Napoliko Erresuma

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Napoliko Erresuma
Regno di Napoli
Regnum Neapolitanum

1285 – 1816
Monarkia
Flag of the Kingdom of Naples.svg Arms of the Kingdom of Naples.svg
Italia Regno di Napoli locator.svg
Hiriburua Napoli
Hizkuntza(k) Latina eta beste hainbat (napoliera, siziliera, italiera, gaztelania, katalana, frankoproventzera)
Aurrekoa
Bandiera del Regno di Sicilia 4.svg Siziliako Erresuma
Ondorengoa
Bi Sizilietako erresuma Flag of the Kingdom of the Two Sicilies (1816).svg

Napoliko Erresuma[1] (napolieraz: Regno 'e Napule, italieraz: Regno di Napoli), XIII. eta XIX. mendeen artean, Italiar penintsularen hegoaldea (Calabria, Apulia eta Campania eskualdeak) hartzen zuen erresuma izan zen. Historian zehar, batzuetan Siziliako Erresumarekin bateratu zen. Hiriburua Napoli zen.

1266tik 1442an Alfontso V.a Aragoikoak konkistatu zuen arte, Napoliko Erresuma Anjou etxearen mendeko lurraldea izan zen. XV. mendetik aurrera, Aragoi, Frantzia (epe labur batean), Espainia (1504-1713 bitartean), eta Austriaren mende egon zen; 1734 eta 1860 bitartean independentea izan zen, eta azken urte honetan, Italiako Erresumari batu zitzaion. Siziliako Erresumari dagokionez, Hauteville normandiar dinastiaren mende egon zen 1071tik aurrera, Hohenstaufen etxearen eskura pasa zen 1194an, Anjou etxera 1266an eta Aragoiko koroara 1282an.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresumaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1130. urtean Roger II.ak normandiarrek Italia hegoaldean konkistatuak zituzten lurraldeak bateratu eta bere burua Sizilia eta Apuliako errege izendatu zuen. Aita Santuak eta Germaniako enperadoreek berentzat eskatu zuten erresuma berri horren gaineko aginpidea. Azkenean Germaniako Inperioaren mende geratu zen lurraldea.

Hohenstaufen etxea 1266an desagertu zelarik, Karlos Anjoukoak, Luis IX.a Frantziakoaren anaiak, hartu zuen lurraldea Aita Santuaren laguntzarekin. 1282an Siziliako nobleak anjoutarren aginpidearen kontra matxinatu ziren (Siziliar bezperak), eta Petri III.a Aragoikoari eskaini zioten koroa. Anjoutarren dinastiak, aita santuen laguntzari esker, ez zituen galdu Italiar penintsula barruan zituen lurraldeak, eta Napoliko Erresumak ekonomia gorakada handia izan zuen XIV. mende erdia arte; mende horren erditik aurrera ordea, eta hurrengo mendearen hasieran, erresumaren ekonomiaren gainbehera hasi zen eta erregetzarako liskar ugari izan ziren.

Aragoi eta Espainiaren aginpidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1442an Alfontso V.a Aragoikoak, ordura arte Anjou etxearen esku zegoen Napoliko Erresuma konkistatu, eta Bi Sizilietako errege izendatu zuen bere burua. Aragoiko dinastiak nobleek, anjoutarrek lagunduta, egin zituzten bi matxinadari eutsi behar izan zien (1459 eta 1484-1486). 1494an Karlos VIII.a Frantziakoak erresuma inbaditu zuen, baina Gonzalo Fernández de Córdobak Aragoiko dinastiari itzuli zion berriro Napoliko Erresuma, eta 1510ean Julio II.a aita santuak Fernando Katolikoa Napoliko errege izendatu zuen[2].

Fernando hil zenean, honen biloba Karlos I.a Espainiakoak oinordetu zuen tronua, Austria etxea abiaraziz. 1559tik aurrera, burujabetasuna galdurik, erregeak izendaturiko erregeorde batek gobernatutako lurralde bihurtu zen.

1647an, Filipe IV.a Espainiakoak ezarri zituen zergen astuntasunak bultzaturik, Masaniellok matxinada bat antolatu zuen; zapalkuntza gogorrez baketu zuen Joan Josef Austriakoak, Filipe IV.aren sasiko semeak.

Espainiako Ondorengotza Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos II.a Espainiakoa oinordekorik gabe hil zenean, Napoliko Erresuma borboi dinastiaren esku gelditu zen eta, Espainiako koroaren mende zeuden gainerako lurralde guztiekin batera, Luis XIV.a Frantziakoaren biloba Filipe V.ari eman zitzaion; Austriako habsburgotarrek, ordea, ez zuten hori onartu. Austriako Karlos artxidukearen tronurako hautagaitza, Ingalaterra, eta Herbehereetako Probintzia Batuek babesten zuten, Frantzia eta Espainiaren arteko elkartzearen beldur zirenak, eta baita Aragoiko koroaren lurraldeek ere, borboien zentralismoaren beldur zirenak. Egoera honek, Espainiako Ondorengotza Gerra sorrarazi zuen, 1700 eta 1713 bitartean iraun zuena. 1707an inperioko gudarosteak Napoliko lurraldean sartu ziren .

Gerra Utrecht (1713) eta Rastadteko (1714) itunen bitartez amaitu zen; hauen arabera, Filipe V.a Espainiako errege bihurtu zen, baina europar jabetza guztiak, aliatuei eman zitzaizkien. Napoliko Erresuma Austriari eman zitzaion, eta Karlos artxidukeak gobernatu zuen, orduko Karlos VI.a enperadore bihurtua. Austriako habsburgotarren dinastiak iraun zuen bitartean, gizarte maila apalen miseria areagotu egin zen, eta zergak are astunagoak jarri zituzten.

Borboiak Bi Sizilietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bi Sizilietako Erresuma»

1734an, Karlos III.a Espainiakoak, garai hartan Toskanako dukea eta Filipe V.a Espainiakoaren semea zena, austriarrak garaitu ondoren, Napoli bereganatu zuen espainiar laguntzarekin, lurraldea Borboientzat berreskuratuz eta laster Frantziak errekonozitua izanez (Familiako lehen itunaren bidez). 1737an, Aita Santuen Lurraldeak ere errekonozitu zuen, eta, jarraian, gainontzeko italiar estatuek.

Karlos III.a Espainiakoa eta bere emazte Maria Amalia Saxoniakoa, euren mendekoek oso maite izan zituzten, eta eurek, maitasun hori lortzeko lan egin zuten. Errege bihurtu eta gutxira, erreformak eta modernitatea ekarri zituen bere herrialde berrira, laster, herriaren batasuna, eta herriak, erregea gogoko izatea lortuz. Berak zein bere ondorengoek, estatu berria gobernatu, erreformatu eta modernotzea lortu zuten, horretaz gain, mendeetan zehar beste dinastia batek lortu ez zuena (modu oso urrian izan ezik), euren mendekoen maitasuna, lortuz, napoleondar inbasioaren urteetan eta Italiaren batasuna lortzeko, Erresuma Savoia etxearen eskuetan erori eta hurrengo urteetan adierazi zen. 1816an, Karlos VII.aren (III.a Espainiakoa) seme eta oinordekoa Napoliko tronuan, Fernando I.a Bi Sizilietakoak, erresumaren izena aldatu zuen, Napoli-Sizilia, Bi Siziliagatik.

Azkenik, Frantzisko II.a Bi Sizilietakoa, herriaren babesa galdu eta Giuseppe Garibaldiren Alkandora Gorriak taldearen aurka zenbait porrot jasan ondoren, amore ematera eta bere lurraldeak Viktor Manuel II.a Piemonte-Sardiniakoari ematera behartua izan zen 1860an, handik denbora batera, Italia bateratu baten errege berria bihurtuko dena. Konkista honekin, Bi Sizilietako Erresuma, estatu independente bezala desagertu egiten da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Napoliko Erresuma Aldatu lotura Wikidatan