Eratorpena eta hitz-elkarketa: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Akats tipografikoa
Kategoria:Hizkuntza morfologia, Kategoria:Hitzak
115. lerroa: 115. lerroa:


== Erreferentziak ==
== Erreferentziak ==

[[Kategoria:Hizkuntza morfologia]]
[[Kategoria:Hitzak]]

11:28, 24 azaroa 2017ko berrikusketa

Eratorpena

Eratorpena hitz sorkuntzarako prozesu bat da. Horren bidez, jatorrizko hitz batekin semantikoki erlazionatutako kontzeptuak izendatu ahal dira (hitz>hiztun, esaterako). Horrek, lexema edo erro kopuru txiki batetik, erlazionaturiko beste hitz ugari sortzea baimentzen du. Hizkuntz askotan, euskara barne, eratorpena hitz berriak sortzeko baliabide emankorrenetakoa da, baina eratorpenik gabeko hizkuntzak daude baita ere; horiek hizkuntza isolatzaileak dira batez ere, hitz-elkarketa erabiltzeko joera handiagoa dutenak.

Eratorpenak flexioarekin kontrastatzen du: biek erroari gehitutako morfemak erabiltzen dituzte hitz berriak sortzeko, baina, flexioan, morfema horiek informazio gramatikala gehitzen dute bakarrik. Eratorpena gardena da sintaxirako; flexioa, berriz, ez. Bestalde, eratorpenak aldaketa gramatikala ekartzen du gehienetan (eman aditza emankor adjektiboan eratortzen da, adibidez); flexioa, aldiz, kategoria gramatikala mantenduko du (katua, katuak… izenak izango dira beti, esaterako).

Bestalde, eratorpenak hitz-elkarketarekin zerikusi handia du esanahi aldaketari begira. Desberdintasun nagusia da eratorpenak esanahi gabeko morfemak erabiltzen dituela (-zale mendiari gehituta mendizale ematen du, adibidez) eta hitz-elkarketak esanahia daukaten morfemak lotzen dituela (egon + gela = egongela, esaterako).

Hitz eratorriak

Lexema bakar batetik eta eratorpen morfemekin sortutako termino multzoari hitz eratorrietako eremu semantikoa deritzo.

Batzuetan, hitz eratorrietako eremu semantiko baten barruan, hitz bat beste baten eratorria dela esan daiteke bigarren hitz hori afixu eratorrietatik abiatuta sortu ahal bada (eta, agian, afixu flexiboren bat kenduta). Adibidez:

abes-tu > abes (afixu flexiboa kendu) > abes-lari (sufixu eratorria gehitu)

Hala ere, batzuetan zaila da esatea zein den hitz eratorrien eremu semantiko bateko jatorrizko hitza, eremu semantiko horretan afixu eratorri gabeko hitz bat baino gehiago agertu ahal baitira.

Aldaketak kontsonanteetan

Hitzak eratortzerakoan, hainbat aldaketa kontsonantiko hartu behar dira kontuan[1]:

·     Azken bokala galdu ondoren, lehen hitzaren amaieran b, d, g badago, eta hurrengo hitzaren hasiera b, d, g bada = Ø + p, t, k: haragi + gin = harakin

·     Azken bokala galdu ondoren, lehen hitzaren amaieran d/g badago, hitz berrian kontsonante hori t bilakatuko da: beg(i) + ile = betile.

·     Amaierako r > l: euskara > euskal (a bokala galdu eta r kontsonantea l bihurtzen da).

·     Lehenengo hitza n kontsonanteaz amaitzen bada, galdu edo r bihurtuko da: jaun + egi = jauregi (n kontsonantea r bihurtu da).

·     r dardarkaria + konts. >Ø + konts.: aker + solo = akesolo.

·     r dardarkaria + bok. > r + h/g/Ø: lur + ebaki = lubaki (sarritan r hori ere galdu egiten da)

Eratorpen egiturak

Eratorpena (atzizkiak zein aurrizkiak) eta elkarketa kontuan hartuz, honako egiturak izan ditzakegu:

·     Atzizkidun eratorriari aurrizkia eranstea: marxismo > anti-marxismo

·     Aurrizkidun eratorriari atzizkia eranstea: birmoldatu > birmolda-keta

·     Aldi berean aurrizkia eta atzizkia eranstea (parasintesia): em-pobr-ecer (euskaraz hau ez da asko ematen)

·     Osagaietako bat aurrizkiduna duen hitz elkartua: des-egin + aldi

·     Osagaietako bat (edo biak) atzizkiduna duen hitz elkartua: liburu + bana-tzaile

·     Hitz elkartuari atzizkia erantsiz sorturiko eratorria: aita-ama > aita-amago; Estatu Batuak > estatubatuar

·     Hitz elkartuari aurrizkia erantsiz sorturiko eratorria: portavoz > viceportavoz (euskaraz hau ez da asko ematen)

·      Hitz elkartuari lehenik atzizkia eta ondoren aurrizkia erantsiz sorturiko eratorriak: Iparramerika > iparramerik-ar > anti-iparramerikar

Hitz-elkarketa

Hizkuntzalaritzan, hitz-elkarketa hizkuntzen prozesu morfologiko bat da neologismoak sortzeko; hau da, hitz berriak sortzeko. Hitz-elkarketa lexema edo erro (hau da, hitzen parte aldaezin) bi edo gehiago koordinatzean datza, unitate semantiko eta sintaktikoa osatzen duen hitz berri bat sortzeko. Lokuzio, lexia, enuntziatu fraseologiko edo kolokazio bezalako unitate fraseologikoetatik desberdindu behar dugu.

Hitz-elkarketa hitz sorkuntzarako prozesu unibertsal bat da, hizkuntza guztietan ematen dena neurri batean edo bestean. Aldiz, eratorpena edo flexioa hizkuntza flexibo eta eranskarietara murrizten da gehienbat. Hitz-elkartuen tipologia eta esanahia desberdintzen da ere hizkuntzatik hizkuntzara. Alde batetik, hitz-elkartu koordinatuak daude, zeinetan bi hitzek kategoria berdinekoak diren eta, bestetik, menpeko hitz-elkartuak daude, zeinetan hitz-elkartuaren kategoria formante nagusiaren berekoa izango dena.

Hitz-elkartuen formakuntza

Hitz-elkartuen sorkuntzarako arauak asko aldatzen dira hizkuntzatik hizkuntzara:

·     Hizkuntza sintetikoetan, elementuen arteko erlazioa marka morfologiko edo kasuengatik egon daiteke adierazita. Alemanez, esaterako, Kapitänspatent (merkataritza baimena) hitza bi lexemaz osatuta dago: Kapitän (kapitaina) eta Patent (patentea edo lizentzia), -s- markaz lotuta (aintzinako genitibozko kasu marka).

·     Hizkuntza eranskarietan, hitz-elkartu oso luzeak eratzeko joera dago, eratorpen-morfemaren laguntzarik gabe. Alemana eta finlandiera ezagunak dira hitz-elkartu oso luzeak izateagatik. Finlandieraz, adibidez, hätäuloskäytävä (larrialdietarako irteera) moduko hitz-elkartu luzeak daude. Hori bai, lexema hiru edo gehiagoko hitzak arraroak dira eta, bestalde, nahiz eta hitz-elkartu hauek lotuta idatzi, lexemen arteko pausak egiten dira hitz egiterakoan.[2]

Hitz-elkartuen osaera eta idazkera euskaraz

Euskaraz, hiru hitz-elkartu motak bereiz ditzakegu[3], bereiz idazten direnak, marratxoarekin idazten direnak eta loturik idazten direnak. Honako  hitz-elkarte  modukoak bereiz idatziko dira:

·     Aposizioak: Bidasoa ibaia, Aralar mendia, Larramendi kalea, Arriaga  antzokia, Axular liburutegia, Xalbador ikastegia, Uztapide bertsolaria, maisu Juan, B eredua…

·     Egin,  eragin, eman eta hartu-rekin osatzen diren aditz-elkarteak: hitz egin, hots egin, lo egin, negar egin, negar eragin, beldur eman, hots eman, min hartu, parte hartu…

·     Etxez etxe ereduko bikoiztapenak (lehen osagaia deklinaturik, bigarrena ez): aurrez aurre, gainez gain, gizaldiz, adarrik adar, kalerik kale…

·     Egin berri eredukoak: amaitu berri, esan berri, sortu berri... (Salbuespenak: ezkonberri modukoak)

·      Mahai gainean, etxe aurretik gisako postposizioak: esku artean, gerra aurretik, aste barruan, hiri barnera… (Salbuespenak: nazioarteko, hiriarteko, jendaurrean…).

·     Bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak: ur bila, bake bila, diru eske, barkamen eske, egur falta, lo falta…

·     Lehen osagaia erdal, euskal, giza edo itsas duten elkarte berriak: erdal gramatika, erdal itzulpena, euskal olerkiak, euskal idazleak, giza zientziak, giza adimena, itsas garraioa, itsas ekologia...

Honako hitz-elkartu hauek, berriz, marratxoz idatziko dira:

·     Gorri-gorri ereduko bikoiztapen indargarriak (lehen osagaia deklinabide-atzizkirik gabe dutenak): labur-labur, adi-adi, erne-erne, ozta-ozta, luze-luzea, gaur-gaurkoz, zuzen-zuzenean…

·     Apurka-apurka ereduko bikoiztapenak (bi osagaiek atzizki berbera): tarteka-tarteka, banaka-banaka, egunero-egunero, astiro-astiro...

·     Seme-alabak eta zuri-gorriak ereduko elkarteak: anai-arrebak, aitona-amonak, galde-erantzunak, maisu-maistrak, txuri-urdin, joan-etorri...

·     Barra-barra, plisti-plasta eta zehatz-mehatz eredukoak: bor-bor, dar-dar, kili-kili, mara-mara, pil-pil, nahas-mahas, tarteka-marteka... (Salbuespenak: esamesa, tirabira, tximista, , zurrumurru, dirdira, marmar...).

·     Ezkio-Itsaso ereduko leku-izen elkartuak: Abanto-Zierbena, Gernika-Lumo, Lasarte-Oria, Biurrun-Olkotz, Etxarri-Aranatz, Arratzu-Ubarrundia, Iruraitz-Gauna… (Bi herri elkartzean sortutako leku-izen horiek marratxoz idatzi behar dira, baina, Donostia/San Sebastián eta gisakoetan, herri bakar bat esateko bi izen erabiltzen direnean, itzulpena dela-eta, barra idatzi behar da).

Azkenik, honako hauek loturik idatziko dira:

·     Jarleku (aditzoina + izenondoa) moduko elkarteak: egongela, salneurri, jokamolde…

·     Aldagaitz (aditzondo + izenondoa) bezalako izaera elkarteak: irakurgaitz, sinestezin, ulerterraz…

·     Odolustu (izena + aditza) moduko izen-elkarte arruntak: indargabetu, indargaldu, azpimarratu…

·     Bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edo -gintza,-zaintza duten elkarteak

·     Bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak: langile, atezain, dirudun, lotsagabe, solasaldi, asteburu, legegizon, lankide, kalekume…

·     Lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak: aurreikuspen, gainbegirada, azpimultzo…

·     Lauburu (zenbatzailea + izena) moduko elkarteak: hiruhortz, ehunzango, begibakar…

Bestalde, elkarketako lehen osagaiak berezko “-a” duen kasuan, Euskaltzaindiak aukera bat baino gehiago utzi du. Halakoetan, hitz elkartua “-a” itsatsia kendu gabe eta marratxoz idaztea hobesten eta gomendatzen da ikasmaterialetan:

·     Amaieran “-ia” dutenetan: egia-maila, industria-sare, familia-liburu, ortografia-arau, geografia-izen, toponimia-ikerketa...

·     Hizkuntza, kultura, literatura edo natura osagaia dutenetan: hizkuntza-ariketa, hizkuntza-eskakizun, kultura-gaitasun, natura-zientzia...

·     Gainerako elkarte berri guztietan: eskola-liburu, hezkuntza-mundu, jaiotza-kontrol...

Erreferentziak

  1. Eratorpena eta hitz-elkarketa - hiru.eus. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  2. http://www.finnsnw.org/etc.html. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  3. Arauak 20: HITZ ELKARTUEN OSAERA ETA IDAZKERA | euskaljakintza. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).