Castel Nuovo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Castel Nuovo
Naples-Castel Nuovo.jpg
Kokapena
Herrialdea Italia
Eskualdea Campania
Italiako hiri metropolitarraMetropolitan City of Naples
HiriaNapoli
Koordenatuak 40° 50′ 18″ N, 14° 15′ 12″ E / 40.8383°N,14.2532°E / 40.8383; 14.2532Koordenatuak: 40° 50′ 18″ N, 14° 15′ 12″ E / 40.8383°N,14.2532°E / 40.8383; 14.2532
Historia eta erabilera
Jabea Karlos I.a Napolikoa
Arkitektura
Estiloa Arte gotikoa
Webgune ofiziala

Castel Nuovo (Maschio Angioino ere deitzen zaio, napolieraz Castiello Nuovo) Italiako Napoli hiriko gaztelu bat da, Erdi Aroko eta Errenazimendu garaikoa, bai eta hiriaren sinboloetako bat ere. Hiriko piazza del Municipio delakoan dago, Beverello kai ondoan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteluaren zatirik zaharrena (arkeologia-lanen ondorioz gaur egun azaleratu ahal izan dena, zati batez bederen) 1279an hasi zen eraikitzen, Karlos Anjoukoak erabaki zuenean, 1266. urtean suebiarrak menderatu ondoren, Siziliako tronura iritsi eta bere erresumako hiriburua Palermotik Napolira aldatzea.[1] Eraikuntza frantses arkitektoen esku geratu zen eta hiru urtetan bukatu zen.

Siziliar bezperak deritzan gerraren ondorioz, gaztelua 1285era arte egon zen hutsik, Karlos Anjoukoa hil eta haren seme Karlos II.a errege bihurtu zen arte. Gotorlekua berehala bihurtu zen hirialde historikoaren erdigunea eta gertakari gogoangarri askoren gertalekua ere izan zen. Adibidez, 1294ko abenduaren 13an, Zelestino V.a aita santuak bere karguan jarraitzeari uko egin zion gaztelu honetan; hamaika egun geroago, Bonifazio VIII.a hautatu zuen kardinalen batzarrak eta Erromara lekualdatu zen Anjoutarren agintetik urruntzeko.

Roberto I.a Napoliko erregearen garaian (1309tik aurrera), gaztelua handitu eta edertu egin zuten; 1347an, Hungariako Luis I.aren armadak arpilatu zuen eta konponketa-lan handiak behar izan zituen Joana I.a Napoliko erregina itzuli zenean. Obra haiei esker, erreginak aurre egin ahal izan zion hungariarren setioari Luis erregeak bigarren gerra-espedizio bat egin zuenean. Gazteluak beste setio asko jasan zituen ondoko urteetan, eta Ladislao Napoliko erregearen egoitza ofiziala bilakatu zen 1399tik aurrera.

1443an, Alfontso V.a Aragoikoak konkistatu zuen Napoliko erregetza, eta errege berriak gazteluan ezarri zuen bere gortea, eta, horretarako, gotorlekuari orain duen itxura eman zitzaion, erregearen boterearen egoitza nagusia izateko asmoz; besteak beste, artilleriari eusteko obrak egin ziren (dorre biribilak, adibidez) eta, gainera, Francesco Lauranak egindako garaipen-arku bat eraiki zen sarrera nagusiko atean, Alfontso erregea Napolira sartu zeneko gertakizunaren oroigarri, eta erregearen boterearen erakusgarri. Ateko ederlanak egiteko, erregeak Kataluniatik joanarazi zituen eskultore ospetsu batzuk, Pere Johan eta Guillem Sagrera.

Gazteluko areto batean ("Baroien aretoan") gertatu zen baroien konspirazioa ospetsua, Alfontsoren seme Fernando I.a Aragoiko erregaren aurka hainbat noble altxatu zirenean, Antonello di Sanseverino Salernoko Printzea eta Francesco Coppola Sarnoko kondea buru zituztelarik. 1486, erregeak konspiratzaile guztiak gonbidatu zituen areto hartan egitekoa zen eztei-festa batera, haien arteko etsaitasuna amaitzeko aitzakiarekin. Baroiak gaztelura joan zirenean, atxilotu eta exekutatu egin zituzten. Baroien areto hau Napoliko Udalbatzarraren egoitza izan zen 2006. urtera arte.[2]

Fernando II.a 1496an eta Federiko I.a 1503an erori ondoren, Espainiako koroa jabetu zen Napoliko erresumaz eta Errando Katolikoa bihurtu zen Napoliko errege. Garai hartan, gazteluak errege-egoitza izaera galdu eta gotorleku militar gisa erabiltzen hasi zen, haren kokagune estrategikoagatik. Hala ere, Espainiako errege-erreginak Napolira joaten zirenean, gazteluan hartzen zuten ostatu, eta Karlos V.a enperadorea bertan egon zen denbora batez 1535ean.[3]

Karlos III.a Espainiakoa Napoliko tronura igo zenean 1734an, gazteluak errege-egoitza izateari utzi zion, Borboiek Napoliko bertako eta inguruko beste jauregi batzuk hautatu zituztelako helburu horretarako, Napoliko Palazzo Reale, Capodimonteko jauregia edo, bereziki, Casertako jauregia.

Gazteluan izandako azken gertakari historiko garrantzitsua 1799an izan zen, bertan Napoliko Errepublika aldarrikatu zenean. Azken zaharberritze-lanak 1823an egin ziren. Gaur egun, hainbat erakunderen egoitza da, haien artean Napoliko Museo Zibikoarena.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mura e castelli di Napoli, Pubblicomit, 1999
  2. Napoli aragonese tra castelli, vicoli e taverne, Editrice Electa, 1999
  3. Napoli e i suoi castelli tra storia e leggende, Del Delfino, 1989