Bob Woodward

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bob Woodward
DIG13846-168.jpg
Bizitza
Jaiotza Geneva (Illinois)1943ko martxoaren 26a (75 urte)
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Familia
Aita Alfred Eno Woodward Jr.
Hezkuntza
Heziketa Yale Unibertsitatea
George Washington University
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea eta kazetaria
Enplegatzailea(k) The Washington Post
Lan nabarmenak Fear: Trump in the White House
Jasotako sariak
IMDb nm0940907
http://www.bobwoodward.com/

Robert Upshur “Bob” Woodward (Geneva, Illinois, 1943ko martxoaren 26a) ikerketa-kazetari estatubatuarra da. 1971 ezkero The Washington Post egunkarian egin du lan erreportari moduan, eta gaur egun editore elkartua da egunkari berean.[1]

1972an erreportari gaztea zela The Washington Post egunkarian, Carl Bernstein erreportariarekin elkarlanean egin zuen lan; bien artean egin zuten kazetaritza lanik handiena Watergate eskandaluaren berri emateko. Lan horien ondorioz, Richard Nixon orduko presidenteak dimititu behar izan zuen. Gene Roberts kazetari ezagunak izendatu zuen Woodward eta Bernstein gazteen lana “seguruenik sekula egin den erreportaje ahaleginik handiena”.[2]

Watergate eskandalua amaituta, Woodwardek segitu zuen lan egiten The Washington Post egunkarian. 19 liburu idatzi ditu AEBetako politikaz, eta horietako 12 best-seller zerrenden goi postuetara iritsi dira.

Bizitza eta karrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Woodward Genevan jaio zen, Illinois estatuan, eta haren gurasoak izan ziren Jane (jaiotzez Upshur) eta Alfred Eno Woodward II, epailea. Wheaton herrian bizi izan zen, Illinois estatuan. Yale Unibertsitatean Ingeles literatura ikasi zuen. Ondoren, bost urte egin zituen AEBetako Itsas Armadan, USS Wright hegazkinontzi nuklearrean, eta bertan kode nuklearrak garraiatzen zituzten ofizialetako bat izan zen.

1970eko abuztuan Itsas Armadatik lotinant gisa lizentziatuta, izena eman zuen The Washington Post egunkarian lan egiteko, George Washington Unibertsitatean Shakespeare eta Nazioarteko harremanak ikasten zituen bitartean. Harry M. Rosenfeld eremu metropolitanoko editoreak bi asteko proba eskaini zion, baina ez zuen kontratatu, ez zuelako esperientziarik kazetari moduan. 1971ean, urtebete eginda The Montgomery Sentinel egunkarian, The Washington Post egunkariak kontratatu egin zuen erreportari gisa.[3]

Watergate eskandalua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1972ko ekainaren 17an, Woodward eta Bernstein erreportari gazteek agindua jaso zuten argitzeko zer gertatu zen Partidu Demokrataren Batzorde Nazionaleko egoitzan, Washington D.C hiriburuaren eraikin batean gertatua, Watergate izenekoa. Bertan, egun batzuk lehenago poliziak lapur ezohikoak atxilotu zituen. Ben Bradllee egunkariko zuzendariaren agindupean, erreportari gazteen lanak agerian jarri zituen Nixon Berrautatzeko Batzordeak Partidu Demokrataren kontra agindutako amarrukeriak, asko eta asko legez kanpokoak.

AEBetako administrazioko goi kargu batek —dezente geroago jakin zen W. Mark Felt zela, garai hartan FBIko bigarrena—, erreportariek “Eztarri urratua” deitu zutena, informazio baliotsua eman zien kazetariei, eta horien erreportajeek AEBetako inoizko eskandalu politikorik handiena eragin zuten: Watergate. 1972ko abuztuaren 1ean erreportari gazteek idatzi zuten Watergaten atxilotutako “iturginak” espiak zirela, eta Richard Nixon Presidentea Berrautatzeko Batzordeak ordaindu ziela. Eskandaluaren ondorioz, 1974ko abuztuaren 8an, Richard Nixon presidenteak dimisioa eman zuen, eskandaluaren hari gehienak harengana iristen baitziren.

1973an Bob Woodward eta Carl Bernstein kazetariek Kazetaritzako Pulitzer saria irabazi zuten, Watergate eskandalua argitzeko egindako lanagatik. Eskandaluaren gaineko liburua, All the President’s Men, libururik salduena bilakatu zen best-seller zerrendetan, AEBetan eta nazioarteko herrialde askotan. 1976an Alan J. Pakula film zuzendariak All the President’s Men filma egin zuen Watergate eskandaluan oinarrituta, Robert Redford eta Dustin Hoffman aktoreekin. Woodward eta Bernstein famatu bihurtu ziren, eta interes handia piztu zuten ikerketa-kazetaritzaren inguruan. 1976an bigarren liburu bat idatzi zuten Watergate eskandaluaren inguruan, The Final Days izenekoa, non kontatzen baita, xehetasun handiz, nolakoak izan ziren Nixon administrazioaren azken egunak.

Hogeita hamar urtez, bi kazetariek eta The Washington Post egunkariko agintari batzuek izan ezik, inork ez zuen jakin izan nor zen “Eztarri urratua” (informazio-iturriari izen hori jarri zioten, garai hartan puri-purian zegoen film pornografiko bat gogoan, izen berekoa), harik eta Vanity Fair aldizkarian haren familiak adierazi zuen arte W. Mark Felt zela. Woodwardek berehala egiaztatu zuen datua, eta liburu bat idatzi zuen, The Secret Man, non kontatu baitzuen Felt-ekin izan zuen harremana.

Hitzaldi zirkuituan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Woodward-ek sarri ematen ditu hitzaldiak industriako lobby taldeetan, eta baita unibertsitate askotan ere. Kobratzen du 15.000 eta 60.000 dolar artean, non hitz egiten duen, eta diru hori Woodward Walsh Fundazioari ematen dio, bana dezan karitate-elkarteen artean.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Woodward bizi da Washington hiriburuko Georgetown eremuan. Hiru aldiz ezkondu da. Lehen aldian (1966-1969) institutuko andregaiarekin ezkondu zen, Kathleen Middlekauff, gaur egun ingeles irakaslea. Bigarren aldiz (1974.1979) Frances Kuper-ekin. Eta 1989an hirugarren aldiz, Elsa Walsh-ekin The New Yorker aldizkariko idazlea. Bi alaba dauzka: Taliesin (1976an jaioa) eta Diana (1996an jaioa).

Pop kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru aktorek antzeztu dute Bob Woodward-en rola, beste horrenbeste filmetan: Robert Redford, All the President’s Men filmean (1976), J. T. Walsh Wired pelikulan (1989), eta Julian Morris beste film honetan: Mark Felt: The man Who Brought Down the White House (2017).

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Woodward-ek idatzi ditu, bakarrik edo elkarlanean, hamabi liburu No. 1 izan direnak fikzioz besteko best-seller zerrendetan:[4]

  • All the President's Men (1974) Watergate eskandaluaz; ISBNISBN 0-671-21781-X0-671-21781-X, 25. urteurreneko alea (1999) ISBNISBN 0-684-86355-30-684-86355-3; Carl Bernstein-ekin idatzia
  • The Final Days (1976) Nixonen dimisioari buruz. ISBNISBN 0-671-22298-80-671-22298-8; Carl Bernstein-ekin idatzia
  • The Brethren (1979) Auzitegi Goneraz iWarren E. Burger urteetan; ISBNISBN 0-671-24110-90-671-24110-9; Scott Armstrong-ekin idatzia
  • Wired (1984) John Belushi aktorearen heriotzaz eta Hollywood-eko droga kulturaz ISBNISBN 0-671-47320-40-671-47320-4
  • Veil: The Secret Wars of the CIA (1987) CIAren “gerra sekretuez” William J. Casey-ren agintealdian ISBNISBN 0-671-60117-20-671-60117-2
  • The Commanders (1991) Pentagonoaz eta lehen Bush administrazioaz Golkoko Lehen Gerran ISBNISBN 0-671-41367-80-671-41367-8
  • The Agenda (1994) Bill Clinton-en lehen agintealdiaz ISBNISBN 0-7432-7407-50-7432-7407-5
  • The Choice (1996) Bill Clinton-en berrautaketa saioaz ISBNISBN 0-684-81308-40-684-81308-4
  • Shadow (1999) Watergateren legatuaz eta ondorengo administrazioen eskandaluez ISBNISBN 0-684-85262-40-684-85262-4
  • Maestro (2000) Alan Greenspan Erreserba Federaleko presidenteaz ISBNISBN 0-7432-0412-30-7432-0412-3
  • Bush at War (2002) Afganistango gerrara eraman zuen bideaz September 11 gertatu ondoren ISBNISBN 0-7432-0473-50-7432-0473-5
  • Plan of Attack (2004) nola eta zergatik George W. Bush-ek erabaki zuen gerra egitea Iraki ISBNISBN 0-7432-5547-X0-7432-5547-X
  • The Secret Man (2005) Mark Felt “Eztarri urratua” zenarekin izan zuen harremanez. ISBNISBN 0-7432-8715-00-7432-8715-0
  • State of Denial: Bush at War, Part III (2006) Bush administrazioa Irakeko gerran ISBNISBN 0-7432-7223-40-7432-7223-4
  • The War Within: A Secret White House History (2006–2008) (2008) ISBNISBN 1-4165-5897-71-4165-5897-7
  • Obama's Wars (2010) Obama administrazioak nola kudeatu zituen Irakeko eta Afganistango gerrak ISBNISBN 978-1439172490978-1439172490
  • The Price of Politics (2012) Obamak eta Partidu Errepublikanoak AEBen ekonomiaz izandako ika-mikez ISBNISBN 978-1451651119978-1451651119
  • The Last of the President's Men (2015) Alexander Butterfield-en inguruan, Nixonen laguntzailea eta haren zinten berri eman zuena ISBNISBN 978-1501116445978-1501116445
  • Fear: Trump in the White House (2018), ISBNISBN 978-1471181306978-1471181306

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Bob Woodward". The Washington Post. Retrieved September 4, 2018.
  2. Roy J. Harris, Jr., Pulitzer's Gold, 2007, p. 233, Columbia: University of Missouri Press, ISBN 9780826217684.
  3. Woodward, Bob, The Secret Man, pp. 17–20, 27–35, Simon and Schuster, 2005
  4.   , https://www.nytimes.com/2018/07/30/business/bob-woodward-new-book-fear-trump.html .