Belatxiki arrunt
Belatxiki arrunt | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Corvidae |
Generoa | Coloeus |
Espeziea | Coloeus monedula (Linnaeus, 1758)[1]
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 0,65 m |
Kumaldiaren tamaina | 4 |
Errute denbora | 20 egun |

Belatxiki arrunta[2] (Coloeus monedula edo Corvus monedula) corvidae familiako eta passeriformes ordenako hegaztia da. Corvus generoko espezierik txikiena da (34-39 cm luze). Lumadi beltz edo gris iluna. Garondo, lepo eta masailak gris argiak. Helduek iris txuria dute. Hots ohikoena chyak-chyak edo kak-kak metaliko eta karrankarria da[3].
Belatxikiak oso banaketa zabala du: Afrikako ipar-mendebaldea, ia Europa osoa, Iran, Indiako ipar-mendebaldea eta Siberia. Populazio gehienak sedentarioak badira ere, ipar eta ekialdekoak migratzaileagoak dira. Oso bizileku desberdinetan ikus daiteke: zuhaiztun estepa, nekazal eremu, larre, itsaslabar eta herrietan. Euskal Herrian isurialde mediterraneoan bizi da.
Elikadura: ornogabeak (intsektu heldu eta larbak, barraskiloak, armiarmak), karraskari txikiak, arrautzak, txitak, haziak, zerealak, fruituak eta haratustela (errepideetan hildako animaliak batez ere)[4].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lumaje beltza duen korbidoa bat da, lepoa eta garondoa izan ezik, grisak baitira. Begien irisa gris-urdinxka da, eta oso deigarria. Uso baten tamainakoa gutxi gorabehera, 32 cm luze dituela.
Bi sexuak kolorez berdinak dira, eta beste edozein espezietatik erraz bereiz daitezke haien lepo bereizgarria ikusten bada. Belabeltza eta erroia bezalako beste korbido beltzetatik bereizten da txikiagoa izateagatik. Belatxingen antza du ezin baduzu gertutik behatu, baina ahotsa eta silueta desberdinak dira.[5]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belabeltzak eta Belatxingak baino askoz gutxiago planeatzen du. Normalean hegoak astinduz mugitzen da, planeatze batzuekin tartekatuta. Batzuetan goranzko termikak aprobetxatuta altxatzen da baina ez oso maiz.
Ahotza bereizgarria du, nahiz eta belatxinga moko gorriaren soinu batzuk gogora ekar ditzakeen. Etengabe dei ozen bat igortzen du, “dcho”, eta asaldatuta dagoenean, “chog-chog-chog” dei sorta bat.
Orojalea da; ia denetarik jaten du, nahiz eta funtsean aleez eta haziez elikatzen den urte osoan. Basoko fruituak eta landatutako fruituak, intsektuak, larbak eta beste ornogabe batzuk jaten ditu, hala nola anelidoak eta miriapodoak. Batzuetan ugaztun txikiak eta beste hegazti batzuen arrautzak. Zabortegietara ere joaten da hondakinen bila.
Mota guztietako zuloetan egiten du habia, labarretako kobazulotxoetan, zubietako erlaitzetan, dorreetan edo elizetan, zuhaitz-enborretako zuloetan etab. Kolonietan hazten da. Habia bi sexuek adartxoez eraikitzen dute, eta barrualdea artilez edo ilez estaltzen dute. Errunaldia 4 eta 6 arrautza artean osatuta egoten da; apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran hasten da. Arrautzak emeak bakarrik inkubatzen ditu 18 egunez, horren ostean, txitak jaiotzen dira eta habian beste 30 egun igaro ondoren hegan egiten dute. Beste hamabost egunez koloniaren inguruan geratzen dira.
Bela txikia, korbido gehienak bezala, soziala da eta kolonietan biltzen da, bai ugaltzeko, bai lo egiteko, jateko eta gainerako jarduerak egiteko; askotan beste korbido batzuekin biltzen dira, beleekin eta ipar-beleekin, etzalekuetan eta elikatzen diren soro edo lurretan. Orokorrean portaera sozial oso landua dute, hau da haien biologiaren alderdirik interesgarriena. Taldekideen arteko harreman korapilotsuak, gazteen ikasketa prozesu luzeak, arriskuarekiko duten erreakzioak eta komunitateko bizitzan dagoen hierarkia oso korapilotsuak dira eta korbidoen “adimena”z berriro pentsatzera garamatza.
Banaketa habitata eta egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mota guztietako biotopo ireki edo erdi-irekietara egokitzen da. Kareharrizko labarretan, ibaien gaineko hareazko maldetan, parkeetan, lorategietan, ibar-basoetan eta zumardietan, dehesatutako eremuetan, dorreetan eta hondakinetan eta herri eta hirietako eraikinetan.
Mota guztietako biotopoetara egokitzeko gaitasunak eta elikadura-aukera zabal, eta askotarikoak, bere etsai naturalen eskasia (harrapariak adibidez), hedatzen ari den hegaztia bihurtzen dute. Azken urteotan, haien kopuruak gora egin du, batez ere hirietan. Gaur egun Asia osoa, Afrika iparraldea eta Europaren zati handiena okupatzen du, mendilerro garai batzuk eta Eskandinavia iparraldea izan ezik. Iberiar penintsulan sedentarioa da eta oso ugaria. Kantauri zerrendan falta da bakarrik.
Mediterraneoko espeziea da, Gipuzkoan eta Bizkaian erabat ez dago. Turtziozen ugaltzeko kolonia txiki bat izan ezik. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan, Araban, hainbat ugalketa-kolonia daude. Inguru honetan sedentarioa da, oso ugaria ez bada ere. Biztanleria ia osoa Arabako mendilerroetako labar harritsuetan banatzen da banalerroaren hegoaldean. Bi talde txiki baino ez dira ugaltzen banalerroaren alde berean, bat Aizkorri mendilerroan eta beste bat Gorobel mendilerroan, baina biak altuera baxuetan. Arabako Lautadan herri batzuetan ugaltzen da, Gaztelan maiz gertatzen da, baina hemen oso arraroa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) IOC Master List
- ↑ Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Belatxiki arrunt» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
- ↑ Mullarney, Killian; Svensson, Lars; Zetterstrom, Dan; Grant, Peter (1999). Collins Bird Guide. Collins. p. 335. ISBN 0002197286
- ↑ J. D. Lockie "The Food and Feeding Behaviour of the Jackdaw, Rook and Carrion Crow." The Journal of Animal Ecology. 25:2 (Nov., 1956), pp. 421-428
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi,. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 294 or. ISBN 84-7542-639-5..