Chicago Bulls NBAko saskibaloi taldea da, Chicagon egoitza duelarik. Bullsek sei txapelketa irabazi zituzten 1990eko hamarkadan, berebiziko 'dinastia' lortuz.
Chicago Bulls Chicago-n sortutako hirugarren frankizia da, Packers/Zephyrs (orain Washington Wizards) eta Stags (1946-1950) taldeen ondoren. Taldeak 1966-67ko denboraldian hasi zuen ibilbidea NBAn, eta handitze draft batetik etorritako talderik onena zela berehala azaldu zuen NBAko Playoff-etarako sailkatzea lortuz.
[1]
International Amphitheatre-n jokatu zituzten beraien lehenengo bi denboraldiak, Chicago Stadium-era lekuz aldatu baino lehen. Hurrengo urteetan talde lehiakor bat osatzen saiatu ziren Bulls-ak, garai hartan gailendu ez arren. Talde bortitz, borrokatzaile eta defentsazkotzat hartu zuten 1970eko hamarkadan. Jerry Sloan defentsa gogorrak, Bob Love eta Chet Walker hegalekoek, Norm Van Lier antolatzaileak, eta Clifford Ray eta Tom Boerwinkle pibotek osatu zuten taldearen oinarria. Dena dela, saileko garaipen bat bakarrik lortu zuen taldeak, eta ez zen NBAko finaletara heldu.