Edukira joan

Bizantziar artea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pantokrator mosaikoa, Hagia Sofia basilikan.

Bizantziar artea Bizantziar Inperioan garatu zen artea, eta era zabalago batean, inperio honen oinordekoena. Horrela, eta nahiz eta inperioa Erromaren gainbeherarekin hasi eta Konstantinoplaren hartzearekin 1453an amaitu, Europa Ekialdeko estatu ortodoxoek, eta hein batean Mediterraneo ekialdeko estatu musulmanek, inperioaren kultura eta artea gorde zuten mendeetan zehar.

Artea eta arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantziar arkitekturako arlo jorratuena erlijiozkoa zen, hau da, elizak eta monasterioak. Bizantziar elizen barruko mosaikoak eta pinturak ez ziren ez apaingarri hutsak ez helburu didaktiko hutsez eginak ere. Dekorazioak jainkoaren erreinuaren distira adierazi behar zuen, batetik, eta liturgia ospatzeko giro egokia eskaini, bestetik. Dekorazioak aparteko garrantzia zuen bizantziar arkitekturan, barrualdeak sortzeko asmatua baitzen. Mosaikoez, margoez eta gur egiteko gauzez betea zegoen barrualdea, eliztarren arreta haietara erakartzeko.

Bizantziar mosaikoetan eta pinturetan arketipoen arabera irudikatu zen gizakia. Proportzioak eta formak aldez aurretik erabakitzen ziren, arau finko batzuen arabera.

Mosaikoak eta ikonoak egiteko prozedurak, batetik, eta erabili beharreko kanonek, bestetik, zehaztasunez definitzen zuten margolanaren nolakotasuna, eta baziren gainera pintoreentzako gida bereziak. Gorputzak bederatzi bururen altuera izan behar zuen eta hirurena gorputz enborrak. Aurpegiak hiretan zatitua egon behar zuen, eta sudurraren luzera hartzen zen banakotzat. Irudiak, beraz, erabateko perfektutasuna adierazi behar zuen.

Oso margo distiratsuak erabili ziren. Mosaikoen koloreek ez dute errealitatea erakutsi nahi, begiralea hunkitu baizik. Ez dago itzalik, eta argi-itzalak arropa zimurren efektua egiteko eta gorputzei bolumena emateko erabiltzen dira, baina ez dute argiaren norabide bakarraren logika betetzen. Hondo urrezkoek irudiaren eta arkitekturaren arteko muga markatzen dute, eta argitasun gutxi dagoenean irudia nabarmentzen dute.

Elizako ikonografia Pantokratorraren edo Ama Birjinaren inguruan antolatzen zen. Kupulan edo absidearen sakongunean irudikatzen ziren hauek, absidean, Pantokratorraren aldamenean, aingeruak edo profetak irudikatzen ziren eta erdiko kupulako petxinetan berriz, lau ebanjelariak.

Erlijio gaiak ez ezik gai profanoak ere irudikatu ziren, San Vitaleko mosaikoetan, adibidez. Gai horiek, eta orobat landare edo lerro hutsezko dekorazio geometrikoa, ikonoklasten aroan zabaldu ziren batez ere.

Mosaikoa San Vitale basilikan (Ravenna): Justiniano enperadorea eta Maximiano apezpikua, apaizez eta gudariz lagunduak.

Mosaiko bizantziarra mosaiko erromatarraren bilakaeraren ondorio da. Erromatarrek hasieran zoruak apaintzeko erabili zituzten mosaikoak, eta gero, I. mendetik aurrera, baita hormak apaintzeko ere. Bizantziarrek ere hormak eta zoruak, biak apaindu zituzten mosaikoz, baina bigarrenetatik apenas gorde den aztarnarik. Gorde diren horien artean aipagarrienak Konstantinoplako Jauregi Handikoak dira ; geometria eta ehiza, eta mitologia gaiak irudikatzen dituzte, eta Afrika Erromatarrean IV. mendean egin ziren mosaikoen antzekoak dira.

Hormetako mosaiko bizantziarra originala izan zen gaietan nahiz koloreak eta formak tratatzeko moduan. Hala ere, ez estiloan ez gaietan ere ez zen aldaketa handirik izan mendeetan zehar. X. mendea baino lehenago egindakoetatik ez dira asko gorde. Horien artean aipagarrienak Ravennako San Vitalekoak dira. Hagia Sofiakoak eta Veneziako San Marko basilikakoak X. mendeaz gerokoak dira, Siziliako eliza batzuetakoak bezala. Paleologoen dinastia bitartean (1261- 1453) mosaikoen arteak halako berpizte bat izan zuen Konstantinopla eta Tesalonikako elizetan eta Athos mendiko, Bulgaria eta Serbiako monasterioetan. Gai gehiago landu ziren, irudiak adierazkorragoak bilakatu ziren eta elementuez inguratu ziren, paisaia baten barruan irudikatutako eszena bat bezala itxuratuz mosaikoa.

Peribleptos elizako freskoa, Mistra

Arrazoi ekonomikoak zirela medio freskoek mosaikoen lekua hartu zuten pixkana-pixkana. Mosaikoak garestiak ziren eta denbora asko behar zen haiek egiteko. Freskoak, berriz, azkarrago egiten ziren eta eremu handi eta zabalagoak hartzen zituzten.

Hasieran sinbolo hutsez egin ziren, mosaikoak bezala, haina hormak zabalera handiagoa hartu ahala gertaerak kontatzeko erabili ziren. Pintura eskola desberdinak izan ziren, zein bere estiloarekin.

Ikonoa euskarri eramangarrian egindako erlijio pintura da. Bizantzioko artearen ezaugarri berezia dira, eta pintura helenistikoan eta erromatarrean eta Egipto greziarren eta erromatarren mende egon zen garaiko momien erretratuetan ditu erroak. Ikonoak igeltsuzko geruza mehe batez eta batzuetan lihozko oihal batez estalitako zurezko oholetan eginak daude. Marrazkia zizel txiki batez egiten da, eta tenpera edo argizarizko margo opakoez estaltzen da gero.

Ikono batzuek urrezko, zilarrezko eta esmaltezko apaingarriak zituzten. Ikonoen estiloaren bilakaera horma margoenarena parekoa izan zen, baina horietan ez bezala ikonoetan gai bakarra landu zen : Kristoren irudia eta Ama Birjina Haurrarekin.

Gur egiteko objektuak zirenez, arau zorrotzak bete behar zituzten formaz. Ikonoak, beraz, ez dira egilearen asmamen artistikoa agerrarazten duten objektuak, eskulangintzako piezak baizik, trebetasun handiz eginak.

Ikonoen pintura erlijio ortodoxoarekin batera zabaldu zen Balkanetan eta Errusian. Azken herrialde horretan bizi-bizirik iraun zuen ikonoak egiteko antzeak, baita Bizantzioko inperioa desagertu ondoren ere.

Eztabaida ikonoklasta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bizantzioko eztabaida ikonoklasta»

726an Leon III.a enperadoreak erlijio irudien gurtza debekatu zuen, eta irudi guztiak suntsitzeko agindu. Ediktu harekin hasi zen aro ikonoklasta erlijio irudien aurkakoen eta aldekoen artean. Eztabaida gogorra izan zen, mende luze iraun zuen, eta elkarren aurkako bi taldetan banarazi zuen gizartea. Batetik ikonoklastak zeuden, alegia, nobleak eta goi mailako elizgizonak, enperadorearen gidaritzapean ; Bibliaren erlijio irudien debekuaren interpretazio hertsia egiten zuten, horrek guztiak idolatria ekarriko zuelakoan. Ikur abstraktuetara eta animalia eta landare formetara murriztu nahi zuten erlijio artea. Haien aurkariak, berriz, fraideen gidaritzapean zeuden, eta erlijio irudien aldekoak zirren. Indar handia izan zuten inperioaren sartaldean, eta hori zela-eta enperadorean ediktuak apenas izan zuen eraginik han. Liskar hura, teologia eztabaidak gorabehera, enperadorearen eta Elizaren arteko borrokaren isla zen, aginpidea nork bereganatuko. Liskarrak, azkenean, eliza bereiztea eragin zuen[erreferentzia behar] : sartaldeko eliza edo erromatarra, batetik, eta sortaldekoa edo ortodoxoa, bestetik. Konstantino V.a enperadorean garaian bere gorenean zegoen liskarra. Era guztietako erlijio irudiak suntsitu ziren, ikonoak erre, igeltsuz estali ziren mosaikoak, hormetako freskoak suntsitu, eta Kristoren irudien ordez loreenak edo enperadoreenak jarri ziren leku askotan.

Liskarra inperio osora hedatu izan balitz, desagertu egingo zen bizantziar artea, baina, batetik, inperioaren sartaldean irudiak osorik iraun izanak eta, bestetik, ikonoklastek borroka galtzeak (843an), berehala suspertu zuten erlijiozko dekorazio artea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Alloa, Emmanuel (2013). "Visual Studies in Byzantium". Journal of Visual Culture. 12 (1): 3‒29. doi:10.1177/1470412912468704. S2CID 191395643.
  • Beckwith, John (1979). Early Christian and Byzantine Art (2nd ed.). Penguin History of Art. ISBN 978-0140560336.
  • Cormack, Robin (2000). Byzantine Art. Oxford: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-284211-4.
  • Cormack, Robin (1985). Writing in Gold, Byzantine Society and its Icons. London: George Philip. ISBN 978-054001085-1.
  • Eastmond, Antony (2013). The Glory of Byzantium and Early Christendom. London: Phaidon Press. ISBN 978-0714848105.
  • Evans, Helen C., ed. (2004). Byzantium, Faith and Power (1261‒1557). Metropolitan Museum of Art/Yale University Press. ISBN 978-1588391148.
  • Evans, Helen C. & Wixom, William D. (1997). The Glory of Byzantium: Art and Culture of the Middle Byzantine Era, A.D. 843‒1261. New York: The Metropolitan Museum of Art. OCLC 853250638.
  • Hurst, Ellen (8 August 2014). "A Beginner's Guide to Byzantine Art". Smarthistory. Retrieved 20 April 2016.
  • James, Elizabeth (2007). Art and Text in Byzantine Culture (1 ed.). Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-83409-4.
  • Karahan, Anne (2015). "Patristics and Byzantine Meta-Images. Molding Belief in the Divine from Written to Painted Theology". In Harrison, Carol; Bitton-Ashkelony, Brouria; De Bruyn, Théodore (eds.). Patristic Studies in the Twenty-First Century. Turnhout: Brepols Publishers. pp. 551–576. ISBN 978-2-503-55919-3.
  • Karahan, Anne (2010). Byzantine Holy Images – Transcendence and Immanence. The Theological Background of the Iconography and Aesthetics of the Chora Church (Orientalia Lovaniensia Analecta No. 176). Leuven-Paris-Walpole, MA: Peeters Publishers. ISBN 978-90-429-2080-4.
  • Karahan, Anne (2016). "Byzantine Visual Culture. Conditions of "Right" Belief and some Platonic Outlooks"". Numen: International Review for the History of Religions. Leiden: Koninklijke Brill NV. 63 (2–3): 210–244. doi:10.1163/15685276-12341421. ISSN 0029-5973.
  • Karahan, Anne (2014). "Byzantine Iconoclasm: Ideology and Quest for Power". In Kolrud, K.; Prusac, M. (eds.). Iconoclasm from Antiquity to Modernity. Farnham Surrey: Ashgate Publishing Ltd. pp. 75‒94. ISBN 978-1-4094-7033-5.
  • Karahan, Anne (2015). "Chapter 10: The Impact of Cappadocian Theology on Byzantine Aesthetics: Gregory of Nazianzus on the Unity and Singularity of Christ". In Dumitraşcu, N. (ed.). The Ecumenical Legacy of the Cappadocians. New York, NY: Palgrave Macmillan. pp. 159‒184. ISBN 978-1-137-51394-6.
  • Karahan, Anne (2012). "Beauty in the Eyes of God. Byzantine Aesthetics and Basil of Caesarea". Byzantion: Revue Internationale des Études Byzantines. 82: 165‒212. eISSN 2294-6209. ISSN 0378-2506.*Karahan, Anne (2013). "The Image of God in Byzantine Cappadocia and the Issue of Supreme Transcendence". Studia Patristica. 59: 97‒111. ISBN 978-90-429-2992-0.
  • Karahan, Anne (2010). "The Issue of περιχώρησις in Byzantine Holy Images". Studia Patristica. 44: 27‒34. ISBN 978-90-429-2370-6.
  • Gerstel, Sharon E. J.; Lauffenburger, Julie A., eds. (2001). A Lost Art Rediscovered. Pennsylvania State University. ISBN 978-0-271-02139-3.
  • Mango, Cyril, ed. (1972). The Art of the Byzantine Empire, 312‒1453: Sources and Documents. Englewood Cliffs.
  • Obolensky, Dimitri (1974) [1971]. The Byzantine Commonwealth: Eastern Europe, 500‒1453. London: Cardinal. ISBN 9780351176449.
  • http://www.biblionet.gr/book/178713/Ανδρέου,_Ευάγγελος/Γεώργιος_Μάρκου_ο_ΑργείοςWeitzmann, Kurt, ed. (1979). Age of Spirituality: Late Antique and Early Christian Art, Third to Seventh Century. New York: The Metropolitan Museum of Art.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]