Santakara

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Santakara

 Nafarroa Garaia
Santakarako bandera

Santakarako armarria

Izen ofiziala Santacara
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Erriberriko merindadea
Arga-Aragoiko Erribera
Alkatea Daniel Aiabar Garritz
(AIS, indep.)
Herritarra santakarar
Koordenatuak 42°22′31″N 1°33′11″W / 42.37528°N 1.55306°W / 42.37528; -1.55306Koordenatuak: 42°22′31″N 1°33′11″W / 42.37528°N 1.55306°W / 42.37528; -1.55306

Navarra - Mapa municipal Santacara.svg

Eremua 34,08 km2
Garaiera 318 m
Distantzia 58 km Iruñera
Posta kodea 31314
Biztanleria 895 bizt. (2014)
Dentsitatea 26,26 bizt./km²
http://www.santacara.es

Santakara[1] Nafarroa Garaiko hegoaldeko udalerri bat da, Erriberriko merindadekoa. Hiriburu Iruñetik 58 kilometrora dago, eta 895 biztanle zituen 2014. urtean.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru naturala eta kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakara Erriberriko merindadearen hego-ekialdean kokatzen da, NA-124 errepidea Zarrakaztelu-Caparroso norabidean hartuta.

Geografiaren aldetik, Aragoi behereko eskualdean dago, hau da, Aragoi ibaiaren ibilguaren behereneko aldean.[2][3]

Herriak, Pitillas eta Uxuerekin egiten du muga iparraldean, Murillo el Fruto eta Zarrakaztelurekin ekialdean, Pitillas eta Murillo el Cuenderekin mendebaldean, eta Melida eta Bardeekin hegoaldean.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarak klima mediterraneo kontinentala dauka, baina Nafarroa Garaiko hegoaldeko herriena baino hezeagoa. Urteko batez besteko prezipitazioak urri eta urtean zehar irregularki banatzen diren arren, 450mm eta 500 ingurura heltzen dira. Batez-besteko tenperatura bestalde 13 eta 14 gradu bitartekoa da, eta urteroko egun euritsuen kopurua 70. Aldaketa termiko handiez gain, haizerik ohikoena hegoaldekoa eta iparraldeko ziertzoa dira.

Landarediak ere klimaren ezaugarrien araberakoa da. Gizakiaren eraginagatik nahiko baldintzaturiko landaredia da, eta ezaugarri xerofilodunekoa. Nekazaritza lurrez kanpo, larre eta sastraka bakan batzuk baino ez daude gizakiaren eraginetik kanpo. Aragon ibaia da udalerria zerhakatzen duen ibairik garrantzitsuena. Gainontzeko errekastoak, euriteen araberako baserrekak dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarako dorrearen ikuspegia.

Santakara, antzinako Cara izeneko herrixka erromatarraren oinordekoa da. Duela bi mila urte inguruko aztarna ugari aurkitu da herria eta inguruko lurretan, eta Santakarako etxe askotako fatxadetan, erromatarren garaiko arrastoak daude.

XIII. mendean Santakarako gaztelua eraikitzea agindu zuen Nafarroako erregeak. Eraikinak, erdiko dorrearen inguruan antolaturiko harresi txiki bat dauka, eta bertatik Aragon ibaiaren haran guztia kontrolatu daiteke. Gotorlekua Aragoiko erresumatik etor zitezkeen erasoei aurrea hartzeko eraiki zuen Nafarroako Erresumak, eta Kaseda edo Galipentzun egondako gazteluek osaturiko gotorleku sarearen zati zen.

XVI. mendean, Gaztelako Erresumak Nafarroa Garaia inbaditzean, Nafarroako alde horretako gaztelu guztiak eraisteko agindua eman zuten, eta horrela, Santakarako gazteluak ere erresuma guztiko gaztelu guztien zori bera izan zuen. Gaur egun antzinako gazteluaren hormetako bat kontserbatzen da bakarrik. 1855ean Nafarroan 13.000 hildakotik gora eragin zuen kolera izurriteak Santakaran izandako eragina, txikia izan zen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen % 90ek nekazaritzarekin zerikusia duten jarduerak egin arren, berez nekazaritzatik bizi diren Santakarako biztanleak kopuru horren erdia dira. Lur ureztagarriak, laborantza lurren %21,3 ziren XX. mendearen amaieran, batez ere, zerealak eta artoa landatzeko, eta kopuru txikiagoan alpapa eta bestelako barazkiak. Sekain lurren azalera bestetik, asko hazi zen XIX. mendearen amaieran eta 1891ean 464 hektarea lantzen baziren ere, 1917rako kopuru hori 1917 hektareara hazi zen.

Herri lurrak udalerriaren azalera guztiaren % 66 dira, larre lurren % 80, eta landu daitezkeen lurren % 60. Herritar gehienek dute herri lurren zati bat; eta, horrez gain, santakararrak Bardeen aprobetxamendurako elkarteko kide dira, eta Bardeetan lurrak lantzeko eskubidea dute. Nekazaritza elkarteei dagokionez, 1958ko abenduaren 28an, Nafarroa Garaiko nekazarien aurrezki kutxak San Anton Esne Kooperatiba sortu zuen (kooperatiba 1961eko otsailaren 13an izan zen onartua).

Bardeetako elkartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrez gain, Erdi Aroan, Santakarak, Fustiñana, Tutera, Cortes, Buñuel, Carcastillo, Melida, Kaparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Cabanillas, Martzilla, Faltzes, Azkoien, Funes, Milagro, Corella, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeetako elkartea osatu zuen, Bardeetako herri lurrak nekazaritzarako erabiltzeko asmoarekin.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarako biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
648 620 945 1.192 1.372 1.366 1.439 1.443 1.311 1.181 1.092 1.039 1.005

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 20 etorkin bizi ziren herrian, biztanleen % 2,05 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).

Herriaren ikuspegi panoramikoa.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken agintaldietan Santakarako alkate kargurako Agrupación Independiente de Santacara (AIS) taldeko Daniel Aiabar Garritz aukeratu dute. 2007an Udaleko bederatzi zinegotziak lortu zituen eta aurkeztu zen alderdi bakarra izan zen. Baliogabeko botoak 83 izan ziren (emandako guztien %14,82a) eta zurizko 118 boto izan ziren (botoen %24,74a). Abstentzioa %32,85koa izan zen.

Santakarako Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
AIS 359 9

2011ko udal hauteskundeetan ere AIS izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra; Aiabarrek alkatetzan segitu zuen.[4]

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarako udaletxea, elizaren ondoko plaza txikian dago. Inguruko eraikuntzen estilo beran eraikia, egitura hiru zatitan banaturik dago, eta hiru fatxada nagusi dauzka. Udaletxearen azken eraberritzea 1973an egin zen, harlangaitza agerian utzita. Udala alkateak eta zortzi zinegotzik osatzen dute.

Helbidea: Udaletxearen Plaza,1 Posta kutxa: 31314 Telefonoa/Faxa: 948 74 60 06

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007-2011 Luis Daniel Aiabar Garritz AIS
2011-2015 Luis Daniel Aiabar Garritz AIS

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Santakara eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren % 1,67k zekiten euskaraz.

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarako jaiak Jasokundearen ama birjinaren omenez antolatzen dira abuztuaren 14tik abuztuaren 20ra. Horrez gain, Santa Eufemiaren omenezko jaiak ere ospatzen dira irailaren 16an. Egun horretan, Santakarako kofradiak askari bat antolatzen du baselizaren kanpoaldean, eta asteburu osoan entzierroak, buruhandiak eta kale ekitaldiak izaten dira.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Santarako areto futbol taldea

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakara, Mairaga-Erdialdea mankomunitateko kidea da.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarako gaztelua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Santakarako gaztelua»

Santakarako gaztelua, XIII. mendean eraikitako gazteluaren aztarnak. Gaur egun, dorre bat bakarrik geratzen da eta hortik datorkio baita Santakarako dorrea izena. XIII. mendean eraikia izan zen eta XVI. mendean suntsitua, gaztelarrek 1512an Nafarroa Garaia konkistatu ondotik. Gaur egun gaztelua erabat hondatuta dago eta dorre bat baino ez da geratzen. Hondamen hori areagotuz, azken mendeetan herritarrek gazteluko harriak erabili dituzte euren etxebizitzak eraikitzeko.

Jasokundearen eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jasokundearen eliza, Santakara erdigunean dago, eta XIII. mendean eraiki bazen ere (antzinako tenplu zistertar gisa), elizak gaur duen itxura, ondorengo eraberritze lanen ondorio da. Horma sendoez osatutako nabe bakarra dauka, apaingarri gisa harlanduzko egiturak daude, horma-bularrez sendotuta. XVI. mendean, historialarien ustez 1575ean, Santa Luzia kapera eraikitzearekin batera, eliza goitik behera eraberritu zen.

Eraikuntza barruan, XVII. eta XVIII. mendeetako hainbat erretaula barroko daude. Horrez gain, Errosarioko Ama Birjinaren aldarean, Ama Birjinaren XIV. mendeko egurrezko irudia dago.

Santa Eufemia baseliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrigunetik gertu, Santa Eufemia baseliza dago. Tenplua, XIII. mendean eraikitako eliza zaharra da, aurrealde zuzena duen nabe bakar eta zabal batez osatua. Elizaren tarteak hobeto banatzeko, poligono itxurako muturdun arkuak erabili ziren. Aldarean, Santa Eufemiaren irudi erromanista dago.

Eraikin zibilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santakarako alde zaharrean, XVI. mendeko etxeak aurki daitezke, batez ere, elizaren ondoko kalean. Herriko arkitekturan, ugariak dira erdi puntuko ate handi eta obalo handiko ateak, eta eraikuntzen fatxadetan kono itxurako arkutxu txikien gainean egindako bikoiztutako leihoak ikus daitezke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 155. araua: Nafarroako udal izendegia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0155.pdf .
  2. (Gaztelaniaz) Mairaga-Erdialdea Mankomunitatearen webgunean adierazten dute eskualde horretakoa dela.
  3. Euskaltzaindiak 151. arauan (5. orrialdea) dio «Aragoi beherea (-a)» izena duela Nafarroako eskualde geografiko horrek.
  4. Hauteskunde emaitzak, Berria.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko:Wikiatlasa