Pogrom

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jekaterinoslaveko pogromaren biktima juduak, 1905ean

Pogrom (errusieraz погром, suntsipena) talde etniko, erlijioso edo dena delako baten aurka, gehienetan gobernuaren baimenaz, egiten den eraso bortitza da, hilketak eta ondasunen txikizioa eta arpilatzea barne. Historikoki hitz hau judu-komunitatearen aurkako erasoak izendatzeko erabili izan da.

Pogrom deitutako lehenengo eraso oldea Errusiar Inperioan gertatu zen 1881 eta 1884 artean. 1881ean Alexandro II.a Errusiakoa San Petersburgon asasinatua izan zelarik, errudunak juduak zirelako zurrumurrua zabaldu zen eta, jarraian, Inperioaren hego-mendebaldean (egungo Ukraina, Polonia eta Moldabia) juduen aurkako indarkeria hedatu zen: hilketak, bortxaketak eta milaka etxe suntsiturik. Bitartean agintariek ezer gutxi egin zuten erasoak geldiarazteko; are gehiago, pogromak juduen eskubideak murrizteko baliatu zituzten. 1903 eta 1906 artean beste pogrom olde bat izan zen, garrantzitsuena Chisinaun 1903ko apirilaren 6an. Jazarpen hauen beste ondorio bat emigrazioa izan zen: 1880 eta 1920 artean Errusiar Inperioko 2 miloi juduk Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zuten.

1917ko Errusiar Iraultzan eta ondoko Gerra Zibilean (1918-1921) ere hainbat pogrom izan zen. Judu aberatsek boltxebiken erasoak pairatu zituzten. Iraultzaren aldeko juduek berriz, Armada Zuriaren errepresioa jasan zuten.

Antisemitismoaren historian pogrom hitza judu-komunitatearen aurkako edozein eraso izendatzeko erabiltzen da. Errate baterako 1938ko azaroaren 9an, Alemanian eta Austrian gertatu zen Kristal hautsien gaua, Kristallnacht edo Pogromnacht izenez ezagutzen da. Era berean, pogrom-tzat hartzen dira, Izurri Beltza sortzen zutela leporaturik, XIV. mendean juduek jasan zituzten erasoaldiak ere.

Bestalde, pogrom deitu izan dira azken hamarkadetan gutxiengo erlijioso edo etnikoren aurka izan diren hainbat oldarraldi.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pogrom Aldatu lotura Wikidatan