuneko bi elementuak agertuz: swahili hizkuntza et Islam erlijioa.

Erdi Aroan, kikuyu nekazariak, bantu taldekoak, lurraldeko gizatalde indartsu eta hedatuena bihurtu ziren. Hala ere, haien agintea kolokan jarri zen masai abeltzain talde nilotikoa XVI. mendean Kenya inbaditu zuenean; masai herria iparraldean kokatu zen, Somalia ondoan. 1505ean, portugaldarrek Mombasa konkistatu zuten, baina geroago Zanzibarko sultanak mendean hartu zuen itsasertza berriro; esklabo, urre, eta boli salerosketan jardun zuen, harik eta XIX. mendearen bukaeran, piraten nagusigoari amaiera eman behar zitzaiolako aitzakiaz, britainiarrek lurralde osoa hartu zuten arte.

Garai koloniala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ekialdeko Afrika Britainiarra» eta «Kenya Britainiarra»
Kenya–Uganda burdinbidea Mombasatik gertu, 1899 aldean.

1848an heldu ziren lehenbiziko alemaniar misiolariak; Rabain hartu zuten bizitokia, Mombasatik gertu. 1885. urtean, Berlingo Konferentzian, europar nazioen aginpidearen mugak ezartzeko egin zen bileran, Erresuma Batuaren esku utzi zen lurraldea, eta Ekialdeko Afrikako Britainiar Konpainiari eman zitzaion hango merkataritzaren monopolioa. Zuri iritsi berriek bertako populazioak aldarazi zituzten barnealdeko eremu emankorretatik, plantazio nekazaritzan ezartzeko. Kikuyuak bertan hasi ziren lanean, lurralde osoan barreiatutako nekazari guneetan. Masaiak, aldiz, bakartuagoak geratu ziren, haien ohiturei gaur arte eutsiz.

1902an, Britainiar Konpainiak burdinbide bat eraiki zuen Mombasako portuaren eta Victoria aintzirako lur emankorren artean; era horretara britainiarrei lurraldean sartzeko bidea erraztu zitzaien. 1920an, Britainia Handiak protektoratua kolonia bihurtu eta Kenya Britainiarra deitu zuen. 1952an, beltzen eta zurien arteko desberdintasun ekonomikoak eta sozialak zirela-eta, Mau-Mau ezkutuko elkartea matxinatu zen, kikuyu etniako Jomo Kenyatta buruzagi zela; gerrak 1960 arte iraun zuen. Britainiarrek gogor zapaldu zituzten matxinatuak eta Kenyatta atxilotu zuten, baina lurraldearen autonomia onartu behar izan zuten 1961ean. 1963. urteko abenduaren 12an Britainia Handiak Kenyaren independentzia onartu zuen. Ondorengo urteetan, estatuak harreman onak eduki zituen Erresuma Batuarekin, eta britainiar sistema administratiboaren antzekoa ezarri zuen.

Kenya independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jomo Kenyatta izan zen lehenbiziko lehendakaria, eta 1978an, hura hil zenean, Daniel Arap Moik hartu zuen lehendakari kargua. Kenyatta hil ondoren kikuyu eta luo etnien artean gerra zibila piztuko zen beldurra zabaldu zen, baina ez zen halakorik gertatu; dena dela, Kenyako historiaren ezaugarri nagusietakoa etnien arteko liskar amaigabea da. Arap Moik bere aurretik agintari izandakoaren politika eta ekonomia moderatua bideratu zuen hasieran, baina 1982an alderdi bakarreko estatu bihurtu zuen Kenya eta neurri zorrotzak hartu zituen, gobernu autoritario eta antidemokratikoa ezarriz.

Kontrako mugimendu eta kritika asko jaso zituen, lurren kudeaketaren inguruko ustelkeria salaketak batez ere, eta 1991. urtearen amaieran atzerriko laguntza ukatu zioten nazioarteko finantza erakunde nagusiek eta mendebaldeko herrialdeek, Moi lehendakaria berrikuntza politiko eta ekonomikoak egitera behartzearren. Hala, alderdi politikoak onartu ziren eta hauteskundeak egin ziren 1992an. Alderdi anitzeko lehenengo hauteskunde haietan Moi eta haren alderdia, KANU (Kenyako Afrikar Batasun Nazionala), izan ziren garaile, gehiengoz, oposizioaren baitan zatiketa handiak zeudelako. Baina hauteskunde haiek etnien arteko gatazka odoltsuak piztu zituzten, batez ere oposizioko kikuyuen kontra. Milaka pertsonak ihes egin behar izan zuten beren herrietatik eta ehunka hildako izan ziren.

Gobernuak ustelkeriaren kontrako neurri gogorrak hartu zituen, nazioarteko presioaren eraginez, baina inflazio izugarria, langabezia areagotzea eta zerbitzu publikoen murrizketa ekarri zuten neurri horiek. Gorabeherak gorabehera, 1998ko hauteskundeetan ere Arap Moi izan zen garaile, eta legebiltzarrerakoetan haren alderdiak irabazi zuen. Urte haietan, giza eskubideen kontrako eraso ugari salatu ziren: demokraziaren aldeko ikasle mugimenduari eraso zitzaion; 1997ko abuztuan 450 pertsonatik gora atxilotu zituzten. 1998ko udaberrian, garbiketa etnikoko ekintzen barruan, ehun nekazari kikuyu hil zituzten Rift Haranean.[5] Urte bereko abuztuaren 7an, 224 pertsona hil ziren, Nairobiko estatubatuar enbaxadaren aurka Al Kaidak egin zuen atentatuan.[6][7]. 2002an, konstituzioak ezarritako agintaldi muga zela eta, Moi ezin izan zen hauteskundeetan aurkeztu, eta bere ondorengo Uhuru Kenyattari eman zion babesa. National Rainbow Coalitionek, oposizioko alderdi asko biltzen zituen koalizioak, irabazi zituen 2002ko hauteskunde demokratikoak eta Mwai Kibaki izendatu zuten presidente.

Kibakiren agintaldian, ustelkeriako eskandalu handiak izan ziren, eta baita enfrentamendu gogorrak ere, presidenteak bultzatutako konstituzio berriaren proiektuaren aurkakotasunez, botere handia ematen baitzion hark presidenteari. 2005eko azaroan egindako erreferendumean, atzera bota zen proiektu hori. 2007ko abenduko hauteskundeetan, Mwai Kibaki lehendakaria eta oposizioko alderdi nagusiaren hautagaia Raila Odinga ziren lehiakide nagusiak. Odingak irabazi behar zuela zirudienean, Kibaki nagusitu zen boto zenbaketan. Oposizioak iruzurra salatu zuen, eta europar begiraleek hala ziurtatu zuten; manifestazio handiak egin ziren eta Odingak herriaren lehendakari izendatu zuen bere burua eta botoak berriz zenbatzea eta Kibakik gobernua uztea eskatu zuen. 2008ko otsailean amaitu zen krisialdi hori, gobernuak eta oposizioak agintea erdibanatzeko akordioa lortu zutenean.[8]

2010eko abuztuan, kenyarrek baiezkoa eman zioten konstituzio berriari erreferendumean.[9] 2011ko urrian, AEBek bultzatuta, Kenyako tropak Somalian sartu ziren Al-Shabab talde islamistaren aurka egiteko.[10] Uhuru Kenyattak irabazi zituen 2013ko presidentetzarako hauteskundeak, botoen %50,03ko babesarekin; Raila Odinga aurkariak "irregulartasunak" salatu zituen.[11] Kenyako armadak Somalian egiten zituen operazioen erantzun gisa, Nairobiko Westgate merkataritza gunearen aurkako erasoa egin zuen Al-Shababek 2013ko irailean; 72 lagun hil ziren.[12] 2014an, berriz, kenyar kristauen kontrako erasoak egin zituzten Al-Shababeko kideek Mandera eskualdean: autobus bateko 28 bidaiari hil zituzten azaroan,[13] eta harrobi bateko 36 langile abenduan.[14] 2015eko apirilaren 2an, 147 pertsona hil ziren Al-Shababek Garissako unibertsitatearen aurka egindako erasoan.[15]

Uhuru Kenyattak irabazi zituen 2017ko abuztuko presidentetzarako hauteskundeak, baina Auzitegi Gorenak emaitzak baliogabetu zituen, irregulartasunak izan zirelako.[16] Urriaren 26an errepikatu ziren, eta orduan ere Kenyatta nagusitu zen; oposizioko NASA alderdiak, ordea, boikota egin zien bozei, abstentziora deituta, eta parte hartzea ez zen %40ra iritsi.[17]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenyako Errepublika estatu burujabea eta Commonwealth erakundeko kidea da 1963az geroztik, eta errepublika 1964az geroztik. Indarrean dagoen 2010eko konstituzioaren arabera, presidentea da estatuburua eta gobernuburua. Parlamentuak bi ganbera ditu: Senatua (67 kide) eta Nazio Biltzarra (349 kide).[4]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko konstituzioak aldatu zuen Kenyako banaketa administratiboa. Ordura arte, zortzi mikowa edo probintzia zeuden: Erdialdea Kostaldea, Ekialdea, Nairobi, Ipar-ekialdea, Nyanza, Rift Harana eta Mendebaldea. 2013tik aurrera, berriz, 47 konderri autonomotan dago banaturik herrialdea.

Kenyako konderriak
Konderria Lehengo probintzia Eremua
(km2)
Biztanleria
(2009)[18]
Hiriburua
1 Mombasa Kostaldea 212,5 939.370 Mombasa
2 Kwale Kostaldea 8.270,3 649.931 Kwale
3 Kilifi Kostaldea 12.245,9 1.109.735 Kilifi
4 Tana River Kostaldea 35.375,8 240.075 Hola
5 Lamu Kostaldea 6.497,7 191.539 Lamu
6 Taita–Taveta Kostaldea 17.083,9 284.657 Mwatate
7 Garissa Ipar-ekialdea 45.720,2 623.060 Garissa
8 Wajir Ipar-ekialdea 55.840,6 661.941 Wajir
9 Mandera Ipar-ekialdea 25.797,7 1.025.756 Mandera
10 Marsabit Ekialdea 66.923,1 291.166 Marsabit
11 Isiolo Ekialdea 25.336,1 143.294 Isiolo
12 Meru Ekialdea 6.930,1 1.356.301 Meru
13 Tharaka-Nithi Ekialdea 2.409,5 365.330 Kathwana
14 Embu Ekialdea 2.555,9 516.212 Embu
15 Kitui Ekialdea 24.385,1 1.012.709 Kitui
16 Machakos Ekialdea 5.952,9 1.098.584 Machakos
17 Makueni Ekialdea 8.008,9 884.527 Wote
18 Nyandarua Erdialdea 3.107,7 596.268 Ol Kalou
19 Nyeri Erdialdea 2.361,0 693.558 Nyeri
20 Kirinyaga Erdialdea 1.205,4 528.054 Kerugoya / Kutus
21 Muranga Erdialdea 2.325,8 942.581 Muranga
22 Kiambu Erdialdea 2.449,2 1.623.282 Kiambu
23 Turkana Rift Harana 71.597,8 855.399 Lodwar
24 West Pokot Rift Harana 8.418,2 512.690 Kapenguria
25 Samburu Rift Harana 20.182,5 223.947 Maralal
26 Trans-Nzoia Rift Harana 2.469,9 818.757 Kitale
27 Uasin Gishu Rift Harana 2.955,3 894.179 Eldoret
28 Elgeyo-Marakwet Rift Harana 3.049,7 369.998 Iten
29 Nandi Rift Harana 2.884,5 752.965 Kapsabet
30 Baringo Rift Harana 11.075,3 555.561 Kabarnet
31 Laikipia Rift Harana 8.696,1 399.227 Rumuruti
32 Nakuru Rift Harana 7.509,5 1.603.325 Nakuru
33 Narok Rift Harana 17.921,2 850.920 Narok
34 Kajiado Rift Harana 21.292,7 687.312 Kajiado
35 Kericho Rift Harana 2.454,5 752.396 Kericho
36 Bomet Rift Harana 1.997,9 730.129 Bomet
37 Kakamega Mendebaldea 3.033,8 1.660.651 Kakamega
38 Vihiga Mendebaldea 531,3 554.622 Vihiga
39 Bungoma Mendebaldea 2.206,9 1.375.063 Bungoma
40 Busia Mendebaldea 1.628,4 743.946 Busia
41 Siaya Nyanza 2.496,1 842.304 Siaya
42 Kisumu Nyanza 2.009,5 968.909 Kisumu
43 Homa Bay Nyanza 3.154,7 963.794 Homa Bay
44 Migori Nyanza 2.586,4 917.170 Migori
45 Kisii Nyanza 1.317,9 1.152.282 Kisii
46 Nyamira Nyanza 912,5 598.252 Nyamira
47 Nairobi Nairobi 694,9 3.138.369 Nairobi
581.309,0 38.610.997 Nairobi

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kikuyu etniako emakumea

49,3 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %39 dira, 15-24 urte bitartekoak %19,6, 25-54 urte bitartekoak %34,3, 55-64 urte bitartekoak %4 eta 65 urtetik gorakoak %3,1.[4]

Kenya da azken hamarkadetan biztanle kopuruan igoera handienetakoa izan duen munduko herrialdeetako bat; jaiotza tasa garaia du (milako 22,6 2018an)[4], eta heriotza tasa murrizten ari denez, oso nabarmena da hazkundea. Horrek arazoak sortzen ditu biztanleen beharrak asetzeko (lurra, bizitokia, lana, hezkuntza, zerbitzuak, etab.), eta baliabideetan oso aberatsa ez izaki, kinka larrian jarri du Kenyako ekonomia. Demografiaren gorabeherez gainera, eragina izan du somaliar iheslari saldoen iritsierak (300.000 baino gehiago 2017an).[4] Dena dela, bizi itxaropena 64,6 urtera iritsi da (2018ko zenbatespena),[4] eta alfabetatuta dauden biztanleen zenbatekoari dagokionez, Afrikako beste herrialdeen batez bestekotik gora dago (%78 inguru zeuden alfabetaturik 2015ean, eta 1960an %20 bakarrik ziren).[4]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenya bertako biztanleak dira nagusi, baina 100 talde etnikotik gora bereizten dira. Bantu multzoko etniak dira handienak. Etnia banaketa, 2014ko zenbatespenaren arabera, hau da: kikuyuak %17,2, luhyak %13,8%, kalejinak %12,9, luoak %10,5, kambak %10,1, somaliarrak %6,2, kisiiak %5,7, mijikendak %5,1%, meruak %4,3, turkanak %2,6, eta masaiak 2,2.[4] Ugaritasun horrek komunikazio arazoak sortzen ditu biztanleen artean.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesa eta swahilia dira herrialdeko hizkuntza ofizialak, beste mintzaira asko egiten badira ere.

Erlijioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristauak %83 dira (protestanteak %47,7, katolikoak %23,4, beste kristauak %11,9), musulmanak %11,2, erlijio tradizionalen jarraitzaileak %1,7, eta erlijiorik gabeak %2,4 (2009ko zenbatespenak).[4]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Safariek erakarrita, turismoa asko garatu da Kenyan.

Ekialdeko Afrikako ekonomia, finantza eta garraioaren erdigunea da Kenya. 2010eko hamarkadan asko hazi zen BPG erreala, urtean %5 baino gehiago, batez beste. 2014tik aurrera, errenta ertain baxuko herrialdetzat hartzen du Munduko Bankuak. Beti ere, gobernantza ahulak eta ustelkeriak oztopatutu dute garapen ekonomikoa. Langabezia %40 ingurukoa zen 2013an.[4]

Nekazaritza da ekonomiaren oinarria (barne produktu gordinaren %34,5, langileen %61 inguru); lurra da, hain zuzen ere, natura baliabide nagusia. Bertako lurren %11 inguru da nekazaritzarako egokia, baina kenyar nekazariek beren beharrak asetzeko adinako uzta baino ez dute ateratzen, laboreak bereziki (artoa), eta klimaren gorabeheren mende dago uzta. Kafea eta tea ere egiten dira, baina esportaziorako. Gai horien esportazioa da, hain zuzen ere, herrialdeko diru iturri nagusietako bat: munduko bigarren te-esportatzailerik handiena da Kenya.

Meatzaritza ere garrantzi handiko jarduera da, eta turismoak indar handia izan zuen 1990eko hamarkadaren hasieran, baina denborarekin behera egin du turismoak, inguruko herrien lehiaren eraginez eta Kenya barneko liskar politikoen ondorioz bereziki. Industria Afrikako ekialdeko beste herrialde batzuetan baino aurreratuagoa da, baina oraindik oso ahula da (barne produktu gordinaren %17,8 2017an). Erregai gisa erabiltzeko energia iturririk eza da gabezia nagusietako bat. Erabateko mendekotasuna du atzerriko inbertsio eta laguntzekiko, erregaiak lortzeko batez ere. Inbertsioak erakartzeko ahaleginak ez ezik, saio bereziak egin dira energia kanpotik inportatu behar ez izateko. Gobernuak energia alternatiboak ekoizteko bideak bilatu ditu; horrela, energia geotermikoa ekoizten da, eta ekoizpen hori areagotzeko ahaleginak egiten ari dira.[20] Kanpo zor handia du, eta presio demografikoarekin batera, kalte handia egiten dio horrek bertako ekonomiari.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query..

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b c Report for Selected Countries and Subjects (valuation of Kenya GDP), International Monetary Fund, imf.org
  3. Kenya 2009 Population and housing census highlights, knbs.or.ke, web.archive.org-en gordea
  4. a b c d e f g h i j Kenya The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-8-6.
  5. Research Directorate, Immigration and Refugee Board, Canada Kenya: Ethnic fighting between Kikuyu and Kalenjin in the Rift Valley (1998-1999) Canada: Immigration and Refugee Board of Canada, 1999ko abuztuak 3, refworld.org . Noiz kontsultatua: 2019-08-08.
  6. Atentatuen ondorioz 67 hil eta mila zauritu baino gehiago izan dira Euskaldunon Egunkaria 1998ko abuztuak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-08.
  7. Nairobi recuerda a las víctimas del atentado contra la embajada de EEUU 20 años después Agencia EFE, 2018ko abuztuak 8, efe.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-08.
  8. Kenyako Gobernuak eta oposizioak akordioa lortu dute boterea partekatzeko Berria egunkaria, 2008ko otsailak 28, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-13.
  9. Kenyarrek Konstituzio berriaren alde egin dute erreferendumean Gara egunkaria, 2010eko abuztuak 6, gara.naiz.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-12.
  10. Gutxienez 30 lagun hil dituzte Kenyan, saltoki gune bateko erasoan Berria egunkaria, 2013ko irailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-12.
  11. Uhuru Kenyatta izango da Kenyako presidente Berria egunkaria, 2013ko martxoak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-12.
  12. Kenyak Somaliatik tropak atera ezean, Al-Shababek eraso gehiago egingo ditu Berria egunkaria, 2013ko irailak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-12.
  13. Kenyan autobus bateko 28 bidaiari hil dituzte tiroz Berria egunkaria, 2014ko azaroak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-12.
  14. Kenyako segurtasun buruak kargutik kendu dituzte, sarraski baten ondoren Berria egunkaria, 2014ko abenduak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-12.
  15. Rodriguez, Mikel Gutxienez 147 lagun hil dituzte Kenyako unibertsitate batean Berria egunkaria, 2015eko apirilak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-13.
  16. Kenyako hauteskundeak baliogabetu ditu Gorenak Berria egunkaria, 2017ko irailak 1, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-13.
  17. Kenya bozen emaitzen zain da, protesta, hildako eta genozidio akusazio artean Berria egunkaria, 2017ko urriak 29, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-13.
  18. Kenya: Administrative Division citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2019-8-14.
  19. Kenya: Cities, Municipalities, Towns & Urban Centers citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2019-08-06.
  20. Kenia lider de la energía geotérmica en África Fundación Sur, 2019ko maiatzaren 24a, africafundacion.org . Noiz kontsultatua: 2019-08-15.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kenya Aldatu lotura Wikidatan