Edukira joan

Biloria (Lana)

Koordenatuak: 42°42′41″N 2°14′05″W / 42.71139°N 2.23472°W / 42.71139; -2.23472
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Lanako kontzejuari, Nafarroa Garaian buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Biloria».
Biloria
kontzejua
Administrazioa
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaLana
AlkateaMiguel Ángel Landa
Posta kodea31283
Geografia
Koordenatuak42°42′41″N 2°14′05″W / 42.71139°N 2.23472°W / 42.71139; -2.23472
Map
Altitudea615 m
Demografia
Biztanleria29 (2025)
MetropoliaLizarratik 27,6 kilometrora
Iruñetik 79,9 kilometrora
Herritarrabiloriar
Informazio gehigarria
https://www.valledelana.com/viloria/
Biloriako etxeak.

Biloria Nafarroa Garaiko mendebaldeko herri eta kontzeju bat da, Lana udalerrikoa, Lizarrako merindadekoa. Lana haranaren ekialdean dago. 29 biztanle zituen 2025. urtean.

NA-7293 errepideak zeharkatzen du. Herritik, Lokiz mendilerroko soroetara doan pista bat abiatzen da.

1842ko erroldan, erran nahi baita, Lanako bost herrien arteko fusioa gertatu baino lehen, udalerri independentetzat ageri da.

Izena jatorriz erromantzea da, eta "villa de Oria" (Oria hiribildua) edo "villa áurea" (urrezko hiribildua) erran nahi du, urreari edo Santa Oriari erreferentzia eginez.[erreferentzia behar]

Herriaren izena, gaztelaniaz, Viloria da.

Dokumentu zaharretan honela agertzen da: Biloria (1175, NEN); Uilla Oria (1032, NEN); Uilloria, Villoria, Vylloria (1087, NEN); Uillorienses, Uicini (1087,1102, NEN).

Biloriako biztanleria, XIX. eta XX. mendeetan
1800 1842 1960 1970 1981 1986 1990 1991 1995
145 82 218 72 51 45 50 47 44
Biloriako biztanleria, XXI. mendean
2000 2001 2002 2003 2004 2005 2006 2007 2009
46 44 46 45 45 42 39 36 41
2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2020
44 43 39 37 35 34 33 32 30

Herriko sarreratik, eliza goialdean bereizten da, menderatuz. XVI. mendeko eraikuntza da, eta barnealdean erretaula erromanista bikaina du, Lope de Larrea eskultore arabarrak San Andresi eskainia.

Elizaren ostean frontoia dago, hauxe ezaguna egin da bertan "Tasio" filmeko eszena batzuk protagonizatu baitziren. Bertan, ikazkin baten bizitzea kontatzen zen. Izan ere, Biloria Nafarroako azken tokietako bat da non bertan egur-ikatza egiten segitzen baitute. Herriaren akabantzan, "larrainak" izenaz ezagutzen den eremuan, ikaztegiak kea dariela ikus daitezke oraino udan.

Elizaren pean, herria zabaltzen da. Etxetzar asko ditu, eta hauek fatxadetan armarriak dituzte, batez ere haranekoa, eta balkoi eta atarietako burdinsareak.

Hemen bizi da eta haren burdinolan lan egiten du Paul Montague eskultore ingelesak, duela urte batzuk haren jaioterriak eskaintzen zionaz bertzelako zerbaiten bila etorri zenak.

Hiru ermita ditu: La Soledad, hirigunean; San Anton, herriaren gaineko mendian; eta Santa Kiteria, pagadi baten erdian, Lokiz mendilerroan, errepidetik bi ordu ingurura. Santa Kiteriara herritarrak oinez joaten dira maiatzaren 22ko erromerian.

Biloriak bi landetxe ditu: Pakienea landetxea, herriaren sarreran; eta Ikigai etxea, frontoiaren ondoan.

Kaleak:

  • La Fuente Kalea
  • El Centro Kalea
  • El Río Kalea

Herritik Galtzarra erreka iragaten da.

Hirigunea, neurri batean, buztinezko mikriten eta buztinen gainean dago, eta, zati batean, kareharrien gainean. Hegoaldean, biosparitez eta biomikritaz osaturiko lurrak daude.

38. egintzaren 1/2 esleiturik dauka, Galbarra eta Ulibarri inguruko kontzejuekin batera, Bi landetxe ditu; Pakienea eta Ikigai.

Sistema tradizionalarekin egur-ikatza egiten da oraino, Montxo Armendaritzen Tasio filmean dokumentatzen den bezala.

XVI. mendearen amaieran (1587) eremu euskaldun aurreratuan agertzen zen, Gaztelaniarekiko (hainbaten artean: Euskararen geografia historikoa, Auñamendi, 1960, t. I, 126-137. or.). Irigaraik, 1778ko mapan, eremu erdaldunduan sartu zuen (op. cit., 67-102 or.).

Hemen egiten zen euskara, Lana osoan bezala, nahiz eta hegoaldeko goi nafarrera izan, Arabako euskaratik eragin handia zuen.

Jaiak San Andresen omenez ospatzen dira. Lehen azaroan ospatzen ziren, baina duela urte batzuk abuztura eraman zituzten. Abuztuaren 12, 13, 14 eta 15ean zehar.

Irailaren 8an Andre Mariaren Jaiotza ospatzen da.

Eraikuntza zibilak

Herrigune maldatsua da, eliza sendoa du nagusi, eta etxe xumeak ditu. Hala ere, silueta erromeseko etxeren bat bada, erraterako, eskailera duen etxe bat, arkupe txikia eta armarria duena. Bertze etxe apal batzuk badira, SSen armarriak dituztenak. XVII. eta XVIII., eta ate iltzatu deigarri bat edo aldabetako burdineriaren aberastasun apur bat aurkitu da. [Erref.: Caro Baroja "La C. en N., III, CAN, 1982].

San Andres Eliza parrokiala

Erdi-Aroko eraikina da eta landa-tipologia du. Horren lekuko da XVI. mendeko oinplanoa, nahiz eta traza dogotiko berantiarra izan. Habearte angeluzuzena du, bi atal karratutan banaturik. Burualde karratua du, habeartea baino hertsiagoa, eta tertzeletedun gangek estaltzen dute, mentsula platereskoetan bermatzen diren giltzarri apainduekin.

Kanpoaldea harlanduxkaz eginik dago, eta sarrerako atea arku beheratuarekin. Arkupe xuxenak babesten du, erdiko egurrezko zutabe zapatadunak. XVII. mendeko dorrea, oinplano karratukoa eta harlanduxkako bi gorputz kubiko ditu, eskantzuetan harlanduzko kateak dituztenak. XVI. mendeko bataiarria. Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula, Bartolome Calvok egina, XVII. mendeko lehen herenekoa, manierista.

Erretaula nagusia estilo berekoa da, Lope de Larreak 1606 eta 1607 urteen artean zizelkatu zuen. Banku jasoa du, 4 erlieberekin, eta gorputz bakarra, 4 zutaberekin; erdiko zutabeartean, San Andresen tailua; eta alboetan, Santiago eta San Martin. Erremateak aberastasun handia du trazaduran, eta frontoi zatituak ditu. Taulamenduaren landare-apainketa nabarmena da, baita bankuko erliebe erromanistak ere, Azken Afaria eta Getsemaniko baratzeko otoitza irudikatuz. Era berean, parrokiako titularraren irudia, Larrearen artearen dotorezia manierista adierazgarriarekin sortua.

Santa Quiteria baseliza

Lokiz mendilerroan dago, eta dokumentazioan "Nuestra Señora del Robledo" bezala ere aipu egiten zaio. XVI. mendeko landa-eremuko eraikuntza.

San Anton baseliza

Oinplano trapezoidaleko landa-eraikina da, bi isurkiko estalkia du, zurezko habeak eta ate dinteldua; titularraren tailua, erromanista, XVI. mendekoa da.

"Nuestra Señora de la Soledad" edo "Dolores"en baseliza

XVI. mendeko baseliza ere bada, garai bereko bataiarri eder bat duena, gallonatua.

Foru-antolakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lana bailarako lekua, eta Lizarrako merindadeko 2. alderdia, Nafarroako erresuma.

Erakundeak eta Zerbitzuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Acción Republicanako Koru Kontseilua (1923), Centro Republicano Autónomo (1932), Círculo Tradicionalista (1937).

Frontoia dauka.

Oiuniko monasterioa. Biloriarekin batera, Villa Oria bezala aipatua XI. mendeko dokumentazioan, Oiuniko monasterioa zegoen, Antso Nagusiak 1032an Iratxeko monasterioari dohaintzan emandakoa.

Iratxea. Monasterioak berak jaso zuen XII. mendeko lehen urteetan Biloriako jaurerria, Vela Velezen dohaintzaren bidez. 1172an, Alexandro III.a aita santuak Iratxeri bere babespean hartu eta bere pribilegio eta ondasunak berretsi zituelarik, hauen artean, Biloria aipatzen da. Bi urte geroago, bertako eliza, Iruñeko apezpikutzarena zena, Tafallako San Pedro elizarekin trukatu zioten Iratxeko abadeari.

Auzotasunak. 1731n Biloriak Koroatik, Orreagako Elkargoaren Kabildoari 100 dukat ordaindu ondoren, kanpoko auzotartasunik ez egoteko pribilegioa erdietsi zuen.

Eliza-antolakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artziprest dagoen San Andresi eskainiriko parrokia.

Biloria fikzioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tasio

XVI. mendeko dorreak herri osoa zaintzen duen elizaren gainerakoa, Bilorian Tasio pelikulako eszenatoki gogoratuenetako bat aurkituko dugu, protagonistek akordeoien erritmoan dantzatzen zuten frontoia. Hemen, ikazkintzaren tradizioak bere horretan dirau. Las Eras izeneko eremuan, uda garaian, landare-ikatza egiten duten eraikin bitxi horiek ikus daitezke, antzina-antzinatik egin izan den bezala. Etxe artean ibilaldi bat eginez gero (horietako batzuk armarriekin apaindurik daude), Paul Montague eskultore ingelesaren lana ere ezagutuko dugu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]