Behaskane

Koordenatuak: 43°19′30″N 1°00′34″W / 43.325°N 1.0094°W / 43.325; -1.0094
Wikipedia, Entziklopedia askea
Behaskane
 Euskal Herria
Herriko udaletxea
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaBehaskane-Laphizketa
Administrazioa
Posta kodea
Herritarrabehaskandar
Geografia
Koordenatuak43°19′30″N 1°00′34″W / 43.325°N 1.0094°W / 43.325; -1.0094
Demografia

Behaskane Behaskane-Laphizketa udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Laphizketa gabe, 1842 arte aparteko udalerria osatu zuen.

Herritarrei "behaskandar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 33 km daude.

Izenaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekuko zaharrek[1] aldaera hauek eskaintzen dizkigute, besteak beste: Beƒasquen (XII. mendean Okzitaniako Sòrdako kartularioan), Sanctus Petrus de Behaschen (1120an), Basquan (1344an), Beasquen (1350ean), Behasquen (1513an Iruñeko idazki batean), Behascan (1621ean Martin Bizkaikoarenean).

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Biduze-haraindi izenekoan kokatuta dago; izenak adierazten duen gisan Biduze ibaiaren ekialdean dagoen zonaldeari deitzen zitzaion horrela, nahiz eta herri honen lur batzuk (Oihantoa, Trinxinia, Sardatz) ibaiaren ibarrezkerrean egon.

Herriaren mugak hauexek dira: ekialdean, distantzia laburrean Laphizketa udalkidea; iparraldean Arberatze; ipar-mendebaldean Aiziritze, herri honekiko muga Eiheraxar errekak egiten du; mendebalde osoan Donapaleu eskualdeburua dago, Behaskane gero eta gehiago honekin urbanistikoki loturik agertzen delarik; hegoaldean Larribarre dago. Denak herri amikuztarrak.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienak altuera apaleko lurrak dira. Herria 109 mtan dago; aldiz, Biduzez beste aldera, Salbatore kapera ezagunetik hurbil (hau bera gutxirengatik Donapaleuko lurretan dago) 250 mko garaiera gainditzen da. Punturik baxuena Biduzeren ertzetan ematen da, 44 mrekin.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1695eko erroldan 31 etxerekin ageri da.

Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 182 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1836koan 192. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Behaskane-Laphizketa.

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

D 11 departamendu mailako errepide garrantzitsua (Donapaleu-Maule lotura egiten baitu) herritik oso hurbil, iparraldetik, pasatzen da, mendebalde-ekialde norabidean. Errepide honetatik D 12 izenekoa ateratzen da, herritik bertatik pasa eta hegoalderantz jota D 933arekin bat egiten du, oraindik herriaren lurretan baina ibaia zeharkatu eta gero; errepide horrek Amiküzeko burua eta herrialdekoa lotzen ditu. Behaskane eta Laphizketaren artean errepide lokal bat hegoalderantz abiatzen da, zenbait auzotara joateko eta Larribarreko lurretan (Agerreko eihera historikoa) sartzeko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri honetako jauna historikoki oso inportantea izan da eta dokumentazio ugaritan agertzen da[2] ; Bertrand de Béhasque (1412an) edo Pierre-Arnaud de Béhasque (1423an) Nafarroako erresumako jaun garrantzitsu gisa ageri zaigu. Béhasque gaztea izenekoa Joana III.a Albretekoak 1568an adostu zuen amnistiatik kanpo geratzen zen nobleetakoa izan zen.

Udalerri-aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri modernoen osaera baino lehen, Aiziritze eta Behaskane parrokia bakarrean bilduta zauden. Frantziako Iraultza baino lehen, bestalde, Donapaleuren menpean zegoen.

1842 arte herri honek berezko udalerria izan zuen; urte horretan Laphizketarekin fusionatu eta harrezkero Behaskane-Laphizketako udalburua da.

Eraikin eta leku historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Done Petri eliza XIX. mendean berreraikia da.
  • Hilerrian 1633ko gurutzea dago, "Catalin Deliche" delako baten omenez; Ipar Euskal Herriko zaharrenetakoa da.
  • "Jauregia" etxe noblea (la Salle de Béhasque, okzitanieraz sala euskarazko "jauregi" hitzaren baliokidea da) herriko jaunen egoitza izan da. D 11 errepidearen ertzean topatzen da, Donapaleurako bidean.
  • Biduzez beste aldera "Sardatz" izeneko eremu protohistorikoa dago, "gaztelu zahar delakoa; 148 mko garaieran, Kinkileko zubitik hurbil dago.
  • Kinkileko zubiaren ingurua (Larribarreko lurretara pasatu eta hortik Oztibarre eta Garazirantz jotzeko) ibi historikoa izan da.

Kultura eta hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behaskaneko Dominique Chilindron[3]. Euskal Herriko Ahotsakerako[4] egindako elkarrizketa.
  • Eskola publikoa eta Saint-Joseph izeneko eskola giristinoa dago. "Bizkarreta" Nekazaritza-aholkulariak prestatzeko ikastetxea ere badago.
  • Jaiak ekainaren 29an ospatzen dituzte, Done Petrin.

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behaskaneko euskara[5] Amikuzeko euskara[6] da, nafar-lapurteraren[7] aldaera bat, sortaldeko azpieuskalkian[8] kokaturik dagoena.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen ohiko lanbideak. Azken hamarkadetan, Amikuze osoan bezala, dibertsifikazioa suertatu da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Behaskane Patxi Salaberriren "Nafarroa Behereko herrien izenak" lanean: 245/247. or.
  2. Behaskaneko historia euskomedian.
  3. «Chilindron, Dominique - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  4. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  5. «Behaskane-Laphizketa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  6. «Amikuzekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  7. «Nafar-lapurtarra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  8. «Sortaldekoa (NL) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa