Aurreko lotailu gurutzatu
Aurreko lotailu gurutzatu | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | knee joint (en) |
Artikulazioa | lateral condyle of femur (en) anterior intercondylar part of tibia (en) |
Identifikadoreak | |
Latinez | lig. cruciatum anterius |
MeSH | A02.835.583.512.100 eta A10.165.669.514.100 A02.513.514.100, A02.835.583.512.100 eta A10.165.669.514.100 |
TA | A03.6.08.007 |
FMA | 44614 |
Terminologia anatomikoa |
Aurreko lotailu gurutzatua (ALG) belauneko lotailu gurutzatu bietatik bat da, bestea gibeleko lotailu gurutzatua (GLG) delarik. "Gurutzatu" izena lotailuok duten posizioarengatik da, bien artean "X" bat osatzen baitute. Egitura indartsuak dira, belauneko mugimenduak mugatzeko funtzioarekin. ALGa ez da belaunean gehien lesionatzen den lotailua, bai ordea baliabide mediko eta tratamendu gehien behar izaten dituena.[1]
Anatomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko lotailu gurutzatua kolageno zuntzez osatua dago, bi faszikulotan banatua: aurre-barrukoa eta atze-kanpokoa.[2][3] Handia da: luzeran 25-41 mm artean izan ditzake, lodieran berriz 7-12 mm. Tibialis nerbioaren inerbazioa du, eta odola media genus arteriatik datorkio.[4]
ALGak femurra eta tibia lotzen ditu. Femurrean, fossa intercondylaris femoris gunean txertatzen da, kanpoko kondiloaren barruko aldean, GLGa txertatzen den puntuaren ondoan. Tibian, berriz, area intercondylaris deritzon gunearen aurreko aldean txertatzen da, eta izena hortik hartzen du. Puntu horretan, gainera, lotailuaren zuntzek barruko meniskoaren aurreko adarrarekin bat egiten dute.[5]
Aurreko lotailu gurutzatuak inerbazio aberatsa du: bere bolumenaren %1,5a nerbio zuntzez osatua dago. Hau bereziki nabarmena da lotailuak hezurrarekin bat egiten duen puntuetan, non lau mekanorrezeptore mota ezberdin bereiz daitezkeen, ALGak arlo honetan jokatzen duen paper garrantzitsuaren ezaugarri.[4]
Funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko lotailu gurutzatuaren lan nagusia tibia aurrerantz ez irristatzea da: belauna 30° eta 90° flexio graduen artean dagoenean, ALGak mugimendu hori eragozteko behar den indarraren %85a jasaten du.[6] Bigarren maila batean, ALGak tibiaren barrurantzko errotazioa eragozten du.[7]
ALGaren bi faszikuloek belauneko flexo-extentsio mugimenduan portaera ezberdina dute. Aurre-barrukoak isometrikoki jokatzen du, alegia: posizio guztietan bere tentsioa antzekoa da. Atze-kanpokoak, berriz, tentsio aldaketa handiagoa jasaten du: belauna extentsioan dagoenean tenkatzen da gehien, flexioan lasaituz; gainera, ALGaren atze-kanpoko faszikulu honek belauneko errotazioaren estabilizazioan paper handiagoa du.[4]
ALGaren mekanorrezeptoreek belaunaren hainbat parametro propiozeptibo neurtzen dituzte: mugimenduaren norabidea, artikulazioaren posizioa eta azelerazioa, abiadura eta tentsio aldaketak. Izan ere, ALGaren lesioaren ostean egoten den funtzio neuromuskular desegokiaren arrazoi nagusietako bat informazio somatosentsorial honen defizita izaten da. Mugimendu aldaketa, jauzi eta azelerazio aldaketa bizkorrak behar dituzten kiroletan garrantzitsua baita belaunaren egonkortasuna extentsioaren azken graduetan.[8]
Lesioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gehienetan, etena ez da traumatismo zuzen baten ondorioz izaten, baizik eta posizioa behartzearen ondorioz: korrikan doala, kirolariak norabidea bat-batean aldatzen du, belauna genu valgo posiziorantz behartuz. Halere, ez da kirolean bakarrik gertatzen: ALGa eguneroko bizitzako mugimenduekin ere lesiona daiteke, hala nola dantzan, estropezu eginez edo irristada batekin. Mugimendu honen ondorioz, lotailuaren etena erabatekoa izan daiteke, edo partziala; kasu honetan, lesioaren larritasuna -eta beraz tratamendua- etendako zuntzen kopuruaren araberakoa izango da.[4] Arraroa da ALGa bakarrik lesionatzea; kasu gehienetan menisko, kartilago edo beste lotailuetako lesioren batekin batera gertatzen da.[9]
Beste lotailuek ez bezala, lotailu gurutzatuek ez dute etendako zuntzak birsortzeko gaitasun handirik: hori mantenugai gehienak likido sinobialetik jasotzen dituztelako da, honek zelula konpontzaileak bertara iristea eragotziz.[1]
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prebentzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko lotailu gurutzatuaren lesioak tratatzeko konplexuak direnez, haien prebentzioa landu behar da. Belauneko egonkortasunaren berme nagusia lotailuak eta muskuluak dira. Belauneko muskuluen papera, tortsio baten aurrean kizkurtzea da, belaunaren mugikortasuna mugatuz. Muskuluak ahulak direnean, ez dute funtzio hau betetzen eta mugikortasuna mugatzearen karga osoa lotailuen gain gelditzen da, lesioak erraztuz. Horregatik, prebentzio neurri garrantzitsuena hanketako muskulatura sendo eta egoera onean mantentzea izango da.[4]
Tratamendu kontserbatzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lesio mailaren eta pazientearen ohiko aktibitatearen arabera, aurreko lotailu gurutzatuaren tratamendu kontserbatzaile bat plantea daiteke, errehabilitazio programa baten bidez.[10] Kasu honetan, fisioterapiaren helburua ez da izaten ALGaren etena osatzea (hori ez baita posible, kirurgia barik), baizik eta lotailuaren gabezia konpentsa dezaketen muskuluak sendotzea, eta pazientea belauneko esfortzu gogorrik gabeko kiroletara bideratzea. Ortesiak ez dute aurreko lotailu gurutzatua babesteko balio izaten.[4]
Errehabilitazioaren helburu nagusiak hauek izaten dira: egonkortasun funtzionala berreskuratzea, muskulu-indarra gehitzea eta etenak berriro gertatzeko arriskua gutxitzea. Hiru fase izaten ditu:
- Fase akutua: lehentasuna, ezintasuna sortzen duten sintomak tratatzea da.
- Entrenamendu neuromuskularreko fasea: pazienteak mugikortasun osoa berreskuratu duenean eta hantura desagertu denean hasten da. Fase honetan, indar muskularra irabaztea bilatzen da (hankan, zein enborrean). Oreka, propiozepzioa, entrenamendu kardiobaskularra eta maniobra neuromuskularrak lantzen dira.[10]
- Kirolera itzultzeko fasea: kirolarekin lotutako ariketak eta arintasuna lantzen dira.[10]
Halere, mugimendu gogorrak behar dituzten kiroletan aritzen diren pazienteentzat agian tratamendu kontserbatzailea ez da nahikoa; kasu horietan ALGa kirurgikoki berreraikitzea gomendatzen da.[11]
Tratamendu kirurgikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prozedura honetan, etendako ALGa erauzten da, eta paziente berarengandik edo emaile batengandik transplantatutako ehunarekin ordezkatzen da.[12] Errehabilitazio egokia egin ezkero, txertatutako lotailuek ondo irauten dute, eta pazienteen %92,9a pozik gelditzen da.[13]
ALGaren kirurgiak aldez aurreko tratamendua behar izaten du, mugimendua eta indar maila mantentzera zuzendua. Operatu aurretik hau egiteak ebakuntza egin eta 12 astera oraindik nabari daitezke.[14]
Aurreko lotailu gurutzatuaren kirurgia ortopedian edota kirol-medikuntzaren arloan espezializatutako osagileek egiten dute. Faktore asko hartu behar dira kontuan, besteak beste, atletaren gaitasun-maila, adina, aurretiko lesioak (belaunekoak eta beste), hanken lerrokatzea eta txertoaren aukeraketa. Eskuarki, lau txerto-mota erabil daitezke: errotulako tendoia, semitendinosus eta gracilis muskuluen tendoiak, kuadrizepseko tendoia eta alotransplantea.[13] Errotularen lotailuak abantaila bat du: zatia kentzen denean, bi muturretan hezur pinporta eta guzti atera daiteke, eta honek bere kokapen berrian egingo diren zuloetan txertatzea errazten du. Kirurgia artroskopikoa izan ohi da.[12] Bi zuloetan txertatu ondoren, lotailu berria torlojuekin aseguratzen da.[15]
Osatze-denbora urtebetetik bi urtera bitartekoa izan ohi da, baina ez da arraroa gehiago ere luzatzea. Arrisku nabarmen bat dago: operazioa izan eta egun gutxira, kirolaria guztiz osatuta egotearen sentsazioa izan dezake, oinez ondo dabilelako min handirik gabe.[15] Honek bere kirol jarduera normalari ekiteko gogoa eman diezaioke; baina mugimendu edo errotazio indartsu batek txertoa bere lekutik atera dezake, denbora behar baitu zulo berrietan integratzeko. Horregatik, garrantzitsua da lesionatutako kirolariek osatze prozesuaren urratsak ezagutzea, konplikazioak saihesteko eta sendatze egokia ziurtatzeko.
Operatu osteko errehabilitazioari dagokionez, normalean 6 eta 12 hilabete artean behar izaten dira lesionatu aurretiko egoerara itzultzeko.[16] Errehabilitazioaren zioak txertoa babestea, mugimendua hobetzea, hantura murriztea eta giharretako kontrola berreskuratzea dira.[16] Fase bakoitzean ariketak desberdinak izango dira, pazienteen beharren arabera. Adibidez, lotailua sendatzen ari den bitartean, artikulazioak ez ditu pisu maximoak kargatuko; baina koadrizepsa eta iskiotibialak deskargan indartu daitezke. Bigarren fase batean pisu maximoen karga sartu daiteke, eta ibilkera zuzentzen hasteko unea da, indartze eta oreka ariketekin. Hirugarren fasean, pazientea korrika hasten da; eta artikulazioen estresa jaisteko, eta bihotz-biriketako erresistentzia handitzeko uretako ariketak egin daitezke. Laugarren fasean, plano ezberdinetako mugimenduak eta ariketa pliometrikoak erabiliko dira, agilitatea landuz. Azkenik, bosgarren fasea kirol edo bizitza mugimendu espezifikoetan zentratzen da, pazientearen arabera.[16]
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Ezkerreko belauna, atzetik ikusia, gibeleko lotailu gurutzatua agerian
-
Eskuineko belaunaren kapsula, atzetik ikusita
-
Erresonantzia irudia, lotailu gurutzatu bien seinale normalarekin (fletxak)
-
Belauneko artikulazioa flexionaturik, errotula hezurra eta tendoia kenduta, aurre-barru aldetik ikusita
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) Larrañaga, Oier Gorosabel. Belauneko lotailu gurutzatuak | Aixebe & Abante. (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
- ↑ Duthon, V. B.; Barea, C.; Abrassart, S.; Fasel, J. H.; Fritschy, D.; Ménétrey, J.. (March 2006). «Anatomy of the anterior cruciate ligament» Knee Surgery, Sports Traumatology, Arthroscopy 14 (3): 204–213. doi: . ISSN 0942-2056. PMID 16235056..
- ↑ Petersen, Wolf; Zantop, Thore. (January 2007). «Anatomy of the anterior cruciate ligament with regard to its two bundles» Clinical Orthopaedics and Related Research 454: 35–47. doi: . ISSN 0009-921X. PMID 17075382..
- ↑ a b c d e f (Portugesez) drmarciosilveira. (2020-03-23). «Ruptura do ligamento cruzado anterior – causas e tratamentos» Dr. Márcio Silveira - Ortopedista Especialista Em Joelho Adulto e Infantil, Traumatologia Esportiva e Idoso / Brasília DF (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ Petersen, W.; Tillmann, B.. (August 2002). «[Anatomy and function of the anterior cruciate ligament»] Der Orthopade 31 (8): 710–718. doi: . ISSN 0085-4530. PMID 12426749..
- ↑ Ellison, A. E.; Berg, E. E.. (1985). «Embryology, anatomy, and function of the anterior cruciate ligament» The Orthopedic Clinics of North America 16 (1): 3–14. doi: . PMID 3969275..
- ↑ Noyes, Frank R.. (January 2009). «The Function of the Human Anterior Cruciate Ligament and Analysis of Single- and Double-Bundle Graft Reconstructions» Sports Health 1 (1): 66–75. doi: . ISSN 1941-7381. OCLC .3445115 PMID 23015856..
- ↑ (Ingelesez) Liu-Ambrose, T.. (December 2003). «The anterior cruciate ligament and functional stability of the knee joint» British Columbia Medical Journal 45 (10): 495–499..
- ↑ Noyes FR, Bassett RW, Grood ES, Butler DL, Arthroscopy in acute traumatic hemarthrosis of the knee: incidence of anterior cruciate tears and other injuries [archive], J Bone Joint Surg Am, 1980;62:687-695
- ↑ a b c Paterno, Mark V.. (2017-07-29). «Non-operative Care of the Patient with an ACL-Deficient Knee» Current Reviews in Musculoskeletal Medicine 10 (3): 322–327. doi: . ISSN 1935-973X. OCLC .5577432 PMID 28756525..
- ↑ Frobell, Richard B.; Roos, Ewa M.; Roos, Harald P.; Ranstam, Jonas; Lohmander, L. Stefan. (2010). «A Randomized Trial of Treatment for Acute Anterior Crut Tears» New England Journal of Medicine 363 (4): 331–342. doi: . PMID 20660401..
- ↑ a b (Ingelesez) «ACL reconstruction - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org.
- ↑ a b Macaulay, Alec A.; Perfetti, Dean C.; Levine, William N.. (January 2012). «Anterior Cruciate Ligament Graft Choices» Sports Health 4 (1): 63–68. doi: . ISSN 1941-7381. OCLC .3435898 PMID 23016071..
- ↑ Shaarani, Shahril R.; O'Hare, Christopher; Quinn, Alison; Moyna, Niall; Moran, Raymond; O'Byrne, John M.. (September 2013). «Effect of prehabilitation on the outcome of anterior cruciate ligament reconstruction» The American Journal of Sports Medicine 41 (9): 2117–2127. doi: . ISSN 1552-3365. PMID 23845398..
- ↑ a b ACL Injury: Does It Require Surgery? - OrthoInfo - AAOS. .
- ↑ a b c «Rehabilitation Guidelines for ACL Reconstruction in the Adult Athlete (Skeletally Mature)» UW Health.