Edukira joan

Bolintx

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bolintx edo bolintxa inguraketa-sarea edo ingurasarea da. Sakonera gutxiko uretan, boga, txitxarroa eta, batez ere, sardina harrapatzeko asko erabiltzen zen sare edo traina fina.

1. irudia: Bolintxa zabaldua
2. irudia: Bolintx-zorroa itxia

Sardinak zebiltzan lekuan sarea zabaldu, eta inguruan mazia botatzen zen, horiek erakartzeko. Sardina sarda agertzen zenean, sare zakuduna itxi egiten zuten (ikus 2. irudia), hondoko berunetatik tenk eginez.

Baxurako eta alturako arrantza bereizten ohi dira, itsasontziek kostaldetik jarduten duten distantziaren arabera. Beste jarduera batzuk ere badaude. Arrantzaleak dira ogibide hau duten pertsonak.

Hitzaren gaineko zenbait kontu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegian: bolintx (V-ger-m). Ref.: Zubk Ond; Holmer ApuntV. "Especie de red usada en la pesca" Holmer ApuntV. "Bolintxa, sare bat: 'bolinche'" Zubk Ond. Argira etorten danean arraina abisaten da traineroa ori largateko bolintxa, da atrapaten da arraina (V-ger). Holmer ASJU 1969, 172. Eneko Barrutia Etxebarriaren Bermeo eta Mundakako arrantzaleen hiztegian aldaki hauek daude jasota: Mundakan, Bolintx eta Bolintxe; Lekeition, Bolintxa; Ondarroan, Bolintx eta Bolintxe; eta Bermeon, Bolaintx eta Bolaintxe. Euskalterm: Bolintx eta Bolintxa. Hiztegi batuan ez dago sarrerarik.

Zehaztasun gehiago

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Augustin Zubikarai idazle ondarrutarrak “Arrantzako tresnak. Sareak eta bolantak” artikuluan zehaztasun gehiago ematen dizkigu, bolintxen bidezko arrantzaz. “Sardiña kalaetan zabaldu, inguruan “masia” jaurti (masia edo “masije”, arraiñak erakarteko erabiltzen dan orea da, batzutan gatz-uretako antxoakaz egiña; lengo denboretan Noruegatik ekarritako bakallauaren tripa barru eta arbiak be erabilten ziran horretarako) eta sardiña bera jaten alkartzen danean, sareei ondoko berunetatik ten egiñaz batzen asi eta “kopoa” egiten erabilten da sare-mota ori, au da, bolintxa deiturakoa”.

Antzina, "bolintxeak" esaten zitzaion, hedaduraz, trainei ez eze, arrantzaleen gurdiak, aparailu, tresna eta sareak gordetzeko tokiari ere.

Leku komunaz gain, bazituen trasteleku batzuk, zenbakituta, arrantzaleen lanabesetarako. Leku komun horretan, sare-konpontzaileek lan egiten zuten lurrean jesarrita, bolintxak konpontzen, batez ere, hotza edo eguraldi txarra egiten zuenean; eguraldi onarekin, askotan kalean jarduten zuten zeregin horretan.

Toki hori eraitsi, eta haren lekuan etxebizitzak eraiki zituzten arren, hitzak bizirik dirau alde hori izendatzeko. Gaur egun, Santurtziko arrantzaleek beste toki bat dute beren tresnak gordetzeko: bodegak.

Santurtziko arrantzaleen bodegak
Arrantza-sareak
Santurtziko barku eta trainak
Sareak Santurtziko portuko bodegetan


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Augustin Zubikarai Bedialauneta (1914-2004) Karmel, 1994. 209. zk. 36-42. or.

  • Auñamendi Eusko Entziklopediako Sardina

Augustin Zubikarai Bedialauneta (1914-2004)

• Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea, Sareak eta bolintxak

• Euskal Kultur Erakundea, Pareta-sarea eta bolintxa

• Santurtziko argazkiak Santurtzi.biz