Brontosaurus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Brontosaurus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSaurischia
Familiadiplodocid (en) Diplodocidae
SubfamiliaApatosaurinae (en) Apatosaurinae
Generoa Brontosaurus
Marsh, 1879
Azpibanaketa
  • Brontosaurus excelsus (Marsh, 1879)
  • B. yahnahpin (Filla & Redman, 1994)
  • B. parvus (Peterson & Gilmore, 1902)
    [jatorriz Elosaurus])

Brontosaurusa (grekozko βροντή, brontē 'trumoi' eta σαῦρος, sauros ' musker") dinosauroen genero bat zen. 2015 arte, Apatosaurus generoaren sinonimoa izan zen, baina Emanuel Tschopp-en ikerketak erakutsi zuen nahikoa desberdintasun badaudela genero desberdin gisa sailkatzeko[1]. Jurasiko gorenean bizi izan zen (duela 155-152 miloi urte artean) eta hiru espezie deskribatu dira: Brontosaurus excelsus, Brontosaurus yahnahpin eta Brontosaurus parvus[2].

Dinosauroen artean handienetakoa izan zen, 22 metro luze eta 15 tonatik gorako pisukoa izanik. Lepo luzea eta buru txikia zituen proportzioan eta zartailu itxurako isatsa. Sauropodoen arketipoa kontsideratzen da eta film, iragarki, zigilu eta abarretan ohiko dinosauroa da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiaren eta hiru sauropodo handiren arteko tamainen konparaketa: Apatosaurus ajax (laranja), Apatosauus louisae (gorria) eta Brontosaurus parvus (berdea)

Oso gertukoa duen Apatosaurus sauropodoaren antzeko itxura zuen baina zerbait txikiagoa zen. Lau hankako animalia belarjalea zen, aurreko hankak atzekoak baino txikiagoak zituen. Lepo luzea eta isats are luzeagoa zituen. Aurkitu zen aurreneko espeziea, eta luzeena, Brontosaurus excelsus izan zen, 22 metro luze eta 15 tonatik gorako pisukoa[3].

Hezurdura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkarrezurrean 15 orno zerbikal zituen, 10 dortsal, 5 sakrokoak eta isatsak 82 orno zituen, espezieen arabera isatseko orno kopurua zerbait aldatzen bada ere. Diplodocidae familiako gainerako generoek baino lepo sendoagoa zuen, ez Apatusaurus helduak bezain besteko sendoa, hala ere. Saihets hezurrak ez daude ornoekin fusionaturik, artikulaturik baino[4]. Hamar saihets zituen gorputzaren alde bakoitzean.

Lepo luzearen pisua hainbestekoa ez izateko, aire zaku sistema bat zeukan barnean eta ornoek adar luzeak zituzten. Adar horiek ornoaren pisuaren erdia baino gehiago hartzen zuten. Isatsa gainerako diplodozidoena baino lirainagoa zen, ornoren tamaina azkar txititzen baitzen aldaka ingurutik muturrerantz joan ahala. Isatsasen muturra zartailu itxurakoa zen[4].

Gorputz adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hanketako hezurrak oso sendoak ziren[5]. Aurreko hankak txikiagoak ziren eta atzapar bakarrekoak. Atzapar hori kurbatua zen baina muturra laua zuen. Atzeko hanketan, hiruna behatzek zeukaten atzaparra[6].

Aurkikutzen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontosaurusaren aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1879an, Othniel Charles Marsh paleontologoak Morrison Formazioan (Como Bluff, Wyoming) aurkituriko sauropodo erraldoi baten hezurdura ia osoa aurkeztu zuen. Brontosaurus excelsus izena eman zion[7], grekerazko βροντη ("brontē") eta σαυρος ("sauros") hitzak elkartuz, "trumoi muskerra" esan nahi du[7], eta latinezko excelsus ("noblea", "handia") erabiliz[8]. Hezurren Gerra garaia zen eta Marsh eta Edward Drinker Coperen artean lehia handia sortu zen[9].

Apatosaurus-en sinonimoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontosaurus excelsusaren hezurdura, Marsh (1896). Burua Brachiosaurus batena da.

1903an Elmer Riggs paleontologoak adierazi zuen Apatosaurus generoarekin parekatuta, desberdintasun nahikorik ez zuela genero berria sortzeko eta Apatosaurus excelsus berrizendatu zuen, izan ere Apatosaurus izenak lehentasuna baitzuen eta, beraz, Brontosaurus sinonimo bihurtu zen[1].

Natur Historiaren Amerikar Museoan 1905ean eraiki zuten sauropodo baten aurreneko hezurdura. Marshek aurkituriko aleari Brontosaurus excelsus izena eman zioten. Hankak falta zitzaizkion, ordea, eta beste Brontosaurus fosil batenak txertatu zizkioten; era berean, isatsean behar baino orno gutxiago ezarri zizkioten[10].

1909an, Earl Douglassek espezie berria aurkitu zuen Carnegie harrobian eta Apatosaurus louisiae izena eman zion. Garezurra gainontzeko hezurduratik hainbat metrora aurkitu zen eta Diplodocus baten antzekoa zela iritzi zion. Apatosaurus eta Brontosaurus garezurren inguruan zalantza asko zeuden eta museo askotan Camasaurus-en garezurrak ezarri izan ziren hezurduretan baina Douglass and Carnegie museoko zuzendari William H. Holland-ek ez ezartzea erabaki zuen, haren ustetan diplodocusaren antzeko garezurra izan behar baitzuen[11]. 1934an, Holland hil zenean, museoko langileek Camarasaurus baten garezurra ezarri zioten[12].

Apatosaurus-aren garezurraren eskultura bat (1931).

Hurrengo hamarkadetan ez dago Apatosaurusen garezurraren inguruko aipamen handirik, harik eta 1970eko hamarkadan John Stanton McIntosh-ek eta David Berman-ek Hollanden ikuspuntua berriz hartu arte. Diplodocus gisa izendaturiko garezur ugari aztertu zituzten eta haietako hainbat Apatosaurusari esleitu zizkioten. 1979an berek berrizendaturiko garezur bat ezarri zuten Douglass eta Carnegie museoko hezurduran[12]. 1995ean Natur Historiaren Amerikar Museoak gauza bera egin zuen haren hezurdurarekin eta isatsean orno kopuru egokia ezarri.

2011n aurkitu zen aurreneko Apatosaurus garezurra hainbat zerbikalekin artikulatua eta Apatosaurus ajax espeziearena zela ondorioztatu zen[13].

Brontosaurusa berriro[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Riggs-ek 1903an Apatosaurus generoan sartu zuenetik horrela izendatua izan zen eta Brontosaurus sinonimo gisa baino ez zen erabili. 1990eko hamarkadan, Robert T. Bakkerrek adierazi zuen Apatosaurus ajax eta Apatosaurus excelsus espezieen artean nahiko desberdintasun bazeudela, genero desberdinetakotzat jotzeko[14]. 2015ean, Emanuel Tschopp, Octavio Mateus eta Roger Benson zientzilariek diplodozidoen inguruan egindako ikerketa sakonak erakutsi zuen genero ezberdin bi zirela eta Brontosaurus generoa berrezarri zuten[1]. Apatosaurus excelsus berrizendatzeaz gain Apatosaurus parvus eta Apatosaurus yahnahpin ere genero berrian sartu zituzten[2].

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tschopp, Mateus eta Benson (2015) paleontologoen ikerketaren ondoren, horrela geratu zen Brontosaurusaren filogenia[1]:

 Diplodocidae 

Amphicoelias altus

 Apatosaurinae 

Izendatu gabeko espeziea

Apatosaurus ajax

Apatosaurus louisae

Brontosaurus excelsus

Brontosaurus yahnahpin

Brontosaurus parvus

 Diplodocinae 

Izendatu gabeko espeziea

Tornieria africana

Supersaurus lourinhanensis

Supersaurus vivianae

Leinkupal laticauda

Galeamopus hayi

Diplodocus carnegii

Diplodocus hallorum

Kaatedocus siberi

Barosaurus lentus

Espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natur Historiaren Amerikar Museoan dagoen hezurdura, Brontosaurus excelsus.
  • Brontosaurus excelsus: Marshek izendatu zuen 1879an eta Brontosaurus espezie tipoa da. Historia Naturaleko Field Museoan eraiki zen hezurdura. Brontosaurus amplus ere izendatu izan zen fosil bat, baina gaur egun Brontosaurus excelsusen ale gaztetzat hartzen da[15]. Brontosaurus espezieen artean handiena da eta duela 152 milioi urte bizi izan zen.
  • Brontosaurus parvus: Petersonek eta Gilmorek deskribatu zuten eta Elosaurus izena eman zioten 1902an. 1994an Apatosaurus generoan sartu zen eta 2015ean Brontosaurus bihurtu zen. 22 metro luze zela eta 14 tonako pisua zuela estimatzen da[3].
  • Brontosaurus yahnahpin: Aurkituriko espezieetan zaharrena da, duela 155 milioi urtekoa, hain zuzen ere[16]. James Filla eta Patrick Redman paleontologoek aurkitu zuen 1994an. Izena lakota hizkuntzatik datorkio, mah-koo yah-nah-pin ("bularreko lepokoa"), tribu hark daraman apaingarria gogorarazten baitute dinosauroaren saihetsek[17]. Denetan zaharrena izanik, Robert T. Bakkerrek ''Eobrontosaurus'' genero-izena eman zion[18].

Paleobiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Postura eta mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontosaurus excelsus talde baten ilustrazioa.

Historikoki sauropodoak paduratan uretan erdi murgilduta bizi zirela pentsatu izan da, beren pisu izugarriari eusteko egokiagoa zelakoan, baina egun animalia lehortarrak zirela uste da[19]. Brontosaurus antzeko dinosauroak lepoa tente dutela irudikatu izan dira, zuhaitz garaietako hostoak jaten, baina badirudi lepoa ez zutela espero zen bezain malgu[20].

Aurkitu diren aztarnetatik ondorioztatu da egunero 20-40 kilometro ibiltzen zirela eta 20-30 km/h-ko gehienezko abiadura hartzeko gai zirela[21].

Hipotesi ugari azaldu dira aurreko hanketako atzapar horren preseentzia arrazoitzeko; babeserako zutela, elikatzeko laguntzen zuela... Badirudi atzerantz egiterakoan lurrean aurki zitzaketen oztopoei heltzeko erabiliko zutela.[22]

Fisologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Spotila et al. (1991) ikerlarien ustetan, tasa metaboliko altua izatea ezinezkoa bide zen. Bestalde, Jurasikoan egun baino 3 °C gehiagoko bataz besteko tenperatura zen eta horrek lagunduko zien gorputzeko tenperatura mantentzen[23]. Hainbat ikerlarik ere planteatu dute garuna oxigenatzeko bihotzak beharrezko odol kopurua ponpatzeko zailtasuna[19].

Isatsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko azaroan Discover Magazine aldizkarian, Nathan Myhrvold informatikariak eginiko simulazioen bidez, sauropodoek isatsa zartailu gisa erabil zezaketela ondorioztatu zuen eta orduan 200 dezibelioko soinua ateratzeko gai bide zirela, kainoi baten eztandaren parekoa[24].

Paleoekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontosaurus ugari aurkitu diren Morrison Formazioa ingurune nahiko lehorra bide zen, ongi bereizitako sasoi hezea eta lehorra zituena. Uholde lautadak zeuden eta ibaien ertzean konifero zuhaitzak eta iratzeak ere bai, ziur aski. Haietaz gain, alga berdeak, onddoak, goroldioak, zikadak, gingkoak eta azeri-buztanak aurkitu dira; animaliei dagokienez, bibalboak, barraskiloak, arrainak, igelak, arrubioak, dortokak, muskerrak, krokodilazeoak...

Brontosauroarekin batera, beste hainbat dinosaurio ere bizi izan ziren: aipagarrienak Allosaurus terapodo haragijalea eta Brachiosaurus, Stegosaurus, Apatosaurus, Diplodocus sauropodoak[25] dira.

Brontosaurusa egungo kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertie the Dinosaur film motza (1914)

Riggs-ek 1903an Apatosaurus generoan sartu bazuen ere, Osbornek Brontosaurus izenari eutsi egin zion eta izen ezagunagoa bihurtu zen. 1914an Winsor McCayren Gertie the Dinosaur film motz estatubatuarrean estreinako agertu zen[26]. Dinosaurua marrazteko, Natur Historiaren Amerikar Museoan dagoen hezurduran oinarritu zen.

1925ean, The Lost World filmean, Brontosaurus baten eta Allosaurus baten arteko borroka irudikatu zen, Willis O'Brien-en efektu bereziez[27]; harez geroztik, Brontosaurusa sauropodoen eredu bihurtu zen. Sinclair Oil Corporation petrolio konpainiak bere logo ofizial egin zuen[28].

1989an, AEBetako Posta Zerbitzuak lau dinosauro ikonikoren zigiluak atera zituen: Tyrannosaurus, Stegosaurus, Pteranodon eta Brontosaurus. Azkena izendapenak istilua ekarri zuen, "zientifikoki zuzena ez zela" leporatu baitzitzaion[29]. Zientifikoki Apatosaurus izan arren, posta Zerbitzuak jende xeheak Brontosaurus gisa ezagutzen zuela esanez defendatu zuen izenaren erabilera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Ingelesez) Choi, Charles. «The Brontosaurus Is Back» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  2. a b (Ingelesez) Tschopp, Emanuel; Mateus, Octávio; Benson, Roger B. J.. (2015-04-07). «A specimen-level phylogenetic analysis and taxonomic revision of Diplodocidae (Dinosauria, Sauropoda)» PeerJ 3: e857.  doi:10.7717/peerj.857. ISSN 2167-8359. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  3. a b Paul, Gregory S.. (2010). The Princeton field guide to dinosaurs. Princeton, N.J. : Princeton University Press ISBN 978-0-691-13720-9. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  4. a b Gilmore, C. W.. (1936). Osteology of Apatosaurus, with special references to specimens in the Carnegie Museum". Memoirs of the Carnegie Museum. 11 (4):, 1-136 or..
  5. Lovelace, David M.; Hartman, Scott A.; Wahl, William R.. (2008). «Morphology of a specimen of Supersaurus (Dinosauria, Sauropoda) from the Morrison Formation of Wyoming, and a re-evaluation of diplodocid phylogeny» Arq. Mus. Nac. Rio J: 527–544. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  6. Martin, A. J.. (2006). Introduction to the Study of Dinosaurs (2. edizioa). Blackwell Publishing, 560 or. ISBN 978-1-4051-3413-2..
  7. a b (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1879-12-01). «Notice of new Jurassic reptiles» American Journal of Science s3-18 (108): 501–505.  doi:10.2475/ajs.s3-18.108.501. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  8. «Latin Definitions for: excelsus (Latin Search) - Latin Dictionary and Grammar Resources - Latdict» www.latin-dictionary.net (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  9. «A review of Morrison Formation (upper Jurassic, USA) sauropod dinosau…» archive.vn 2015-01-28 (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  10. Norell, M.A., Gaffney, E.S., & Dingus, L.. (1995). Discovering Dinosaurs in the American Museum of Natural History. Discovering Dinosaurs in the American Museum of Natural History.
  11. (Ingelesez) «Bully for Camarasaurus» EXTINCT MONSTERS 2014-10-30 (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  12. a b «The Wrongheaded Dinosaur» web.archive.org 2010-04-14 (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  13. Tschopp, Emanuel; Mateus, Octávio. (2013-10-01). «The skull and neck of a new flagellicaudatan sauropod from the Morrison Formation and its implication for the evolution and ontogeny of diplodocid dinosaurs» Journal of Systematic Palaeontology 11 (7): 853–888.  doi:10.1080/14772019.2012.746589. ISSN 1477-2019. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  14. (Ingelesez) «Dinosaur mid-life crisis: The Jurassic-Cretaceous transition in Wyoming and Colorado» econtent.unm.edu (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  15. Upchurch, P.; Tomida, Y.; Barrett, P. M.. (2005). A new specimen of Apatosaurus ajax (Sauropoda: Diplodocidae) from the Morrison Formation (Upper Jurassic) of Wyoming, USA. National Science Museum Monographs. 26 (118):, 1-156 or. ISBN 1342-9574..
  16. Turner, C.E. and Peterson, F.. (1999). Biostratigraphy of dinosaurs in the Upper Jurassic Morrison Formation of the Western Interior, U.S.A.. Gillette, D. D. (ed.), Vertebrate Paleontology in Utah. Utah Geological Survey Miscellaneous Publication 99-1, 77-114 or..
  17. (Ingelesez) L, Atkinson. «EOBRONTOSAURUS : DinoChecker dinosaur archive» DinoChecker (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  18. Bakker, R.T.. (1998). Dinosaur mid-life crisis: the Jurassic-Cretaceous transition in Wyoming and Colorado. S.G. Lucas, J.I. Kirkland, & J.W. Estep (eds.) Lower and Middle Cretaceous Terrestrial Ecosystems; New Mexico Museum of Natural History and Science Bulletin, 14:, 67-77 or..
  19. a b Pierson, D. J.. (2009). The Physiology of Dinosaurs: Circulatory and Respiratory Function in the Largest Animals Ever to Walk the Earth. Respiratory Care. 54 (7):, 887-911 or..
  20. (Ingelesez) Stevens, Kent A.; Parrish, J. Michael. (1999-04-30). «Neck Posture and Feeding Habits of Two Jurassic Sauropod Dinosaurs» Science 284 (5415): 798–800.  doi:10.1126/science.284.5415.798. ISSN 0036-8075. PMID 10221910. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  21. Fastovsky, D. E.; Weishampel, D. B.. (2009). Dinosaurs: A Concise Natural History. Cambridge University Press, 165-200 or. ISBN 978-0-521-88996-4..
  22. Upchurch, P. (1994). Manus claw function in sauropod dinosaurs. Gaia. 10:, 161-170 or. ISBN 0871-5424..
  23. Spotila, J. R.; O'Connor, M. P.; Dodson, P. R.; Paladino, F. V.. (1991). Hot and cold running dinosaurs. Metabolism, body temperature, and migration. Modern Geology. 16:, 203-227 or..
  24. (Ingelesez) «Dinosaurs in Motion» Discover Magazine (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  25. Dodson, Peter; Behrensmeyer, A.K.; Bakker, Robert T.; McIntosh, John S.. (1980). Taphonomy and paleoecology of the dinosaur beds of the Jurassic Morrison Formation. Paleobiology. Cambridge University Press. 6 (2):, 208–232 or..
  26. Donald Crafton. (1982). Before Mickey: The Animated Film 1898-1928. MIT Press ISBN 978-0-262-03083-0..
  27. Brett-Surman, M. K.; Holtz, Thomas R.; Farlow, James Orville. (2011). The complete dinosaur. Bloomington, Ind. : Indiana University Press ISBN 978-0-253-33349-0. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  28. «Logos | Sinclair Oil Corporation» www.sinclairoil.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  29. (Ingelesez) «Opinion | Topics of The Times; Leapin' Lizards! (Published 1989)» The New York Times 1989-10-11 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]