Aurora (mitologia)
| Aurora (mitologia) | |
|---|---|
| Antzinako Erromako erlijioa | |
| Ezaugarriak | |
| Sexua | emakumezkoa |
| Baliokideak | Eos, Zorya (en) |
| Domeinua | egunsentia |
| Familia | |
| Aita | Hiperion |
| Ama | Tea |
| Seme-alabak | Aquilon (en) |
| Anai-arrebak | Sol (en) |
Aurora, goiz-argia pertsonifikatzen duen jainkosa da erromatar mitologian. Eguzkiaren iristea iragartzeko zerutik hegan doan emakume zoragarri bat da: Bere anai-arrebak Eguzkia eta Ilargia dira. Senar eta seme-alaba ugari eduki zituen. Bere seme-alabetako lau iparraldeko, ekialdeko, hegoaldeko eta mendebaldeko haizeak dira. Mitoaren arabera, bere malkoak dira ihintza sortzen dutenak bera, zeruan zehar hegan doala, bere seme bat hila izan zelako negarrez.
Luzifer, bere semeetako bat, kristau mitologiak hartu zuen judu mitologiako Satanas irudikatzeko. Aurora erromatarraren greziar mitologiako baliokidea, Eos jainkosa da.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurora latinez, egunsentia esan nahi du. Aurora *ausōs proto-italikotik dator, eta atzera egiten badugu, *haéusōs aitzinindoeuroperatik, hau da, "egunsentia" jainkozko entitate gisa ulertua. Ēṓs (aipatutako greziarra), Uṣas (vedikoa), Aušrinė (lituanairra), Auseklis (letoniarra) eta Ēastre (anglo-saxoia) jainkosekin antzekotasunak ditu.[1][2]
Mitoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere jatorria ez dago argi. Ovidioren arabera, Pallantis izan zitekeen, hau da, Palasen edo Hiperionen alaba eta Tejaren emaztea. Bi anai-arreba zituen: anaia bat (Sol, Eguzkia) eta arreba bat (Luna, Ilargia). Bere lehen senarra titan bat izan zen: Astraeus. Hainbat seme izan zituzten: Favonius (mendebaldeko haizea), Aquilo (iparraldeko haizea), Auster (hego haizea) eta Eurus (ekialdeko haizea). Beste seme batzuk Phosphorus (Goizeko Izarra) eta Hesperos (Arratsaldeko Izarra) dira.
Denborarekin, Auroraren edertasunak Marte jainkoa liluratu zuen, eta hori ez zitzaion gustatu Venusi. Jainkosa honek Aurora hilkor batekin maitemindu zuen.
Aurora maiz agertzen da erromatar poesia erotikoan, maitasun istorio asko izan zituela eta. Erromatarrek jainkosa Troiako printzearekin, Titonosekin, maitemintzen den greziar mitoa egokitu zuten. Titonos hilkorra zen, beraz, naturaren legeen arabera zahartu eta hil egin behar zuen. Aurorak, bere maitasuna betiko berarekin izan nahi zuenez, Jupiterri printzearen hilezkortasuna eskatu zion. Hala ere, jainkosak ahaztu egin zuen Jupiterri esatea Titonos betiko gaztea izan zedila eskatzea. Beraz, betiko biziko zen, baina agure baten itxuran. Jainkosak azkenean matxinsalto bihurtzea erabaki zuen.
Antzinako Erromako artean, gehienetan Eos greziarren ereduaren arabera irudikatzen zen. Sorbalden gainean hego erraldoiak zituen emakume eder gisa irudikatzen zen normalean, azafrai koloreko (hori bizia) peplos batekin, bi zaldiko gurdi bat gidatzen edo Sol jainkoaren gurdiaren aurrean hegan, loreak eta zuzi bat eskuan zituela.
Sinesmenen arabera, egunsenti oro zeruan zehar bidaiatzen zuen gurdi arin batean, bi zaldi zuri edo arrosak tiratuta – Lampos (Distiratsua, Argia) eta Phaeton (Distiratsua). Ekialdean hasten zen (Oceanos-en olatuetatik ateratzen) eta Mendebaldean amaitzen zen (Oceanos-en olatuetan murgiltzen), horizontearen beste aldean. "Eguneko ateak" (zeruko ateak) irekitzen zituen Sol jainkoaren gurdiaren aurrean. Gauaren iluntasuna uxatzen zuen, egunaren argia iragartzen zien jendeari eta jainkoei. Bere etorrera Phosphorus-ek (Goizeko Izarrak) iragartzen zuen – "Egunsentiaren seme distiratsuetako bat".[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Vaan, Michiel de. (2018-10-31). Etymological Dictionary of Latin and the other Italic Languages. Leiden; Boston, 63 or. ISBN 9789004167971..
- ↑ (Ingelesez) Mallory, J. P.; Adams. (2006-08-24). The Oxford Introduction to Proto-Indo-European and the Proto-Indo-European World. , 409 or. ISBN 9780199287918..
- ↑ (Ingelesez) Aurora « IMPERIUM ROMANUM. (kontsulta data: 2026-04-25).