Artadi kantauriar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Udalatx mendiaren magala artadiak estaltzen du.

Artadi kantauriarra Kantauri itsasoko ertz guztian aurkitzen den baso mota bat da, zuhaitz nagusia izena ematen dion artea (Quercus ilex) duena. Hezetasun handiko eremuan geratzen diren mediterranear eremuko uharte txikiak osatzen ditu[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kareharrizko arroketan sustraituriko basoa da, hostoiraunkorreko zuhaitzez osaturik dagoenez beti berde egoten dena. Antzina izan ziren garai beroago eta lehorrago batzuen lekuko dira baso txiki hauek, ingurunearen hezetasun maila igo ahala hobeto egokituriko landaretzak ordezkatu duena. Eremu karstikoan ezarrita daude zuhaitzak, izan ere lurzoru eskasa edo lurzoru gabe egonik urak ihes egiten baitu maldan behera edo arroka barnera eta eremu hori ingurukoa baino lehorragoa izaten da[1].

Lauro nobilis-Quercetum ilicis landaretza elkartearen barnean kokatzen da[2] eta zuhaitz nagusia artea (Quercus ilex) da. Basoa bera adarrez korapilaturik aurkitzen da eta ez da erraza izaten zeharkatzea. Erramua (Laurus nobilis) eta gurbitza (Arbutus unedo) ere aurkitzen dira sarri arte zuhaitzen tartean. Artadiko zuhaitzek gehienez 8-10 metrotako altuera hartzen dute[3].

Oihanpea oso itxia izaten da, batez ere zuhaitzek uzten dituzten soilguneetan. Zuhaixka esklerofiloek landaretza itxia osatzen dute. Gartxu hostozabala (Phillyrea latifolia), karraskila (Rhamnus alaternus), sasi-arrosa (Rosa sempervirens), erratza (Ruscus aculeatus), elorri zuria (Crataegus monogyna), zuhandorra (Cornus sanguínea), arbustua (Ligustrum vulgare) eta aranondoa (Prunus spinosa) agertzen dira besteak beste[3].

Euskal Herriko artadi kantauriarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat adibide aurkitzen ditugu euskal kostaldean, eta toponimoek ere horrela adierazten dute. Urdaibai inguruan aurkitzen dira, besteak beste Arteagan, Zumaiako Artadi auzoko artadia ere aipagarria da. Kostadetik kanpo ere aurkitzen da alerik, esate baterako aipagarria da Arrasateko Udalatx mendiaren magalean zabaltzen den artadia[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Encinar Cantábrico | Ayto. de Escalante. 2014-11-12 (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  2. (Gaztelaniaz) «Encinares cantábricos (Lauro nobilis-Quercetum ilicis) 2 Aulagares con tojos (Ulici europaei-» 1library.co (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  3. a b «Urdaibai.org. Urdaibaiko Galtzagorriak» www.urdaibai.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  4. «Udalatxeko igoerak — Mondragon Turismoa» www.arrasate.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]