Edukira joan

Ardenetako Gudua

Koordenatuak: 50°36′N 6°06′E / 50.6°N 6.1°E / 50.6; 6.1
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bulgeko gudua» orritik birbideratua)
Artikulu hau Bigarren Mundu Gerrako gudualdiari buruzkoa da; 1914an gertatutako gatazkari buruzkoa beste hau da: «Ardenetako Gudua (1914)».
Ardenetako Gudua
Bigarren Mundu Gerra
Mendebaldeko Frontea
Amerikar soldaduak Ardenetako basoan
Data1944ko abenduaren 16tik 1945eko 25era
LekuaArdenak,  Belgika eta  Luxenburgo
Koordenatuak50°36′N 6°06′E / 50.6°N 6.1°E / 50.6; 6.1
EmaitzaAliatuen garaipena
Gudulariak
 AEB
 Erresuma Batua
 Kanada
Alemania III. Reicha
Buruzagiak
Ameriketako Estatu Batuak Dwight David Eisenhower
Ameriketako Estatu Batuak Omar Bradley
Ameriketako Estatu Batuak Courtney Hodges
Ameriketako Estatu Batuak Anthony McAuliffe
Ameriketako Estatu Batuak George Patton
Erresuma Batua Bernard Montgomery
Alemania Walter Model
Alemania Gerd von Rundstedt
Alemania Hasso von Manteuffel
Alemania Sepp Dietrich
Alemania Erich Brandenberger
Alemania Adolf Hitler
Indarra
-840.000+ soldadu
-424 tanke
-500.000 soldadu
-500 tanke
Galerak
~90.000 hildako, zauritu edo desagertu ~91.000 hildako, zauritu edo desagertu

Ardenetako Gudua edo Bulgeko Gudua Bigarren Mundu Gerrako gudualdi garrantzitsua izan zen, 1944ko abenduaren 16tik 1945eko urtarrilaren 25era jazo ziren hainbat operazio militarrek osatzen dutena. Izenak dioen bezala, Ardenetan gertatu zen, Frantzia, Belgika eta Luxenburgok elkarbanatzen duten basoz jositako eskualdean, hain zuzen ere.

Gudua abenduaren 16an hasi zen, alemaniar armadak aliatuen posizioen aurkako ustekabeko ofentsiba bati ekin zionean. Hirugarren Reicharen helburua, aliatuen fronte-lerroa erdibitzea zen, eta horrela Anberes belgikar hiria hartzea, sektore horretan zeuden lau armada aliatu inguratu eta suntsituz eta etsaia, bere hornidura gune nagusiena gabe utziz. Modu horretan, indar aliatuak oso kaltetuak geratuko ziratekeen, eta Alemaniak, Ardatzeko gainontzeko kideekin batera, bake-itun bat sinatzera behartuko zituzkeen, bere ofentsiba gaitasun guztia, gainera zetorkion Ekialdeko Frontean ipini ahal izateko.

Ardenetako ofentsiba, isiltasun osoan prestatu zuten alemaniarrek, irrati bidezko komunikazioak ere ekiditeraino. Nahiz eta Ultra informazio zerbitzuak alemaniarren eraso bat aurreikusi, eta Estatu Batuetako Hirugarren Armadak tamaina handiko ofentsiba bat espero izan, erasoa ustekabe handi bat izan zen aliatuentzat. Honi guztiari, aliatuen hasiera bateko gehiegizko konfiantza sentsazioa, beren ofentsiba planekiko gehiegizko arreta eta egindako aire-errekonozimendu kaxkarra gehitu zitzaizkion, alemaniarren erasoa erraztu zuten faktoreak, zalantzarik gabe. Honez gain, egun hartan eguraldi petrala zegoen, aliatuen hegazkin gehienak ezin izan zutelarik babes egoki bat ematera aireratu. Bitartean, alemaniarrek, aliatuen lerroko erdialdean gune ahul bat erasotu eta hautsi zuten, amerikarren Lehenbiziko Armadaren sektorean, aurreratze nabarmen bat lortuz. Modu honetara, Wehrmachtak ia Antwerperaino heltzen zen ateragune bat (ingelesez: bulge) lortu zuen frontean, aliatuek kontrolaturiko zonaldean sartzen zena bete-betean.

Amerikarren aldetik, heriotza gehienak borrokaldiaren lehenbiziko hiru egunetan gertatu ziren, Infanteriako 106. Dibisioko hiru erregimentuetatik bik, beren burua errenditu behar izan zutelarik. Estatubatuarrentzat ardenetakoa izan zen Bigarren Mundu Gerrako gudurik odoltsuena, 19.000 hil baitziren. Edonola ere, alemaniarrek ez zituzten erdietsi ofentsibaren hasieran finkatu zituzten helburuak, eta hurrengo asteetan, aliatuek gogor kolpatu zituzten alemaniarrek irabazi berri zituzten posizioak. Alemaniarrek, azkenik, atzera egin behar izan zuten, Siegfried Lerrora arte. Gainera, borroka-esperientzia handia zuten unitate alemaniar asko oso kaltetuak suertatu ziren, nola gizon hala material aldetik.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]