Bearnoko bizkonderria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Bearnoko bizkonderria (gaskoieraz: vescomtat de Bearn edo vescomtat de Biarn) Erdi Aroan Bearnon garatu zuten aginte sistema izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bearnoko bizkonderriaren armarria

Nahiz eta 843an Verdungo Hitzarmenak Frantziako erresuman kokatu, 852z geroztik ez dago Frankoen Erresumari men egin ziola adierazten duen probarik, eta bai, ordea, Baskoniako dukerriaren baitan tokiko agintarien menpe izan zela.

Bere lehendabiziko legebiltzarra, Cour Major izenekoa, 1080. urtean sortu zuten, hau da Ingalaterrakoa baino 185 urte aurrerago. Bearno, Gaskoinia bihurtzen ari zen Baskoniako dukerrian zegoen 1053. urte arte, baina orduan Akitaniako dukerriak bere hegalpean hartu zuen Gaskoinia, eta Leonor Akitaniakoaren bitartez Ingalaterrako Erresumari lotuta egon zen mende batez (1242-1347). Aldiz,1290ean Bearno Foix konderriaren eskuetan geratu zen, eta 1347an ingelesak Akitaniatik joan zirenean, Gaston III.a Febusek bere Foix konderria Frantziako erregearen menpe izatea agindu zuen, baina ez Bearnoko bizkonderria. Bearno burujabe geratu zen, eta Paue bizkonderriko hiriburu bilakatu zen (1463).

1479tik aurrera Foix etxeko familia Nafarroako errege-erregin ere bilakatu zen oinordetza bidez, eta harrezkero Nafarroak eta Bearnok elkarrekin egin zuten bidea 1512 arte Foix-Labrit leinuaren eskutik. 70eko hamarkadatik aurrera, bere burujabetza nabarmendu nahi izan zuen, printzerri izena lehenetsiz, bizkonderri baino, baita agiri ofizialetan bearnesaren erabilera berretsiz eta defendatuz ere. 1512tik aurrera, Gaztela-Espainiako armadek Nafarroaren Pirinioz hegoaldeko lurraldeak menpean hartu ondoren, Nafarroa Behereak eta Bearnok burujabe jarraitu zuten Nafarroako Erresuma independentearen barruan.

Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege bilakatu zenean, ez zizkion bere lurraldeak Frantziako koroari lotu. 1596ko abenduan, berretsi egin zuen Rouenen Frantzia eta Nafarroa-Bearno bereizita jarraitu beharra, baita 1607an ere Parisen.[1] Aldiz, haren seme Luis XIII.ak Frantziako Estatuen eskaera bat jaso zuen 1616an: bere koroaren pean zeuden lurralde guztiak Frantziari lot zekizkiola. Aurrez aurre izan zuten Bearnoko estatuak edo batzarrak, printzerriaren subiranotasuna defendatzearen aldekoak.[2]

Bestalde, puri-purian zen Bearnon eta Nafarroa Beherean Eliza katolikoari hamarkada batzuk lehenago bahitutako jabetzen auzia. Luis XIII.a errege gazteak Frantziako estatuen eskaerari kasu egin zien, Bearno-Nafarroaren nahiaren kontra; 1620an, aldiz, Luis XIII.ak (Nafarroako II.ak) Elizaren ondareak itzultzea agindu zuen. Nafarroa eta Bearnoko agintariek uko egin zioten, baina horren aitzakian Frantzia eta Nafarroako erregea armada baten buruan sartu zen Pauera. Bearnoko hiriburura helduta, bere tronutik, bai Bearnoko printzerria bai Nafarroa Beherea Frantziako koroaren pean batzea agindu zuen. Paueko unibertsitate protestantea desegin zuen eta, trukean, ikastetxe jesuita bat jarri. Bestalde, ordutik aurrera, agiri ofizialetan frantsesa erabiltzeko agindu zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Honela dio, frantsesez: "[...] que nostre domaine ancien tant en nostre royaume de Navarre, souverainetéz de Béarn et de Donezan, pais bas de Flandres, que nos duchés, comtés, viscontés, terres et seigneuries enclavées en ce roiaume feust et demeurassent désuny, distraict et séparé de celuy de nostre maison et couronne de France sans y pouvoir estre aucunement comprins ni meslés [...]"; ikus URZAINQUI, TOMAS. Navarra, sin fronteras impuestas (2011). Iruñea: Pamiela, 182-186. or.
  2. 1617ko urtarril-otsailean, Bearnoko Estatu Nagusiek erantzun egin zuten, gaskoiez: "[...] que atendut per lo For deu présent páys demore establit, que lodit for est la ley fondamentalle et contractuelle deu souviràn ab los habitans deudit pays, sons subjectz, l'observation de laquoalle lodit souvirain a son nabet adveniment est viengut jurar; attendut aussy per lo dit For résulte que lo dit pays es un segnorie souvirane distincte et separade de toute autre souviranetat et royaume et que los díts habitans qui au commencement se regiben per Fors et coustumes en eslegit lors segnors per s'entretenir en acqueres seinhs los poder alterar, corregir ny refformar que ab los Estatz deudit pays et que per tant sadite Majestat no pousque, jus correction, unir lodit pays souviran audit royaume de France senhs lo consentiment deus dits Estatz que en rompen la principalle merque et fondement de torsdits Fors et libertatz qui los son plus cares que lors propris bites, [...]. "[...] et que acquet qui sera consent à la dite union sie déclarat enemicq deu pays et que los juratz faran aussy signar lodit arrest à lors communautatz [...]".; ikus URZAINQUI, TOMAS. Navarra, sin fronteras impuestas (2011). Iruñea: Pamiela, 182-186. or.
Historia
Frantzia
Artikulu hau Frantziako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.