Bastidako matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bastidako matxinada
MotaInsurjentzia
Data1933ko abenduaren 9a
KokalekuBastida
HerrialdeaEspainiako Bigarren Errepublika

Bastidako matxinada 1933ko abenduaren 8 eta 9ko gauean Bastidan (Araba) izandako matxinada anarkista izan zen, komunismo libertarioa ezarri nahi izan zuena.

Matxinada hau Espainiako egoera politiko azturatuaren barnean gertatu zen, urte hartan Confederación Española de Derechas Autónomas (CEDA) alderdiak garaipena lortu izanaren eta ondorioz CNT sindikatuaren insurrekziozko greba iraultzailerako deia egin izanaren ingurunean, hain zuzen. Gau hartan zehar, Bastidan, armak eskuetan zituzten dozenaka lagunek Udaletxea hartu zuten, eta jabetza-erregistroa erre. Ondoren, Guardia Zibilaren kuartela inguratu zuten; tiroketa baten ostean, guardia zibil bat hil zen. Azkenik, egunsentian Erasorako Guardia herrira iritsi zen, eta egoera kontrolpean egotea erdietsi zuten. Espainiar Estatuan matxinada batez ere Aragoin, Errioxan, Extremaduran eta Andaluzian izan zen. Euskal Herrian, istilu eta sabotaje ekintza batzuez gain, gorabehera handirik ez zen jazo. Zazpi egunen buruan, hainbat porrot izan eta gero, matxinada bukatutzat eman zen.

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1933ko abenduaren 9ko goizeko ordu bietan, aldez aurretik planeatuta zuten bezala, 30 lagun Bastidako kaleetara irten ziren herria hartu eta komunismo libertarioa aldarrikatzeko. Hauetako matxinatu batzuk bizilagunak presionatu zituzten, euren etxeko armak entrega zezaten. Beste matxinatu batzuk okinarengana joan ziren Iraultza hasi zela jakinaraziz eta herri guztirako ogia egiteko eskatuz. Era berean, herriko azokaren jabearengana joan ziren, agindu berri bat eman arte ezer saltzea debekaraziz. Ondoren, matxinatu talde bat Guardia Zibilaren kuartelera eta beste talde bat Udaletxera abiatu zen. Kuartelera joan zen taldeak, eraikina inguratu zuen, eta tentsioaren erdian tiroketa bati ekin zioten Guardia Zibil bat zaurituta eta beste bat hilda suertatuz, Pedro Garrido Lopez. Udaletxera joan zen matxinatu taldea, eraikinaren aurre-aldeko balkoi batetik sartu zen. Behin eraikinaren barnean, jabetza-erregistroaren artxiboa hartu, kalera atera eta su eman zioten. Dokumentu hauetaz gain, balio historiko handiko herriko dokumentuak edota Udaletxeko beste artxiboak ere erreak izan ziren. Azkenik, autoritateei abisua iritsi eta Bastidara Erasorako Guardiak bidaliak izan zen matxinada oro zapaltzeko asmoz. Horrela, autoritateak herria hartu, 20 lagun inguru atxilotu eta hainbat arma eta lehergai konfiskatu ziren.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bastidako matxinadarengatik zeuden akusatuak hiru epaiketa izan zituzten. Larrialdiko auzitegi bat 1933ko abenduaren 29 eta 30ean izan zen, 26 matxinaturi 13 urteko espetxe zigorra ezarri zitzaien eta adingabeko matxinatu bati 2 urteko espetxe zigorra. Hiru pertsona absolbituak izan ziren. 1933ko martxoaren 12an beste auzi bati ekin zitzaion, beste 6 matxinaturekin. Hauetatik biri 12 urteko espetxe zigorra, eta beste bati, adingabea izanik, 2 urtekoa. 1934ko uztailaren 13 eta 14an Gasteizen Gerra-Kontseilua egin zen Guardia Zibilaren kuartela erasotu eta euren kide bat erailtzea leporatzen zitzaien 13 matxinatuen kontra. Ez zen inoiz jakin nork eragin zuen Guardia Zibilaren erailketa, eta matxinatuak 22 eta 2 arteko espetxe zigorrak sententziatu ziren. Fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu, eta Auzitegi Gorenak zigorrak areagotu eta bost matxinatu heriotza-zigorrera kondenatuak izan ziren. 1934ko apirilaren 21an, amnistiarako legea onartu zen. Sanjurjadaren egileentzat pentsatua zen arren, 1933ko matxinatuentzat ere onuragarria izan zen, Bastidakoak barne. 1935eko maiatzaren 3an, heriotza zigorrera kondenatuta zeuden matxinatuentzako indultua eman zuen Auzitegi Gorenak. 1936ko otsailaren 16an, Fronte Popularrak irabazi zituen Hauteskunde Orokorrak; eta, promes egindako amnistia betearazita, oraindik preso zeuden bastidar anarkistak aske gelditu ziren.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) Santiago de Pablo Contreras: «La CNT y los sucesos revolucionarios de Labastida de diciembre de 1933», Cuadernos de cultura, 8. zenbakia, Arabako Foru Aldundia, 1985. 105–116. orrialdeak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]