Clara Lemlich

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clara Lemlich

(1910)
Bizitza
JaiotzaHorodok (en) Itzuli1886ko martxoaren 28a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
 Errusiar Inperioa
Lehen hizkuntzaYiddisha
HeriotzaLos Angeles1982ko uztailaren 12a (96 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HizkuntzakYiddisha
ingelesa
Jarduerak
Jardueraksindikalista, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, textile worker (en) Itzuli eta sufragista
KidetzaWage Earner’s Suffrage League (en) Itzuli
International Ladies' Garment Workers' Union (en) Itzuli
Women's Trade Union League (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Komunista

Clara Lemlich Shavelson, jaiotzez Clara Lemlich, (Gorodok, Ukraina, 1886ko martxoaren 28a - Los Angeles, 1982ko uztailaren 12a) aktibista eta sindikalista izan zen. 1909an, 20.000 langile bildu zuen New Yorkeko ehungintzako langileen grebaren buruzagietako bat izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clara Lemlich Gorodok hirian jaio zen (garai hartan, Errusiar Inperiokoa; gaur egun, Ukrainakoa), familia judu eta erlijioso baten barnean. Nahiz eta familiaren barruan yiddishez egiten zuten, neskak errusiera ere ikasi zuen isil-gordeka, gurasoen borondatearen aurka. Bizilagun batek, sekretu hura jakin zuenean, errusieraz idatzitako bere liburu sozialistak Clarari mailegatu zizkion, eta gaztea sozialista iraultzaile bihurtu zen.[1]

1903ko Chisinauko pogromaren ostean, Clararen gurasoek Estatu Batuetara migratzea erabaki zuten.[1]

Ehungintzako sektoreko aktibismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorken, emakume gazte etorkin askok bezala, Clarak ehungintzako lantegi batean lan aurkitu zuen eta 11 orduko lanaldiak egiten zituen astean sei egunetan. Gizonezko langileek ere lantegietan lan egin arren, maiz emakumeek baldintza txarragoei aurre egin behar zieten gizonek baino. Lemlichen esanetan, makinak izango balira bezala lan egiten zuten.[2] Gainera, sindikatuetako buruek (gehienetan, gizonek) emakumeek alboratzen zituzten, antolaezintzat hartzen baitzituzten.[3] Clara Nazioarteko Emakumeen Ehungintzako Langileen Sindikatura (ILGWU ingelesez) elkartu zen eta denbora gutxiren buruan, grebak antolatzen hasi zen.[2] Sarritan polizien bortizkeria eta jipoiak jasaten zituen piketeetan. Greba batean, atxilotu zuten 17 aldiz eta sei saihets-hezur hautsi zizkioten.[4][5]

1909ko azaroaren 22an, bi lantegitako langileek greba egin bitartean, Lemlich haien aldeko elkarretaratzera joan zen eta yiddishez hitzaldi eragingarri bat eman zuen bildutako jendetzaren aurrean. Amaieran, bertaratu gehienek greba orokorrarekin bat egingo zutela zin egin zuten.[2][3] Hurrengo hilabeteetan, 32.000 ehungintzako langileetatik 20.000 inguruk, gehienak emakume gazte juduak edo italiarrak, greba egin zuten New Yorken.[6] Horregatik, greba hau ere “Hogei milen altxamendua” izenez ezagutzen da. Ordura arte Estatu Batuetako historiaren emakumeek lideraturiko grebarik handiena izan zen.[7]

New Yorkeko greba bukaerarako, 1910eko otsailean, grebalariek akordioak lortu zituzten sektorearen lantegi gehienekin lan baldintzak hobetzeko. Zoritxarrez, lorpenak ez ziren osoak izan: New Yorkeko Triangle Shirtwaist lantegiaren zuzendaritzak akordiorik sinatzeari uko egin zion. 1911an, itzelezko sutea pairatu zuen lantegiak, 146 langile hil zituena.[2]

Grebaren ondoren, Lemlich ehungintzako sektoreko zerrenda beltzean zegoen eta emakumeen sufragismoaren mugimenduan murgildu zen.[5] 1911an, Soldatapekoen Sufragioaren Aldeko Liga sortu zuen beste kideekin batera, langileen kezkak adierazteko sufragismo eremuan.[1]

Helduaroa eta beste ekimen politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lemlichek mugimendu sozialetan jarraitu zuen Joe Shavelson inprimatzailearekin ezkondu eta gero. Senar-emazteek hiru seme-alaba izan zituzten: Irving, Martha eta Rita.[5] 1910. hamarkadan, Lemlichek hainbat greba eta boikot antolatu eta lideratu zituen, adibidez, 1919ko New Yorkeko alokairu greba. 1926an, Alderdi Komunistako kide egin zen.[1]

Depresio Handia hasi baino gutxi lehenago, Lemlichek eta beste kide komunistek Emakume Langileen Kontseilu Batua (UCWW) sortu zuten, beranduago Emakume Aurrerakoien Kontseiluak (PWC) izango zena.[5] Honen bitartez, Lemlichek eta kideek etxekoandreei eta emakumezko langileei eragiten zieten gaiak aldarrikatzen zituzten: alokairu grebak, manifestazioak, elikagaien prezio igoeren aurkako boikotak eta eserialdiak antolatu zituzten Estatu Batuetako hiri ugaritan.[1]

Lemlichen Alderdi Komunistarekin loturagatik, Estatu Batuetako gobernuak Lemlichen familia ikertu eta jagon zuen urte askotan zehar.[2] Hala eta guztiz ere, Lemlichek ez zuen jarduera politikoa utzi. Alokatzaileen eta langileen eskubideen aldeko mugimenduetan ez ezik, beste batzuetan ere parte hartu zuen Emma Lazarus Emakume Juden Kluben Fundazioaren bidez: indar nuklearraren aurkakoan, afro-amerikarren eskubide zibilen aldekoan eta Vietnamgo Gerraren aurkakoan, besteak beste.[1][5][8]

Lemlichen lehen senarra 1951n hil zen. 1960ko hamarkadan, berrezkondu zen eta geroago Los Angelesera joan zen bizitzera.[5]

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Los Angeleseko adinekoentzako egoitza batean hil zen 1982an, 96 urterekin. Egoitzan zegoenean ere, zentroko osasun-laguntzaileei sindikatu bat eratzen lagundu zien.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g (Ingelesez) Orleck, Annelise. (2009-03-20). Clara Lemlich Shavelson. Shalvi/Hyman Encyclopedia of Jewish Women.
  2. a b c d e (Ingelesez) Clara Lemlich and the Uprising of the 20,000. PBS American Experience.
  3. a b Dwyer, Jim. (2011-03-22). «Triangle Fire: One Woman Who Changed the Rules» The New York Times.
  4. (Ingelesez) Life Story: Clara Lemlich Shavelson (1886-1982). New York Historical Society.
  5. a b c d e f (Ingelesez) Brooks Cohn, Sarah. Timeline - Clara Lemlich Shavelson. City University of New York Commons.
  6. (Ingelesez) Shadduck-Hernández, Janna; Pech, Zacil; Martinez, Mar; Nuncio, Marissa. (2016-12). Dirty Threads, Dangerous Factories: Health and Safety in Los Angeles’ Fashion Industry. UCLA Labor Center.
  7. (Ingelesez) Clara Lemlich sparks "Uprising of the 20,000". Jewish Women’s Archive.
  8. (Ingelesez) Antler, Joyce. (2009-02-27). Emma Lazarus Federation of Jewish Women's Clubs. Shalvi/Hyman Encyclopedia of Jewish Women.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]