Caparrosoko zubia

Koordenatuak: 42°20′46″N 1°38′53″W / 42.34618474°N 1.64815219°W / 42.34618474; -1.64815219
Wikipedia, Entziklopedia askea
Caparrosoko zubia
Kaparrotsuko zubia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaKaparrotsu
Koordenatuak42°20′46″N 1°38′53″W / 42.34618474°N 1.64815219°W / 42.34618474; -1.64815219
Map

Caparrosoko zubia edo Kaparrotsuko zubia Aragoiko Erriberako Caparroso edo Kaparrotsu udalerrian Erdi Aroko harrizko zubi bat da, Aragoi ibaiaren gainean. 1700ean zituen 11 begietatik 9 baino ez zaizkio geratzen 1787ko uholde handira arte. Duela gutxi berritzen ari dira.

Gaur egun, Caparrosoko edo Kaparrotsuko zubia bera eta aduanako kabina herriko armarrian daude. Horrek ematen du aurreko mendeetan zubiak izan zuen garrantziaren berri. Aragoiko Erriberako beste herri batzuetan, Zarrakaztelu, Santakara edo Martzillan, esaterako, txalupak edo pontoiak zeuden batetik bestera gurutzatzeko, baina, askotan, erabili gabe geratzen ziren, ur-goraldien ondorioz. Horregatik zen hain garrantzitsua Caparrosoko zubia, bera baitzen, Tuterakoarekin batera, Mendialdea Erriberarekin lotzen zuen errege-bidean ibaia salbatzen zuen bakarra.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaparrotsuko armarria, zubiarekin

XIX. mendean trenbidea ezarri zen arte, errege-bidetik zihoazen bidaiari, animalia eta merkantzia ia guztiek zeharkatzen zuten zubibide hori, eta bertatik igarotzen da Deustiatik Urbasa-Andiarako errege-abelbidea ere. Horrez gain, zubiaren pasabide zaharrak erabilera lokala izan du, Caparrosoko nekazariek ibaiaren beste aldeko lur ureztatuak landu baitituzte.

Azken sei mendeetan, Caparrosoko zubiak hainbat uholde garrantzitsu jasan ditu. Horien artean 1420 eta 1428koak nabarmentzen dira, eta batez ere 1787koa, harrizko arku batzuk eraman zituena. Mende bat geroago, 1889an gertatutako etorbide handiaren ondoren, Nafarroako Foru Aldundiak, Caparrosoko Udalak eskatuta, ehun urte iraun zuen burdinazko zati bat eraikitzeko agindu zuen.

Burdinazko zubi hura 1890ean eraiki zuen Willesbroek enpresa belgikarrak. 60,75 metroko luzera zuen, eta enpresa berak eraikitako Zangozako zubiaren antzekoa zen. Inauguratu baino lehentxeago, legarrez betetako hiru gurdi gurutzatzea onartu zen erresistentzia-froga gisa, eta horrek Caparrosoko zubia edozein pisutarako gai zela bermatzen zuen.

Burdinazko egitura zaharrak 1990era arte iraun zuen. Garai hartan, hamar urte baino iraun ez zuen beste batek ordezkatu zuen. 2000. urtean, arazo berriak antzeman ondoren, egungo hormigoizko zubia eraiki zen, burdinazkoa bezala harrizko bi begi zaharren gainean bermatuta.

Aldi berean, 1970eko hamarkadaren hasieran, hormigoizko zubi berri bat eraiki zen, egungotik bostehun bat metrora, zirkulazioa Iruñetik Zaragozara desbideratzeko. Beraz, Kaparrotsuk gaur egun hormigoizko bi zubi ditu, duela 34 urte eraikitako berriak Iruñetik Zaragozara doan errepide nagusiaren trafikoa jasaten du, eta zaharrak, gaur egun, tokiko erabilera du nagusiki.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]