Benita Uribarrena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Benita Uribarrena
Benita Uribarrena.jpg
Bizitza
Jaiotza Durango1922ko martxoaren  16a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Le Soler2011ko urriaren  12a (89 urte)
Jarduerak
Zerbitzu militarra
Adar militarra Frantziako Erresistentzia
Parte hartutako gatazkak Bigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista
Emakume Antifaxisten Elkartea

Benita Uribarrena Bollaín (Durango, Bizkaia, 1922ko martxoaren 16aLe Soler, Ipar Katalunia, 2011ko urriaren 12a) borrokalari antifaxista izan zen. PCEko militantea izan zen, eta Emakume Antifrankisten Espainiako Batasuneko ekintzailea. Frantziako Erresistentzian ere parte hartu zuen Bigarren Mundu Gerran; hori dela eta, kondekorazioa jaso zuen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak eta Espainiako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama, Benita Bollaín Bilbao, komunista zuen, eta Durangoko Ezkurdi plazan zegoen prentsa kiosko bateko arduraduna, hortik zetorkion Benita la Periodista (Benita Kazetaria) goitizena. Espainiako II. Errepublika aldarrikatzen aitzindaria izan zen Durangon; ondorioz, atxilotu egin zuten.

Aitak, Santiago Uribarrena Munitxak, ekintzaile sozialistak, trenbideetan lan egiten zuen, eta atxilotu egin zuten 1934ko urriko grebetan. Guardia zibilek ibaian sartuta torturatu zuten, gordeta zeuzkaten armak atera zitzan. Abendu hotzean larriki gaixotu zen, eta handik egun batzuetara hil zen. 1934ko abenduaren 30ean izan zen haren hileta zibila, Durangon egin zen era horretako lehena.

Benita lau neba-arrebetan gazteena zen. 1937ko martxoaren 31an Durangok jasan zuen bonbardaketaren ondoren, 15 urte zituela, ihes egin behar izan zuen, amarekin eta ahizparekin batera. Hirurak Frantziara heldu ziren urte hartako ekainean, Habana itsasontzian.

Erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian zela, hotel batean hasi zen beharrean, eta bere konpromiso politikoa sendotu egin zuen, PCEren mezulari lanetan hasi zen klandestinitatean eta Ekialdeko Pirinioetatik zihoazen iheslariak gidatzen ere jardun zuen.

1944an Frantziako Erresistentzian sartu zen eta handik urte betera atxilotu egin zuten dirua eta paper konprometigarriak aurkitu zizkiotelako. Hilabete baino ez zuen espetxean egin behar izan, Frantzia liberatu egin baitzen. 2000. urtean Frantzian kondekoratu zuten, Erresistentziako partaide izateagatik.

Uribarrenak bere bizitzako urterik gehienak Le Solerren (Ipar Katalunia) eman zituen. Beste behar batzuen artean, han erbesteratuta zegoen Pau Casals kataluniar biolontxelista errepublikanoaren etxean egin zuen lan.

Omenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989ko maiatzaren 12an, 52 urte erbestean igaro ondoren, Durangora itzuli zen, lehen aldiz. Egun bat besterik ez zuen bere jaioterrian egin, bere senarraren gaixotasuna zela-eta Frantziara itzuli behar izan baitzuen.

Durangoko Udalak Benita Uribarrena izena eman dio udalerriko parke bati, frankismoaren kontrako emakumeen borrokaren sinbolo gisa. Aipatutako parkea 2017ko urriaren 6an inauguratu zen.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]