Depresio handia
| Depresio handia | |
|---|---|
| Mota | Krisi ekonomiko Errezesio garai historikoa garaia |
| Denbora-tarte | 1929ko urriaren 29a - 1941 |
| Herrialdea | Afganistan, Britainiar Inperioa, Alemaniar Inperioa, Frantzia, Txile, Herbehereak, Hegoafrika, Ameriketako Estatu Batuak eta Hungaria |
| Kausa | causes of the Great Depression (en) 1929ko kraxa |
| Osatzen dute | |
Great Depression in Australia (en) Great Depression in South Africa (en) Great Depression in the Netherlands (en) Great Depression in the United Kingdom (en) Great Depression in the United States (en) Great Depression in India (en) Great Depression in Latin America (en) Great Depression in Chile (en) Great Depression in France (en) Great Depression in Canada (en) Great Depression in Germany (en) Shōwa Depression (en) | |
Depresio handia[1], Beheraldi handia edo 1929ko krisia (ingelesez: Great Depression) 1929ko urrian hasi, eta 1930eko hamarkada osora luzatu zen mundu mailako krisi ekonomikoa izan zen. Orotara, 1929 eta 1932 urteen artean kalkulatzen da BPG mundiala % 15ez jautsi zela. Beste krisi momentu batekin parekatzeko, Atzeraldi handiaren momentuan (2008tik 2009ra) BPG mundiala % 1 baino gutxiago apaldu zen.
Krisi ekonomikoak 1920ko hamarkadako ekonomiaren oparotasuna amaitu zuen, ekoizpen industrialaren jaitsiera, nazioarteko merkataritzaren etetea, eta demokrazien ahultzea eraginez. Bigarren Mundu Gerraren hastapenak Depresio handiari bukaera eman zion[2].
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko hamarkadan mendebaldeko herriek joritasun momentu bat ezagutu zuten Lehen mundu gerra eta nazioarteko tensio politiko azkarren ostean. Ustezko bake iraunkor bat zihoan, eta enpresen irabaziekin batera, burtsa inoiz baino gehiago hazten ari zen. Rockefeller edo Ford bezalako familia boteretsuek sekulako hazkundea ezagutu zuten. Gehienetan 1920ko Hamarkada Zoriontsuaren izena emaiten zaion garai horri. Edonola ere, 1920ko hamarkadako pizkundea gizartearen parte mugatu batera baizik ez zen hedatu, eta estatu batuar familia gehienek, 22,5 milioi gutxi gorabehera, pobrezia maila petik bizitzen segitzen zuten[3]. Chaplinen The Kid filmak garai hartako haur baten egoera aipatzen du. Funtsean, seinale kezkagarririk agertu ez bazen ere, 1929ko lehen hilabeteetan mundu zabaleko leku askotan ekonomiaren atzerapenaren seinaleak nabarmentzen ziren. Baina estatubatuar espekulazioaren marea handiak aurrera segitu zuen indartsu, finantza sistemarekiko konfiantza hautsi arte.
Espekulazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko hamarkadako hazkundearen berezitasunetariko bat, mailegu eta espekulazioaren izugarrizko garapena izan zen. Hala nola, 1926an Wall Streeten plantan ezarritako call loan (egunean eguneko mailegua) sistemak edonori inbertitzeko gaitasuna eman zion. Horrekin, erosleek burtsan erositako akzioaren parte bat bakarrik ordain zezaketen, zamaren gaineratekoa broker batek bankuari mailegatuz. Erreformak menturazko etekinen bidez, maileguen ordaitzea ahalbidetu zuen Buy now, pay later ("Eros orain, gero ordain") logikaren arabera. Edonola ere, call loanek sekulako oldea probokatu zuten, burbuila larrituz, hein batera non estimatzen den 1929an, akzioen 4/5 maileguz erosiak zirela.[3]
Wall Streeten kraka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1929ko udaberrian, urriko Ostegun beltza baino hilabete batzuk lehenago, hazkundea emekitzen hasi zen, batez ere autogintza eta etxegintzaren sektoreetan. Industriek galtzean ekoizten zuten, zorrak eta saldugabeak biderkatzen joanez. Ekonomiari zegokionez, burtsaren joairak bere gorena jo zuen eta maileguek behera egiten zuten.[4]
Uda ondoren, New Yorkeko burtsaren hazkundea ez zen aurreko hilabeteen parekoa. Baina merkatuak suposatzen duen ezegonkortasunagatik, gorabehera orokorrak ez zuen kezka berezirik sortu. Haatik, espekulazio izugarria zegoenez, akzio balioen lehen beherakadak agertu zirenean, inbertsore txikiek beren akzioak ahalik eta bizkorren saldu zituzten. Bada, burtsan, akzio baten balioa apaltzen denean, brokerrak balio galeraren araberako ordaintze gehigarri bat eskatzen dio bere bezeroari. Horrenbestez, bezeroak marjina deitutakoa estaltzeko diru aski ez badu, akzioa merkatura itzultzen da.
1929ko urrian brokerrek beren tituluak presaka utzi zituzten eta hamabi milioi akzio salgai ezarriak izan ziren. Parean inolako eskaerarik ez zegoenez, prezioak jaitsi ziren, bezeroak errekaratu, eta ororen buru, burtsaren kraka gertatu zen. Bestetik, jaitsiera gelditzeko, bankuak akzioak erosten hasi ziren, eta kotizazioak % 12 - % 25 apaldu ziren bat batean. Hurrengo egunetan, jaitsierak hein batean kontrolatzea lortu zen, urriaren 29ra arte, orduan kotizazioak berriro erori baitziren.

Kraka Black Thursdayarekin ("Ostegun beltza", urriaren 24a) hasi zen, eta hurrengo egunotara hedatu: Black Monday ("Astelehen beltza", urriaren 28a) eta Black Tuesday ("Astearte beltza", urriaren 29a). Hala nola, 1929ko urriaren 24ean, sistema osoa zen bere mugara iritsi, handituz joan zen espekulazio burbuilaren leherketarekin. Atzeraldia hasi zen eta 1929 eta 1932 artean Dow Jones indizea % 90ean apaldu zen.
Banku sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burbuilaren leherketak inbertsioen ahulezia agerrarazi zuelarik burtsaren krisia, bankuko krisiz endekatu zen. Banku sistemaren ezegonkortasuna agertu eta, jendea gero eta gehiago bere likideza gordetzen hasi zen. Jakina, bankuen funtsak tipituz joan ziren. Konponbiderik gabe, 5.000 banku baino gehiago itxi egin ziren, edota ordainketa etendura deklaratu. Banku sistemaren lehertzeak estatubatuar gizarte osoa kaltetu zuen, milioika aldaratzaileek beren aurrezkiak galtzen baitzituzten egun batetik bestera. Erosahalmena lehertzen zenez, eskaerak ere larriki behera egiten zuen, akzioen uzkurtzearekin batera. [5]Labur esanda, burtsaren krisiak banku sistema osoa krisian sartu zuen, ekonomia mundiala guripil zoro batean sarraraziz, eta Depresioa –anitz urte iraun zuen– sortuz.
Kraka eta Depresio handiaren arteko lotura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haatik, Paul Samuelson ikerlariaren iritziz, 1929ko kraka Depresio handia eragin duen faktore bat, baizik ez da, beste anitzen artean. Orokorki, 1929ko Kraxaren hasiera eztabaidagaia izan da autore ezberdinen artean. Peter Teminek Lehen Mundu Gerra ostean sortu zen depresioa, bi Mundu Gerren artean izandako depresio ekonomikoaren barruan kokatzen du, testuinguru zabalago batean. Beste autore askok, Galbraith, Kindleberger edota Friedmanek esate baterako, krisia 1929an hasi zela diote; bakoitzak krisiaren hastapenari azalpen ezberdin bat eman arren.
Bernard Gazier ekonomilari frantsesaren esanetan, Wall Streeteko krakak domino efektu sortu du garaiko sistema ekonomikoan. Depresio handiaren garapenera eraman duten bi ondorio nagusi azpimarratzen ditu: alde batetik, urre-patroiaren uzte progresiboa, diru sistema mundialaren desintegrazioa sortuz; bestetik, nazioarteko trukakaketak larriki kaltetu zituen, ekoizpen industrialaren apalera.
Egoera soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Krakaren ondoren krisiak gizartearen maila guziak hunkitu zituen. Enpresa anitzek porrot egiten zuten eta langabeziak geroz eta leku gehiago hartzen hasi zen. Hiru urtean (1930retik 1933ra) AEBetan langabeziaren tasa % 9tik % 24,9ra igo zen.[6]
Mugimendu sozialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1930etik, Franklin Roosevelten lehendakaritza arte, gose manifestazioak ugaritu ziren, erantzun politiko eraginkor baten eskatzeko. Prostesta gehienak berezkoak ziren baina batzuetan ere alderdi komunistak antolatuak. 1930reko hamarkada AEBn maiatzaren bateko desfilea mantendua izan den garai bakarra izan da. Krisiaren hastapenetik langabetuen martxak abiatu ziren San Frantzisko, Los Angeles, Detroit, Washington, Boston edo New Yorketik. 1930reko martxoaren 6an, adibidez, 35.000 pertsona elkartu ziren New Yorkeko karriketan[7]. Manifestaldiek piztutako mobilizazioekin azkarturik, komunistek "langabetuen kontseiluak" sortu zituzten, antolaketa eskala nazionalean koordinatzeko. [8]Ondorenez Kongresuaren erantzun faltaren aurrean gose manifestaldiak bultzatu ziren 1931ko urte ondarrean. Abenduaren 6an, 1.200 ordezkari elkartu ziren Washingtonen, langile eta soldadu ohiekin batera.

1932 urte garrantzitsua izan zen gizarte mugimenduentzat, bi martxa garrantzitsuk ondorio dramatikoak izan baitzituzten. Dearborneko gose manifestaldia[9], komunistek antolaturik, eta Bonus Marcgesoldauihnien martxa. 5.000 pertsona Detroitetik Dearboneko Ford lantegira buruz abiatu zirelarik, poliziak jendetzari tiro egin zion: hiru langile hil zituzten eta beste 50 zauritu. Hamar mila pertsona elkartu ziren Detroiteko karriketan haien ehorzketenkari. [10]
Bestalde, bi manfestatzaile hil zituzten[11]«Bonus Expeditionary Force» taldea Washingtonen batu zelarik. "Bonus March" Lehen mundu gerrako gerrari oihek haien pentsioen ordaintzea errebendikatzen zuten "1917an heroi, 1932an eskale" lelopean. Aldarrikapenak ez ziren lortu eta mugimendua bortizki zapalduak izan zen.

Nekazariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Depresio handiak gizarte osoa hunkitu badu ere, nekazarien egoera oraindik bereziagoa izan zen. 1933an, nekazaritzako poukuen prezioak % 60 apaldu ziren, baserritarren artean miseria zabalduz. Krisiarekin batera, baserrialdean egoera ekonomikoa oraindik makurtu zen baldintza ekologikoengatik. Hala nola, 1931ko lehorreari Dust bowl fenomeno suntsitzailea gehitu zitzaiolarik, eskualde oso batzuk errautsiak izan ziren. Bizirik irauteko, milaka pertsonak Ordoki handietatik ihes egiten zuten, AEBetako mendebaldean instalatzeko.
Erantzun politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]New Deal
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Krakak iraun zuen bitartean, AEBen ekonomiaren desorekak eta aberastasunen kontzentrazioa hain gaizkiagotu ziren, non 1932an 36 familia aberatsen irabaziak populazioaren % 42ren irabaziak bezalakoak ziren. Langabezia tasa % 25era iritsi zen eta hamabost milioi laborari kilimon egitear ziren: anitzek migratzeko erabakia hartu zuten.[12] Gizartea arraberritzeko beharra sentitzen zela eta, 1932an Franklin Delano Roosevelt demokrata presidente izendatua izan zen, Hoover presidentearen ondoren. Krisialditik ateratzeko xedearekin, ekonomiaren esku hartzea agindu zuen, Relief, Recovery and Reform leloan laburbildua. Hala nola, 1933 eta 1938 urteen artean Roosevelt eta bere aholkulariek (Harry Hopkins, adibidez) hainbat lege ezarri zituzten New Deal edo Itun Berria izenaz ezagunak. Egitasmoa hiru helburutan bil daiteke: langabezia eta pobrezia amaitu, ekonomia hobetu eta finantza-sistema hobetu, berriro 1929koa gerta ez zedin.
Anitzetan ez bezala, merkatuaren ezegonkortasunari erantzuteko lanean, estatu federalak paper garrantzitsu bat ukan zuen gobernu agentzien garapena bultzatuz.
Second New Dealetik Roosevelten ehun egunetara
Zehaztasunean erreforma ekonomikoak bi fasetan banatu ziren: lehenik, 1933ko Roosevelten ehun egunak krisiaren eraginak epe laburrean murrizteko eta 1935 eta 1938 artean Second New Deal, epe luzean aberastasunak hobe bana zitezen. Lehen fasean, gobernuak aldaketa garrantzitsu batzuk segurtatu zituen bankuen erreforma bat hasiz eta larrialdi sozialen baita laborantza programak sustatuz. Second New Dealak Roosevelten ehun egunetan hasitako aldaketei segida eman zion, langabeziaren aurkako borroka iraunkortuz. New Dealaren bigarren fase honetan sortuak izan ziren WPA edo National Labor Relations Board bezalako agentzia gobernalek oihartzun politiko garrantzitsu bat ukan dute. Bigarren faseak sindikatzeko eskubide azkartze esanguratsu bat ekarri zuen Wagner Actaren izenpetzearekin. Social Security Actak, aldiz, eskala federaleko babes sozial sistema bultzatu zuen.
Banku pratikak sanotzeko 1933an, Banking Act edo Glass-Steagall Act bozakatua izan zen. Hark merkataritza-banku (aurrezki eta maileguentzat) eta inbertsio bankuen arteko banaketa agintzen zuen. Baina nasaiki saihesten zenez, 1999an Bill Clintonek indargabetu zuen. 2008an, aitzitik, Barack Obamak berriz martxan eman zuen krisi ekonomiko berriari aurre egiteko.

Alabaina, erreformaren interbentsionismoarengatik erreforma batzuk ezeztatuak izan ziren, gorte gorenak inkonstituzionalak zirela aldarrikatu baitzuen. Agricultural Adjustment pact edo National Industrial Recovery Actak, adibidez, baztertuak izan ziren. Epe luzean, New Dealek egoera sozialaren hobetzea ekarri zuen, estatu federalaren botere ekonomikoa azkartuz. Populazioaren parte handi batek aldaketak ontzat hartu zituen eta Roosevelt beste hiru aldiz lehedakari izendatua izan zen 1936, 1940 eta 1944an.
Hedatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Depresio handiak munduko ekonomia jo zuelarik, populazio mundialaren 2/3aren (1,4 miliar pertsona) bizi baldintzak zuzenki lehengaien trukaketei lotuak ziren[13]. Kolonializazioaren kontextuan, Afrikaren komertzioa kasik osoki Europaren menpe zegoen, bai onuratzaile eta bai erosle gisa. Europa eta Ipar Amerikako potentzien erosahalmenaren gainbeheragatik orduan, Hego Amerikan, Asia eta Afrikan «desertu produktuen krisia» sortu zen. Krisiak herri kolonializatuen ekonomiak ahuldu zituen. 1935ean, Afrikaren trukaketa osoek, 1928ko trukaketen % 50 errepresentatzen du. Hego Amerikan, bestalde, soilik % 31koa.[14]
Lehen mundu gerrak Europa suntsitu zuelarik, Estatu batuak, kontinentearen hartzedun egin ziren. Nola ez, amerikar bankuek, Europako banku eta burtsetan zituzten aktiboak Estatu Batuetara ekarri zituztelarik, krisi finantziarioa Europa osora hedatu zen, Alemaniar eta Austriar bankuak bereziki kaltetuz. Horren ondorioz trukaketa ekonomiko internazionalak larriki apaldu ziren eta importazioak murrizteko neurriak zabaldu. Erabaki proteksionista ezagunena AEBko Hawley-Smot legea da. 1930ean bozkatu zen eta okela, kotoia eta gariaren aduana eskubideak % 40an emendatu zituen.
Krisiak eragin zuen beste politika garrantzitsua « hobespen imperiala » izan zen, 1885ko Berlingo konferentziak praktika debekatu izan arren. 1920 hamarkadan herri dominatu eta metropolien arteko trukaketak zentralak ziren, baina Depresio handiarekin herri dominatuen exportazioak metropolietara, beste maila batera areagotu ziren. Hots krisiari aurre egiteko Frantzia eta Erresuma batua bezalako europar inperioak kolonien exportazioetan bermatu ziren. Ermandako politikak ez dira funtsik gabe izan, alderantziz Catherine Coquery-Vidrovitchentzat «1931-1936 garaia, krisi mundialaren bazterrean, fenomeno berezi baten hastapena izan da inperialismo garaikidearen barne: hirugarren munduaren azpi garapenarena»[14]
Mendebaldeko herri guztiak hunkituak izan ziren arren, Stalinen Sobietar Batasuna zeharo krisitik kanpo egon zen.
Afrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehengaien prezioak 1929ko krisia aintzin apaltzen hasi ziren mundu osoan. Gold Coasten kakaoaren salneurria lehertzen hasi zen jadanik 1928an. [15] Afrikako herrietan aktibitate ekonomiko nagusia nekazaritza eta exportazioan oinarritua izanik, Depresio handiak kontinentea gogorki kaltetu zuen, kakahuete, palmondo olioa... bezalako produktuen prezioak eraldatuz. Kongo belgikarra bezalako herrialde kolonizatuetan kanpo eskaera apaldu zelarik, kakahueten prezio 125 zentimotik 25 zentimora igaro zen eta Katanga mehatzaritza eskualdean lan eskaintza % 70 apaldu zen. [16]
Momentuan bertan izan diren ondorio ugari horien gain, Depresio handiak aldaketa iraunkorrak ekarri ditu Afrikako herrialde kolonizatuetan. Esate baterako « Hobespen inperiala»ren izenean erregimen inperialistek ekonomiaren berregituratzea bultzatu zuten, trukaketa ekonomia tradizionalaren ordez, plantazio ekonomia garatuz. Alabaina lan tresnen hornitzea metropoliako sektore publikoaren gain zenez, antolaketa honek zorren ziklo bukaezin bat martxa eman zuen. Landaguneak pobretu ziren eta migrazio fluxu handiak hirietara zuzendu ziren. Horrez gain, inperioen estatu zentralek gobernu kolonialen aurrekontuak murriztu zituzten herrialdeen garapena luzaz trabatuz. Azpiegituren eraikuntzak, portu eta komunikabideen berritzeak gelditu ziren herri anitzetan.[17]
Hego Amerika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]AEBen inbestitzeengatik, Hego Amerikako sistema ekonomikoen egoera bereziki latza izan da Depresio handiaren garaian. Txile, Bolivia eta Peru munduko herri kaltetuenak izan dira, 1929 eta 1932 artean, herri horien exportazioak % 70 apaldu baitziren.[18]
Brasilen, Depresio handiak bigarren kafearen krisi bat piztu zuen. Burtsaren kraxaren ondoren, herria gainekoizpen egoera batean arrapatua izan zen, bere ekoizpen bakarrak mundu osoko kafe kontsumitzea gainditzen baitzuen (1,8 millioi tona ekoiztuen gain soilik 1,4 millioi tona kontsumituak ziren)[19]. Erantzun gisa Brasileko estatuak aterabide ezberdinak atzematen zituen, eta haien artean produkzioaren parte bat erretzea edo itsasora botatzea izan zen. Gaur egun estimatzen da 1929 eta 1939 artean gutxi gorabehera 80 milio kafe zaku erre zirela. [20]Krisiak nazionalismo nahiak piztu zituen Hego Amerikan, gobernu faxistei bidea utziz. Brasilen Getúlio Vargas krisiaren ondorioez baliatu zen boterera iristeko.
Europa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1935ean britaniar populazioaren bostenak ez zuen aski jaten eta 1933an alemaniarren erdia langabezian zegoen.[21] Krisia crasha eta urte bat geroago iritsi zen Europara, 1920ko hamarkadaren oparotasunari bukaera emanez. Lehen Mundu Gerratik heredatutako desoreka finantziario eta monetarioengatik, bankuak krisian sartu ziren. Austrian Credit Anstalt bezala, banketxe garrantzitsu batzuek porrot egin eta desagertu ziren. Orokorrean garaiko gobernuen erantzunak eskasak izan ziren, zeuden tentsio politiko solzialak elikatuz. 1932an Alemanian langabezia tasa % 20ra iritsi zen: horrek populazioaren haserrea areagotu zuen. [22]Alegia, Weimareko errepublikak estatubatuar maileguen bukaeraz izugarri sufritu zuen. Analisi anitzen arabera, krisiak Hitler boterera eramateko balio izan zuen, 1930reko irailean NSDAPk 107 eserleku lortu baitzituen Reichstagean.
Azalpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Depresio handiaren sortzea azaltzen, eztabaida ugari pizten dira ekonomisten artean. Azalpen ezagunena Milton Friedman eta Anna Schwartzek eman dute A Monetary History of the United States 1867-1960 (1963), liburuan, monetarismoaren obra garrantzitsuena gisa ezagutua. Friedman eta Schwartzen teoriaren arabera, jatorrian Depresio handia krisi ekonomiko klasiko bat zegoen. Oroz gainetik Erreserba federalak krisia areagotu zuen bere politika monetarioekin; merkatua libro utziz diru eskaintzaren erortzea probokatuz. John Maynard Keynesek bere aldetik, The General Theory of Employment, Interest and Money (Enplegu, interes eta diruaren teoria orokorra) saiakeran aurreratu zuen 1929ko krisia Depresio handia bilakatu zela, gizartearen azpi kontsumoagatik.

Egoera ikertzeko, Charles Kindleberger historialariak faktoreak askotarikoak direla azpimarratu zuen. Hark, egoera ikuspuntu geopolitiko batetik aztertuz, estabilitate hegemonikoaren nozioa kontzeptualizatu zuen. Teoria horren arabera, mundu mailako krisi ekonomikoak egonkor daitezke, soilik potentzia ekonomiko batek hegemon papera hartzen badu. Hegemon den herriarentzat suposatzen du, munduko ontasun publikoen hornitzea beregain hartzea, krisi ekonomiko momentuetan beste herrientzat sustengu sendo bat izanez. Haatik, 1920ko hamarkadaren bukaeran Erresuma batuak hegemon papera galdu zuelarik, AEBek errol horri uko egin zioten egoera desorekatuz. Hala nola, arauak finkatzeko eta errespetarazteko gai den potentziarik gabe, beste herriek kooperazioari uko egiten diote eta horrek nazioarteko oreka deuseztatzen du. Joko teoriaz inspiratzen den azalpen horrekin, Charles Kindelberger teoria monetarista ikuspegi keynesianista baino haratago doa aspektu multifaktoriala argitan ezarriz.
Politika protekzionisten kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paul Bairoch historialariaren aburuz, 1920ko hamarkada protekzionismoaren igoera gisa deskribatzea aski faltsua litzateke. Izan ere, krisia komertzioaren liberalizazioaz aintzindua izan zen Europan. Aduana eskubideen batazbesteko haztatua Lehen mundu gerra aintzineko urteen gisakoa zen. Usu kritikak jasotzen baditu ere Smoot-Hawley legeari buruz, Ian Fletcherrek oroitarazi zuen tarifa AEBko komertzioaren heren bati baizik ez zela aplikatu, BPGaren % 1,3an bakarrik. [23]Maurice Allais nobel sariarentzat "1929ko krisia politika protekzionistei aurpegiratzea, zentzugabekeri historiko utsa da. Bere benetazko etorkia krisia baino pare bat urte lehenago gertatu zen kreditu inkontsideratuaren garapenean du."[24]
Arteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argazkilaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ama migratzailea edo Migrant Mother inglesez, Depresio handiaren sinbolo esanguratsuenetariko bat da. New York Times bezalako aldizkari eta egunkari ugaritan publikatua izan eta sekulako oihartzuna izan zuen mundu osoan. Dorothea Lange, argazkilari ibilkariak Farm Security Administration (FSA) lan egiten zuen irudia atera zuelarik. FSA nekazarien egoerari sentsiblizatzeko kanpaina bat eraman zuen agentzia gobernamentala zen, Roosevelten New Deala sustatzeko helburuarekin.[25]
Argazki horretan, lanpostu bat edo gizarte-laguntza bila zebilen Florence Owens Thompson agertzenew da, 32 urteko emakumea eta 7 seme-alaben ama. 1931n bere lanpostua galdu eta urte berean hil egin zen. Argazkia 1936ko martxoan hartu zen, Niponoko langile esparruan, Kalifornian. Milaka pertsonaren gisan Florence Owens Thompsonek ilarrak biltzen lan egiten zuen. Argazkiaren gibelaldeak zein emakumearen aurpegiko espresioak indar berezi bat ematen diote irudiari, Depresio handian hedatu zen nekazarien miseria gorpuztuz.

Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Depresio handiaren inguruan sortu diren obren artean, ezagunena Steinbecken The Grapes of Wrath (1939) da, urteak batzuk geroago John Fordek filmaz egokitu zuena. Eleberriak Depresio handiaren garaian nekazari anitzek bizi izan zuten miseria aipatzen du, lehortea eta Dust Bowlek sortutako kalte dramatikoak azpimarratuz. Krisiaren hastapenarekin, Joad familia Oklahomako etxetik kanporatua da eta Kaliforniarako bidea hartu dute, lana, lurra, duintasuna eta etorkizun baten bila. Haiek bezala, milaka "Okie" familiek beren lurrak utzi zituzten, eta eskualdeak erabat hustu. Steinbeckek Pulitzer Saria lortu zuen eleberri horren bidez 1962an. Horrekin batera, Of Mice and Men haren beste eleberri garrantzitsua, ber testuinguruan garatzen da. AEBko beste eleberriei dagokienez, Harper Leeren To Kill a Mockingbird obra nagusia garai horretan oinarritzen da halaber.
New Dealaren arte agentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
New Dealaren barne Roosevelten administrazioak artea bultzatzeko agentzia eta programak sortu zituen berebat. 1935ean, Federal Art Project Agency (FAP) sortu zen Works Progress Administration (WPA) programaren barne, helburu bikoitzarekin: langabezian ziren artisten enplegutza bultzatu eta eraikin publikoak (eskola, liburutegi...) artelanez hornituz. Artelan horiek muralak, eskulturak, posterrak, argazkiak eta antzerki dekoratuak ziren gehienbat.
Bestalde, fotokazetaritzak ere aurrera egin zuen, neurri handi batean Roy Emerson Stryker Farm Security Administration (FSA) programaren zuzendariari esker.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ (Gaztelaniaz) Tortella, Gabriel. (2000). La revolución del siglo XX. Taurus.
- 1 2 (Frantsesez) «Comment la crise de 1929 a-t-elle été provoquée ?» Meritis 2023-03-07 (kontsulta data: 2024-02-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Temin, Peter. (1995). Lecciones de la Gran Depresión. Alianza.
- ↑ (Frantsesez) «24 octobre 1929, tout bascule» Le Monde.fr 2008-09-20 (kontsulta data: 2024-02-13).
- ↑ (Ingelesez) America’s Greatest Depression 1929-1941,. New York, Harper and Row,, 24 or..
- ↑ (Frantsesez) Binoche,, Jacques. (2003). Histoire des États-Unis,. Ellipses.
- ↑ (Frantsesez) Debouzy, Marianne. «Le Mouvement Social 2003/1» Les marches de protestation aux États-Unis ( XIXe - XXe siècles): 15-41..
- ↑ (Ingelesez) Ford Hunger March. 2024-02-16 (kontsulta data: 2024-02-16).
- ↑ (Ingelesez) , The Lean Years,. Baltimore, Penguin Books, 1970, , p. 433-434. or..
- ↑ (Ingelesez) A Long View from the Left. Memoirs of an American Revolutionary, New York,. Harper and Row,, p. 118-123. or..
- ↑ (Frantsesez) Desbiens,, Albert. Histoire des États-Unis : la Grande Dépression,. coll. « Nouveau Monde »,, 250-253. or..
- ↑ (Frantsesez) Gazier, Bernard. La crise de 1929. , Que sais-je, PUF, Paris,.
- 1 2 Coquery-Vidrovitch,, C.. (1976). Rapport d’ensemble, in : Revue française d’histoire d’outre mer,. .
- ↑ d'Almeida-Topor, Lakroum,, Hélène, Monique. (1994). L’Europe et l’Afrique. Un siècle d’échanges économiques,. Armand colin.
- ↑ (Ingelesez) Anstey,, R.. (1966). King Leopold's Legacy: The Congo under Belgian Rule 1908–1960. .
- ↑ (Ingelesez) "Road Transportation and the Economy of South-Western Nigeria, 1920–1939".. Lagos Historical Review..
- ↑ (Frantsesez) Marseille,, Jacques. (1988). Histoire 1re,. Nathan,, 249 or..
- ↑ Café et Histoire. .
- ↑ (Frantsesez) Castro, Josué. (1967). «Signification du phénomène économique brésilien,» Tiers-Monde, tome 8, n°31,: p.526..
- ↑ (Frantsesez) Chaulin, Charlotte. (2021-06-19). «Krach 1929 : comment est-on passé d'une crise américaine à une crise mondiale ?» Geo.fr (kontsulta data: 2024-02-14).
- ↑ (Ingelesez) Germany – Economic Archived ,. at the Wayback Machine, Public Broadcasting Service (PBS)..
- ↑ (Ingelesez) « Protectionism Didn’t Cause the Great Depression »,. .
- ↑ (Frantsesez) « Lettre aux français : contre les tabous indiscutés ». Marianne, 38 or..
- ↑ (Ingelesez) MOMA. .