Bitoriano Gandiaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bitoriano Gandiaga

Bizitza
JaiotzaMendata1928ko urriaren 8a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaArantzazu (Oñati)2001eko otsailaren 21a (72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta, monjea eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Inguma: bitoriano-gandiaga-artetxe-1928-2001 Literaturaren Zubitegia: 42

Bitoriano Gandiaga Artetxe (Mendata, Bizkaia, 1928ko urriaren 8a - Arantzazu, Gipuzkoa, 2001eko otsailaren 21a) fraidea eta euskal poeta izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitoriano Gandiaga Mendatan jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. Hamahiru urte zituela Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen Humanitateak. Zarautzen zuen zuen nobizio-urtea (1947-1948). Erriberrin egin zituen Filosofiako ikasketak (1948-1951) eta Arantzazun Teologiakoak (1951-1955). Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan. 1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko otsailaren 21ean hil zen Arantzazun.[2]

Gaztetatik hasi zen olerkiak idazten –1950ean argitaratu zuen aurrena, Erriberriko Filosofiako ikasleen Gure Izarra barne-aldizkarian–; ondorengo urteetan olerkiak idazteari eutsi zion, eta 1951tik aurrera aldizkaritan hasi zen argitaratzen (Aránzazu, Euzko-gogoa, Olerti, etab.). Hainbat sari eta aipamen lortu zuen urte horietan olerki-lehiaketetan: Donostia (1951), Zarautz (1954) Arantzazu (1956), Euskaltzaindia (1959).

Aldizkaritan kaleratu zuen Gandiagak olerki hainbat (180 inguru) edota multikopiaturiko sortetan zabaldu (175 inguru). Horiez gain sei liburu argitaratu zituen Gandiagak bere bizitzan: Elorri (1962), Hiru gizon bakarka (1974), Uda batez Madrilen (1977), Gabon dut anuntzio (1986), Denbora galdu alde (1985) eta Ahotsik behartu gabe. Euskal abeslariek Gandiagaren poema ugari musikatu (150etik gora) eta grabatu eta publikatu (100 inguru) dute.

Literatur idatzi ugari utzi zuen argitaratu gabe hiltzean; bere bizitzan argitaraturikoak baino askoz gehiago: horietako gehienak nahikoa landuak edo guztiz burutuak; hainbat, zirriborro moduan. Idatzi guztien edizio kritikoa lantzearekin batera, eta argitaratu gabeko hainbat olerki eta testu bildu eta sailkatuz, aparteko bildumak argitaratu zituzten autorea hil ondoren: Adio (2005), eta lau tomo monografiko biltzen dituen Argitaratu gabeko poemak izenekoa (2006): Euskalminez, Biziminez, Jainkominez, Izadiminez. Gainera haren hainbat poema argitaragabe sartu zuten beste bi liburu hauetan: Justizia eta bakea. Poemak eta otoitzak (talde-liburua, 2003) eta Jaunarekin supazterrean. Gandiaga oroituz (Patxi Ezkiaga, 2003). .

Gandiagak bere bizitzan argitaraturikoen antologi zabalak ere argitaratu dituzte: Bitoriano Gandiaga Artetxe, Bizitza itxaropen delako (Amaia Iturbide; EHU, 2001, 306 or.) — XX. mendeko poesia kaierak. Bitoriano Gandiaga (Koldo Izagirre; Susa, 2001, 60 or.) — 50 0lerki gandiagatar. Berrogeita hamar urte (1951-2001) hitza zizelkatzen (Labayru, 2001, 68 or.).

Idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mundua lehen pertsonan bereganatzen du. Ez da errealitatea jasotze hutsarekin konformatzen. Arazoek sorrarazten dioten larri-mina nabari zaio. Etengabeko tenka erakusten du irudi poetikoetan: errealitatea/ametsa, desira/existentzia, landa/hiria. Haren krisiak kristau-fedean aurkitzen du sendabidea.
  • Hiru gizon bakarka idatzi zuenean, poesia biribil eta biluzia egin zuen: formari dagokionez, antzeztua izateko sortua da; muinari dagokionez, Euskal Herriaren egoera adieraztea du helburu. Alegoria modura aurkeztuen du txakolinaren ospakizuna zatia. Euskal Herria eta txakolina berdindu egiten dira: “Ardo nahi ta ezina”. Oinarrizko frustrazio horretatik dator Gandiagaren sentiberatasuna.
  • Hiriaren erasoa: denak elkarren ondoan egon eta bakarrik sentitzea da Uda batez Madrilen liburuaren giltzarria. Olerkien forma eta moldeak ere kaos hori adierazten dute.
  • Gabriel Aresti garaikidearen eragina ere nabari da olerki sozialak deiturikoetan. Existentzialismoaren arrastoa ere bai.
  • Gaietan zein moldeetan, gerraurreko olerkarien bideari eusten dio.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Bitoriano Gandiaga» gandiaga.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
  2. Iraola, Rufino. (2002). Bitoriano Gandiaga (1928-2001).. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 3-8 or. ISBN 84-457-1867-3..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]