Augusto Ibáñez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Titín III.a

Titín III.a, Adarraga pilotalekuan, berak esku huskako pilotara ekarri zuen boleiboleko jauzia eginez.
Izen osoa: Augusto Ibáñez Sacristán
Jaiotza data: 1969ko urtarrilaren 13a (55 urte)
Jaioterria: Tricio, Errioxa (Espainia)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,80 m
Pisua: 86 kg
Debutatze data: 1992ko irailaren 13a
Debutatze pilotalekua: Baños de Río Tobía
Erretiratze data: 2014ko urriaren 5a
Erretiratze pilotalekua: Adarraga

Augusto Ibáñez Sacristán, pilota arloan Titín III.a goitizenaz ezaguna (Tricio, Errioxa, 1969ko urtarrilaren 13a) esku huskako pilotari profesional ohia eta politikaria da.

Esku huska, aurrelari jokatzen zuen, Asegarcerekin lehenik, Asperekin gero. Estatistika ofizialen arabera, 1,80 metro luze da, eta 86 kg pisatzen zuen. Estreinako partida 1992ko irailaren 13an jokatu zuen, Baños de Río Tobíako (Errioxa) pilotalekuan. 2014ko urriaren 5ean erretiratu zen, 22 urtez profesional izan eta gero.[1] Iraultza ekarri zuen esku huskako pilotara. Ordu arte askoz estatikoagoa zen aurrelarien jokoari, Titinek bestelako molde bat ekarri zion: erasokorra, airez asko sartzekoa (hala erasorako nola defentsarako), bizia, abiadura handikoa, guztiz ikusgarria.[2] Augusto Ibañez inoiz ez zen jo luzeko pilotaria izan, baina oso nabarmenak izan ziren beti haren defentsa (izan ere, zango arinak zituen, eta boleibolean ikasia zuen eran lurrera botaz jauzi egiten zuen pilotaraino iristeko) eta airez erremate zehatzak egiteko ahal ikusgarria.[3] Nahiz hedapen handieneko txapelketa garrantzitsuenean, nahiz herri txiki-txiki bateko jaietako partidetan, beti jokatzen zuen ahal betean, bere onena ematen saiatzen zen beti. Pilotazaleen maitasuna ekarri zion horrek guztiak, eta pilotazaletasuna piztu zuen Errioxan: Titin profesional mailara iristean ahulaldi sakonean sartuta zebilen esku huskako pilota profesionala lurralde hartan, eta profesional izateari utzi zionerako bera idolotzat hartuta hazitako errioxar gazte ugari ari ziren profesionaletan (Merino I.a eta II.a, Cecilio Valgañón, Gorka eta Víctor Esteban...).

2014ko urriaren 5ean erretiratu zen profesionaletatik, Logroñoko Adarraga pilotalekuan egin zioten omenaldiarekin.[4] Hala ere, pilotan jokatzen jarraitzen du, nahiz eta maila apalagoan aritu, Garfe enpresarekin.[5][6]

Politikari gisa, Espainiako Alderdi Popularreko zinegotzi izan zen Logroñoko Udalean, 2011tik 2015era bitartan.[7] 2012ko maiatzean, zeresan handia eman zuen Arnaldo Otegirekin batera Logroñoko espetxean ateratako argazkiak, Alderdi Popularrak Euskal Herriko ezker abertzalearekiko harremanak etenda baitzituen garai hartan.[8][9][10]

Kirol lorpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1992/1993ko binakako txapeldunordea.
  • 1993/1994ko binakako txapelduna
  • 1997ko lau eta erdiko txapeldunordea.
  • 2000ko binakako txapelduna.
  • 2003ko lau eta erdiko txapeldunordea.
  • 2004ko binakako txapelduna.
  • 2007ko lau eta erdiko txapelduna
  • 2008ko binakako txapeldunordea
  • 2012ko binakako txapelduna.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Luismi CÁMARA: «El pelotari se transformó en mito», La Rioja, 2014-10-05.
  2. (Gaztelaniaz) Isabel VIDARTE: «Aspe renueva a Titín III hasta el 30 septiembre del 2014», Aspepelota.com webgunea, 2013-09-18.
  3. «Titin III.a iraultzailea», ETB 1, 2014-10-04.
  4. (Gaztelaniaz) «Titín dice agur» El Correo 2014-10-05 (Noiz kontsultatua: 2020-07-19).
  5. (Gaztelaniaz) Europa Press. «Titín III y Saralegi lideran la nueva plantilla de pelotaris de la empresa Garfe para la temporada 2016» Teinteresa.es (Noiz kontsultatua: 2020-07-19).
  6. (Gaztelaniaz) «Augusto Ibáñez, 'Titín III', pelotari: “Creo que desde que nací no había estado tanto tiempo lejos del frontón”» La Rioja 2020-04-05 (Noiz kontsultatua: 2020-07-19).
  7. (Gaztelaniaz) «Beitia y Prudencio Induráin logran su escaño en el Parlamento», Libertad Digital, 2011-05-24.
  8. «Otegi eta PPko zinegotzi Titin III.a, elkarrekin kartzelan», Berria, 2012-05-23.
  9. (Gaztelaniaz) «El pelotari Titín III, con Otegi en la cárcel de Logroño», Larioja.com, 2012-05-23.
  10. (Gaztelaniaz) «El concejal del PP y pelotari Titín III visita a Otegi en la prisión de Logroño», El Mundo, 2012-05-23.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Augusto Ibáñez Aldatu lotura Wikidatan