Euzko-gogoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Euzko-gogoa
Mota Literatura bihilabetekaria
Lehen zenbakia 1950
Azken zenbakia 1959
Banatze lurraldea Guatemala (1950)-(1955)

Ipar Euskal Herria (1955)-(1959)

Argitaratze hiria Guatemala (1950)-(1955)

Biarritz (1955)-(1959)

Ideologia politikoa Abertzalea
Hizkuntza Euskara
Ale kopurua 44
Argitaletxea Liceo Lindeaga
Sortzailea Jokin Zaitegi
Zuzendaria Andima Ibiñagabeitia
Erredaktore nabarmenak Nikolas Ormaetxea Orixe

Euzko-Gogoa Jokin Zaitegik 1950ean, Guatemalan, sortutako iritzi eta literaturari buruzko euskarazko aldizkaria izan zen.[1]

Zaitegik Nikolas Ormaetxea Orixe Guatemalara deitu zuen aldizkariaren argitalpenean lagun ziezazion. Orixe aldizkariko idazkaria izan zen 6 hilabetez (1950). Ondoren Zaitegik beste lagun bati deitu zion, Parisen erbesteratutako Andima Ibiñagabeitiari hain zuzen ere. Ibiñagabeitia ez zen 1954. urtera arte heldu eta bertan aritu zen Guatemalan inprimatutako azken zenbakira arte. Zaitegik 1955. urtean Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen eta hurrengo urtetik aurrera aldizkaria Biarritzen prestatu eta kaleratzen zen. Hortaz, aldizkariak bi epe izan zituen: Guatemalako aldia, 1950-1955 urteen artekoa, eta Biarritzeko aldia, 1956-1959 urteei dagokiona.

Bi hilabetez behin argitaratu eta Iparraldera bidaltzen zen, eta handik euskal erresistentziak Hegoaldera pasatu eta banatzen zuen, aldizkaria legez kanpokoa baitzen estatu espainiarrean.

Aldizkariak gorabeherak izan zituen argitaratzeari dagokionez, zeren berau finantzatzeko Jokin Zaitegik bere ondasun apurrak erabiltzen baitzituen. 1953an, esate baterako, ez zen alerik argitaratu. Guztira, 44 zenbaki argitaratu zituen Euzko-Gogoak 1950etik 1959ra (azken zenbakia urte horretakoa da nahiz eta inprimategitik 1960ko uztailan atera), eta 3.658 orrialde, bi tamaina erabat desberdinetan.

Sailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkariak sail finkoak zituen:

  • Olertia: poesia.
  • Elertia: prosa.
  • Eresertia: musika eta kantua.
  • Antzertia.
  • Euskera.
  • Yakintza.
  • Gizartea: soziologia.
  • Idazti deunak: eskritura santuak.

Gaiei dagokienez ere, Euzko-Gogoak hainbat gai erabili zuen, euskaraz landu gabeak, baina gehienbat giza eta gizarte zientzietakoak. Literaturak, adibidez, leku esanguratsua izan zuen argitalpenean, gai guztien %57. Gai filosofikorik, berriz, ez zen falta izan (%3,35). Gai berrikuntza horrek helburu aitortua zuen aldizkarian eta Zaitegiren asmoetan: bideak erraztea Euskal Ikastetxe Nagusiari, alegia, unibertsitateari.

1956a ezkero Miarritzen finkatu eta euskal gaien inguruko artikuluak argitaratu zituen.

1959an desagertu zen.

Aldizkariaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere apalean, Euzko-Gogoa oso garrantzitsua izan zen gerraosteko urteetan, garai hartan Hego Euskal Herrian geratu ziren euskal idazleek apenas zuten-eta non idatzi. Euzko-Gogoak bete zuen hutsune hori atzerritik.

Aldizkariaren orrialdeetan begiratzen duenak, hantxe aurkituko ditu orduko euskal idazleen arteko izenik garrantzitsuenak: Orixe, Zaitegi, Ibiñagabeitia, Villasante, Ithurralde, Mirande, Peillen, Iratzeder, S. Mitxelena, Aresti, Etxaide eta Txillardegi, besteak beste. Alegia, orduko idazle zahar eta gazteak, ateo eta fededunak, denak plaza berean.

Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseba Intxausti: “Errepublika aurretik eta Errepublikarekin kanpora irten beharrean aurkitu ziren josulagun gazteek, beren heldutasunera iristean egindako aldizkaria izan zen. Egan (aldizkaria) eta, gero, Jakin agertu ziren arte, berau izan zen erbesteko eta Euskal Herri barneko lankide euskaltzaleak bildu zituena”.

Koldo Izagirre: “Euzko-Gogoa, euskal literaturak inoiz ezagutu duen adierazpen esparrurik libreena, gure poesia modernoaren ataria, Iokin Zaitegik sortu eta kudeatu zuen”.

Aita Villasante: “Gerra ondoko urte latz haietan, euskaraz ezer egiterik ez zegoenean, gau beltzaren erdian, izar bat agertu zen, non eta Guatemalan. Euzko-Gogoa aldizkaria esan nahi dut. Eta hara bildu ziren euskararen alde zerbait egin nahian zebiltzanak”.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euzko-Gogoa», Ibiñagabeitia Proiektua. Andima.armiarma.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]