Palermo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Palermo

 Sizilia
Parlemoko hiria.
Parlemoko hiria.
Palermoko bandera
Izen ofiziala Palermo
Estatua
Eskualdea
Probintzia
 Italia
 Sizilia
Palermo
Herritarra palermotar
Koordenatuak 38°7′0″N 13°22′0″E / 38.11667°N 13.36667°E / 38.11667; 13.36667Koordenatuak: 38°7′0″N 13°22′0″E / 38.11667°N 13.36667°E / 38.11667; 13.36667
Palermo non dagoen adierazten duen Italia-ko/-go/-eko mapa
Palermo
Eremua 158 km2
Posta kodea 90100
Biztanleria 675.018 bizt. (2006)
Dentsitatea 4.272,27 bizt./km²
http://www.comune.palermo.it

Palermo[1] (Palermo italieraz, Paliermu edo Paliemmu sizilieraz) izen bereko probintziaren eta Sizilia osoko hiriburua eta portua da. 720.000 biztanle inguru ditu gaur egun, eta, metropoli-eremuarekin, 1.064.000. Siziliaren hego-mendebaldean dago, Tirreniar itsasoan. Ardoa, nekazaritzako gaiak eta produktu kimikoak esportatzen ditu. Garrantzi handiko industriagunea da (janari-industria, ehungintza, kimika, ontzigintza).

Aipagarriak dira katedrala (XII. mendean hasia) eta normandiarren garaiko elizak: San Giovanni degli Eremiti (XII. m.) eta San Cataldo (XII. m.), besteak beste. Aipagarriak dira, orobat, jauregiak: Zisa (XII. m.), Sclafani (XIV. m.), Marchesi (XV. m.), Chiaramonte (XIV. m.), Abbatelli (XV. m.) eta Bonagia (XVII. m.), besteak beste.

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrutia Auzoak
I Kalsa, Albergheria, Seralcadio eta La Loggia
II Settecannoli, Brancaccio eta Ciaculli-Oreto
III Villagrazia-Falsomiele eta Stazione-Oreto
IV Montegrappa, S. Rosalia, Cuba, Calafatimi, Mezzomonreale, Villa Tasca-Altarello eta Boccadifalco
V Zisa, Noce, Uditore-Passo di Rigano eta Borgo Nuovo
VI Cruillas, S. Giovanni Apostolo, Resuttana eta San Lorenzo
VII Pallavicino, Tommaso Natale, Sferracavallo, Partanna Mondello, Arenella, Vergine Maria eta San Filippo Neri
VIII Politeama, Malaspina-Palagonia, Libertà eta Monte Pellegrino

Lurraldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palermo kokatuta dago Papireto, Kemonia eta Oreto ibaiek eratutako arroan. Toki hau IX. mendeko arabiarrek Urrezko arroa izendatu zuten. Palermoko mendilerroak arroa inguratzen du. Mendi hauek Tirreniar itsasora begira daude. Historian zehar, bere golkoaren itxurarengatik, anitz populaziok erabaki zuen Palermo konkistatzea. Izan ere, golkoa berezko portua da. Monte Pellegrinotik dagoen panoramika ikusgarria da.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monte Pellegrinoren argazkia XIX. mendearen amaieran. Mendia ikusgai dago hiriko edozein tokitatik.

Hiriaren atzean dauden mendiak kareharrizkoak dira. Mendilerroaren itxurak Palermoko urbanizazioa behartu zuen, mendiek hiriko barruti batzuk banatzen dituztelako. Arroaren ondoan dauden mendiek, hiria gotorleku naturala bilakatzen dute. Era honetan, iraganean oso zaila zen irlaren barrualdera iristea. Mendilerroaren altuerarik handiena La Pizzuta da, 1.333 metro inguru. Hala ere, historikoki mendirik garrantzitsuena Monte Pellegrino da, nahiz eta lautada batek mendilerrotik aldentzen duen. Johan Wolfgang von Goethek, mendi honen labarra Italiar bidaia saioan munduko harkaitzik ederrena definitu zuen.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Papireto eta Kemonia ibaiek antzinatik altxatutako eraikuntzaz beterik daude. Edozein kasutan, nabariak dira ibaien ibilbideak, kaleak beraien gainean egin zirelako. Drainatu gabeko ibai bakarra Oreto da, zeinak hiriko beheko auzoa mendebaldeko goiko auzotik eta industrialde barrutietatik bereizten dituen. Arroan badaude urtaroko errekak, betidanik aipatuta, zonalde zingiratsuak eratzen dituztenak, hala nola, Mondello barrutia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte mesolitikoa Addaura koban

Gizakiaren aztarnak Mesolitiko garaitik agertzen dira Palermon, K. a. 8.000 urte inguru. Garai horretako Addaura kobako labar pinturak dira "[2], non giza irudia agertzen den. Tuzididesen arabera, sikano herria Iberiar penintsulatik etorri zen, Kataluniatik beharbada[3][4].

Feniziarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feniziarrek, Kanaan iparraldeko itsas-merkatariek, establezimendu bat eraiki zuten K. a. 734an Palermoko berezko portuan. Zenbait iturriren arabera, portua Ziz (lorea) deitu zuten[5] Denbora pasa ahala, hau izan zen Sizilian zeuden feniziar kolonietatik garrantzitsuenetariko bat, Motia eta Soluntumekin batera. Hala ere, feniziar aztarnak eskasak dira eta hiriaren erdian daude. Hori dela eta, indusketak hastea garestia da eta, noizean behin, zaila da aztarna guztiak ateratzea ere. Feniziarrek aukeratutako tokia ez zen kasualitatezkoa izan. Kokapena, portua eta mendiakerraz konektatzen zituena, zuzeneko errepide bat zen, gaur egun Corso Calatifimi bilakatu da. Errepide hau lagungarria zen mendietatik at bizi zen populazioarekin merkataritza egiteko.

Harresi punikoen aztarnak

Lehenengo establezimendua Paleapolis izenarekin ezagutzen da (Παλεάπολις), grekeraz antzinako hiria, ezberdintzeko K. a. V. mendean gertatu zen bigarren kokatzetik. Azken hau Neopolis deitu zen (Νεάπολις), hiri berria. Neapolisa ekialdera eraiki zen eta, erasoetatik salbu egoteko, sekulako harresiz inguratu zen. Egitura honen zenbait zati ikusgai daude Cassaro barrutian. Barruti honek harresitik hartu zuen izena, arabieratik al-qsr (gaztelu). Harresiaren luzeran, bazeuden zenbait ate hiriko irteera eta sarrera errazteko. Honek adierazten du irlaren barruko herriekin merkataritza egiten zela. Honetaz gain eta beste ikerketen arabera, litekeena da harresi batzuk egotea, hiri zaharra eta berria banatuz. Hiriko bilakaerari dagokionez, kolonia garatu zen kale luze baten ondoan (decumanus), zeina elkarzut beste kale butzuk mozten baitzuten. Kale hau beti egon da erabilgarri, gaur Corso Vittorio Emanuele bilakatu da.

Gehienetan, Palermo feniziar erroekiko leiala izan zen, Kartago izan zen haren merkataritza-partaiderik onena izanik. Garai hori oso baketsua izan zen. Hala ere, hiria greziar kulturarekin topatu zenean, K. a. VI. eta V. mendearen artean, bakea bukatu zen eta Siziliar gerrak hasi ziren. Gatazka hau Sirakusako greziarren eta Kartagoko feniziarren artean piztu zen, biek Sizilia osoa kontrolatu nahi zutelako. Gerra horren garaian greziarrek Panornos izendatu zuten hiria (Πάνορμος) (guztia portua) haren kostaren profilarengatik.

Magna Graecia

Gerraren bilakaera Diodorus Siculus greziar idazleak kontatu zuen eta azaldu nolakoa zen Palermoko portua ere. Hamilkar I.aren armada (Himera batailan garaitua izan zena) Palermoko portutik abiatu zen[6]. Diodorusek zioenez, K. a. 409an Hermokrates Sirakusakoak hiria arpilatu zuen. Siziliar gerrek K. a. 265ean bukatu zuten, 335 urte eta gero, erabaki zutenean erromatarren kontra haien indarrak biltzea, Lehenengo Gerra Punikoan, irla osoa menperatu nahi zutelako. K. a. 276an, Gerra pirrikoan, Panornos greziar kolonia bilakatu zen Pirro Epirokoaren konkista eta gero. Berriz ere, K.a. 275ean, Palermok Kartagori leialtasuna adierazi zion, baina K.a. 254 erromatarrek Panornos setiatu ondoren konkistatu zuten. Kartago saiatu zen errekuperatzen K.a. 251ean, baina alperrik. Palermoaren izen latindarra Panornus zen. Augusto enperadorearen garaian, erromatar legionariak hirian ezarri ziren. Antzina, Sizilia irlan gailentzen zen hizkuntza greziera zen, gehienbat ekialdean, Palermo grezierako mugan zegoen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri germaniarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar inperioa desagertu zenean, Zenbait tribu germaniarrek Palermo kontrolatu zuten. Lehenak bandaloak izan ziren K.o. 440ean, Genseriko erregeak zuzenduta. Bandaloek Afrikako iparraldeko erromatar probintziak okupatu zituzten 455ean inguruan[7]. Geroago, Korsikaz, Sardiniaz eta Siziliaz jabetu ziren. Hala ere, ostrogodoek lurralde horietaz laster kanporatu zituzten. Ostrogodoen konkista, Teodoriko Handiarekin, 488an hasi zen. Nahiz eta ostrogodoak germaniarrak izan, Teodoriko erromatar kulturan eta gobernuan oinarritu zen[8].

Bizantziar inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Erromatar Inperioak (Bizantziar inperioak) ostrogodoen kontra borrokatu zuen. Belisarius jeneralak 535.ean hartu zuen Italiako lehenengo zatia Sizilia izan zen. Jeneralaren garaipenei esker Justiniano I.aaren erregetza indartu zen[9][10]. Bizantziarren esku egon zen garaian, hiriak hazkunde handia izan zuen.

Musulmanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eufemius Mesinako almiranteak, Miguel II.a enperadoreari traizionatu eta geroTunisiara alde egin zuen eta aglabtarren liderrari Ziyadat Allahri laguntza eskatu zion. 831ko Siziliako konkista horren ondorio bat izan zen, 904 arte erresistentzia gogorra izan bazen ere. Konkistatu eta gero, Siziliako emiratoa ezarri zen[11]. Musulmanek irla gobernatu zuten 120 urtez.

San Giovanni degli eremiti eliza, bizantziar arabiar eta normandiar arkitekturako elementuekin.

835ean arabiarrek hiria hartu zuten, eta hainbeste aberastu zen Afrikako iparraldearekin zituen merkataritza-harremanekin esker non Kordoba eta Kairorekin konkurrentzia egiten baitzuen[12][13]. Palermok Sirakusa ordezkatu zuen Siziliako lehenengo hiriburu moduan. Arabiarrek zenbait nekazaritza-produktu ekarri zuten, gaur egun siziliar sukaldean erabiltzen direnak[14]. Palermon arabiar jatorri zuten musulmanak kokatu ziren, baina Siziliako beste zonaldetan berbereak nagusi ziren. Aglabtarren boterea desagertu ondoren, irlak autonomia gehiago izan zuen, baina baita arabiarren, berbereen, eta kristauen arteko matxinadak eta barruko gerra usuak ere. Ifriqiyan Fatimiar kaliferria ezarri orduko, Ismail Al-Mansur kalifak irlaren egoera baretu zuen, haren ordezkaria Hasan al Kalbi emir izendatu zuelarik 948an. Agintari honek egoitza Palermon kokatu eta kalbidar dinastia ezarri zuen. Bakearekin loraldi ekonomikoa lortu zen nekazaritza, merkataritza eta artisautzaren hobekuntzari esker. Ismailek ezarritako zergak hiriko herri-lanetan erabili ziren, portua handitu zen eta eraikin asko ere, hala nola, gaztelu berri bat, lorategiak, mezkitak (hauen artean Aljama mezkita)eta Palermoko lehenengo qanat[15]. Honi esker, uraren hornidura bermatu zen hiriak 300.000 biztanle lortu arte. Populazioa irlako beste aldeetatik zetorren baita atzerriko merkatariak ere. Biztanle guztiarentzat harresiz inguraturiko auzo berriak eraiki ziren. Garai honetan, Palermon komunitate juduak eta kristauak elkarrekin bizi ziren arazorik gabe, yizia[16] zerga ordaintzen zutelako. Arabiar jatorrizko anitz toponimo daude, adibidez hiriko barruti historikoak[17].

Normandiarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normandiarrak, Roger Hautevillekoak eta bere anaia Roberto Guiscardek zuzendurik, 1061ean Aita santuaren onarpenarekin, Siziliako konkista hasi ziren. Hiriaren kontrako lehen erasoa 1064an gertatu zen, Pisako soldadu espedizio bat hiria konkistatazen saiatu zenean. Ezin zutenez helburua lortu, inguruak eta portua suntsitu eta arpilatu zituzten.

Normandiarren jauregia

Normandoek 1071ean setio bat jarri zuten hiria menperatzeko zenbait saiakeren ondoren eta hurrengo urtean bukatu zen Palermoko kapitulazioarekin. Adostutakoaren arabera, hiritarrak libre izango ziren nahi zuten erlijioa praktikatzeko eta beraien legeekin gobernatuak izateko. Roberto Guiscarden eta haren armada heroi giza onartuak izan ziren[18][19] Hiriko gorakadarik handiena 1072-1194 urte-bitartean izan zuen, normandiarren agindupean Palermo Siziliako erreinuaren hiriburua izan baitzen. Roger II.a Siziliakoarekin Siziliako eta italiar penintsulako normandiar lurraldeak igo ziren Siziliako konderria izatetik Siziliako erresuma izatera. Erresuma Palermotik gobernatu zen eta Palazzo dei Normandi erregearen egoitza bilakatu zen. Garai horretan, anitz eraikin egin ziren, Palermoko katedrala adibidez. Siziliako erresuma Europako estaturik aberatsenetako bat izan zen, beste normandiar estatu bezala, hau da, Ingalaterrako erresuma[20]. 1194. urtean Germaniako Hohenstaufen dinastiak hartu zuen aginpidea. Frederiko II.aren garaian (XII. m.) Palermo Europako kulturagune nagusietakoa izatera iritsi zen. 1266. urtean Frantziako Karlos I.a Anjoukoak hartu zuen. Handik gutxira, herria agintearen aurka matxinatu zen (siziliar bezperak, 1282), eta Aragoiko Petri Handiari eskatu zion laguntza. Hark anjoutarrak bota zituen, eta Caltabellotako hitzarmenarekin (1302) gerra amaitutzat eman zen. Palermo Aragoiko koroaren agindupean geratu zen. 1412. urtean, Siziliako koroak Aragoikoarekin bat egin zuen.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Viktor Amadeo II.a Savoiakoa.

Aragoitarrek, austriarrek eta espainarrek hiria okupatu zuten. Espainiar agintaritzan, populazioak XV. mendearen erdian 30.000 biztanle ziren eta 1656ko izurri beltzaren bezperetan 135.000ra heldu zen. XVI. eta XVII. mendeetan Palermon barroko estiloko edifizio asko eraikin ziren, egundaino iraun dutenak. Geroago hasi zen Palermoren gainbehera. 1647. urtean herria Espainiako gobernuaren aurka altxatu zen. Utrechteko hitzarmenaren (1713) ondorioz, Palermo Savoiako Viktor Amadeo II.aren mende geratu zen, eta 1718. urtetik aurrera Austriako habsburgotarren mende. Hala ere, 1734an borboiak itzuli ziren aginpidera Sizilia eta Napoliko erresuma batuz. Karlos III.ak[21] Palermo aukeratu zuen koroatzerako Siziliako errege giza. Karlosek agindu zen etxe berriak egitea etengabe gehitzen zen populaziorako, merkataritza eta industria ere garatzen zihoazelako. Hala ere, Palermo probintziako hiri bat bilakatu zen errege-gortea Napolira lekualdatu zelako eta haren jauregiak jadanik ez ziren erabili.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlosen semea, Fernando I.a, nahiz eta herriarentzat gogokoa ez izan, Palermon bilatu zuen babesa Frantziar iraultzaren ostean, 1798an. Bidaian, Alberto printzea, 6 urte zituela, hil zen. 1848ko urtarrilaren 12an, Palermo izan zen Europako mugimendu iraultzaileen eszenatoki bat[22]. Napoleonen gerrak amaitu zirenean, Sizilia osoa borboien esku geratu zen. 1820 eta 1848. urteetan, borboien aurkako matxinadak gertatu ziren. Azkena Giuseppe La Masak zuzenduta. Parlamentu eta konstituziio bat aldarrikatu ziren, lehenengo presidentea Ruggero Settimo izanik. Borboiek Palermo (1849ko maiatzean) berreskuratu eta kontrolatu zuten Garibaldi 1860ean agertu arte.

Giuseppe Garibaldi 1866an.

Plebiszitu baten ondoren, 1861an, Palermok eta Sizilia osoak Italiako erresumarekin bat egin zuten. Bigarren Mundu Gerran (1943) aliatuek hiria hartu zuten bonbardaketa gogor baten ondoren. Portua eta ondoko barrutiak suntsitu zituzten. 1946an, hiria eskualdeko egoitza izendatu zuten, horretarako Palazzo dei Normandi aukeratu zuten. Palermoko etorkizunak bikaina ematen zuen baina gaitasunik ezak, ezintasunak, ustelkerika eta larderiak porrotera bidali zuten. Mafiak zerikusi handia izan zuen Palermoko kontrol gabeko garapen urbanistikoan. Estatu italiarrak mafiarekin partekatu behar zuen botere ekonomikoa eta administratiboa. 80ko eta 90eko hamarkadetan, hainbat funtzionario publikok mafiaren kontrako borrokan galdu zuten bizia. Palermo konektatuta dago nazioarteko aireportuarekin eta zenbait itsas-liniekin. Edonola ere, lehorreko komunikabideak pobreak dira. Arrazoi guztiengatik, turismoa ez da garatu, nahiz eta baliabide hau ezinbestekotzat hartu da Palermo suspertzeko, hiru mila urteko ondareaz eta folkloreaz baliatuz.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palermoko uda beroa da (Csa Koppen sailkapenean), neguak freskoak eta hezeak. Urtean zehar Palermo epela da, urteko batez besteko tenperatura 18,5º C. Urteko Eguzkiaren argia 2.530 orduak dira. Elurra arraroa da.

Datu klimatikoak (Palermo)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 14.8 15.1 16.1 18.4 21.8 25.1 28.3 28.8 26.6 22.9 19.3 16.0 21.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 11.5 12.1 13.2 15.7 18.9 22.4 25.6 26.2 24.1 20.4 16.8 13.3 18.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 8.2 9.1 10.9 12.9 16.0 19.7 22.9 23.6 21.5 17.8 14.3 10.5 15.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 71.6 65.4 59.5 44.1 25.5 12.2 5.1 13.3 41.5 98.0 94.3 80.0 610.5
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 9.7 10.0 8.7 6.1 3.2 1.6 0.8 1.6 4.1 8.3 9.4 10.8 74.3
Iturria: World Meteorological Organization (Nazio Batuen Elkartea)[23]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 157. araua: Europako hiriak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0157.pdf .
  2. Sandars, Nancy K., Prehistoric Art in Europe, Penguin (Pelican, now Yale, History of Art), 1968 (nb 1st edn.), pp. 85-86
  3. "Sicily: Encyclopedia II – Sicily – History". Experience Festival. 7 October 2007
  4. "Aapologetico de la literatura española contra los opiniones". Ensayo historico. 7 October 2007.
  5. History of Palermo". ItalyTravelEscape.com. 7 October 2007.
  6. "Destiny of a King's Capital". BestofSicily.com. 7 October 2007.
  7. Privitera, Joseph. Sicily: An Illustrated History. Hippocrene Books. ISBN 978-0-7818-0909-2.
  8. "Theodoric". Encyclopædia Britannica. 7 October 2007.
  9. Hearder, Harry. Italy: A Short History. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-33719-9.
  10. "The Greek and Byzantine Roots of Palermo". HellenicComserve.com. 7 October 2007.
  11. "Brief history of Sicily" (PDF). Archaeology. Stanford.edu. 7 October 2007.
  12. Of Italy, Touring Club (2005). Authentic Sicily. Touring Editore. ISBN 88-365-3403-1.
  13. Joseph Strayer, Dictionary of the Middle Ages, Scribner, 1987, t.9, p.352
  14. Privitera, Joseph. Sicily: An Illustrated History. Hippocrene Books. ISBN 978-0-7818-0909-2.
  15. Qanata lur elkorretan erabilitako egitura da. Honek mendixketako lur azpiko ura aprobetxatzen du inguruko lautada ureztatzeko.
  16. Zerga hau musulman ez zirenek (dimmi) ordaindu behar zuten eta haien erlijioa jarrai zezaketen praktikatzen.
  17. Comune di Palermo (1997). «Breve storia di Palermo» (en italiano). Consultado el 3 de diciembre de 2008.
  18. Brief history of Sicily" (PDF). Archaeology. Stanford.edu. 7 October 2007.
  19. Appleton, The World in the Middle Ages, 100.
  20. John Julius, Norwich. The Normans in Sicily: The Normans in the South 1016–1130 and the Kingdom in the Sun 1130–1194. Penguin Global. ISBN 978-0-14-015212-8
  21. 1734tik 1759ra Napoli eta Siziliako erregea izan zen. Napolin Karlos VII.a izenarekin eta Sizilian Karlos V.arekin.
  22. Correnti, Santo: A Short History of Sicily, Les Editions Musae, Montreal (2002); Scianò, Giuseppe: Sicilia, Sicilia, Sicilia!, Edizione Anteprima, Palermo (2004); fuentes citadas en en:Sicilian revolution of independence of 1848.
  23.   Weather Information for Palermo, http://www.worldweather.org/176/c00605.htm .

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Palermo Aldatu lotura Wikidatan