Concha Murgia Egaña

Wikipedia, Entziklopedia askea
Concha Murguia Egaña» orritik birbideratua)
Concha Murgia Egaña

Bizitza
JaiotzaOiartzun1806ko urtarrilaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaSantiago de Compostela1854ko uztailaren 13a (48 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpatriot (en) Itzuli

Concha Murgia Egaña (Oiartzun, Gipuzkoa, 1806ko urtarrilaren 29aSantiago de Compostela, Coruña, 1854ko uztailaren 13a) Euskal aberri maitalea eta Galiziako kulturaren eta tradizioaren defendatzaile sutsua izan zen. Manuel M. Murguia, nazionalismo galiziarraren lehen historialariaren ama eta Rosalia de Castroren amaginarreba.

Herritar ospetsu modura, 2000. urtez geroztik, urtero jasotzen du oiartzuarren omenaldia, udalaren eta Fato Cultural Daniel Castelaoren[1] eskutik.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Concha Murgia Egaña (Maria Concepción Juliana Sebastiana Murgia Egaña modura bataiatua) Oiartzunen jaio zen, gaur egun kultur etxea dagoen lekuan. Ama, Maria Felipa Egaña Lizaso zen, Aita berriz, Domingo Murgia Azconabieta irundarra. Xosé Estévez, historia katedradunak sakon aztertu zuen bere bizitza[2] Berarengandik jaso dugu gaur egun dugun informazio gehiena, tartean nola aitak Oiartzungo San Esteban elizako organista plaza eskuratu zuen lehiaketa bidez 1797ko abenduaren 17an. Horrela dago jasoa herriko artxibategian gordetako eta herritar fijosdalgoek sinatutako dokumentuan. Plazarekin batera etxebizitza eta baratzea eman zizkioten, bere garaian Erromesen Ospitalea zen lehen solairuan. Murguiatarrak eta Egañatarrak familia garrantzitsuak ziren lurraldean; lehenengoak Astigarraga eta Ergobia jauntxoak ziren eta jabetza asko zituzten inguru horretan; bigarrenek, Zestoatik eta Aizarnazabaletik etorritakoek, postu garrantzitsuak bete zituzten, Gipuzkoako idazkaritzarena, kasu. [3][2]

2020ko omenaldia Oiartzunen

Conchak bederatzi urte zituela, Tolosara joan zen bizitzera, 1815eko urtarrilaren 1ean Santa Maria Elizako organo-jotzaile plaza lortu baitzuen aitak. "Ospe handiagoko eta soldata ekonomiko handiagoko" postua lortu zuelako egin zuen alde. Haien bizitza lasai asko igaro zen, harik eta, 1823an eta Absolutismoa berrezartzearen ondorioz, Gipuzkoar liberal askorekin batera, Galiziarantz ihes egin zuten arte. Horrela egin zuen Conchak Galiziarako bidea 17 urterekin, eta han geratu zen, nahiz eta bere aita Tolosara itzuli denboraldi baten ondoren.

José Martínez farmazialari galiziarrarekin ezkondu zen. Arteixon, San Tirso de Oseiroko O Froxelen jarri ziren bizitzen. Leku horretan jaio zen Manuel seme zaharrena, Xosé Estévezen hitzetan idazle emankor eta ugaria, eta Rexurdimentoko irudi giltzarria izan zena. Beste seme bat ere izan zuten, medikua, gaixotasun tropikal batek jota gazterik hil zena.

Bere hizkuntza eta lurrarekiko maitasuna izan zen seme nagusiari transmititu izan ziona. Hala ere, ezin da jakin bere ama-hizkuntza irakatsi ote zion, semeak ez baitzuen hitz bat bera ere idatzi euskaraz bere obra guztian, baina argi dago sustraiekiko maitasuna eta balio transmisioa bere lana izan zela.

Concha galiziar kulturaren eta tradizioaren defendatzaile sutsua izan zen. Berari buruz esan denez,

«Kultura berri bat maitatzen jakin zuen, berea ahaztu gabe, eta semeari eskuzabaltasun hori bera irakatsi zion, eta, nola ez, kultura berri horren parte izateko beharrezko errespetua eta erantzukizuna»[4].

Conchak ezin izan zuen bere semearen literatur loraldiaren eta arrakastaren lekuko izan, 1854an hil baitzen, 48 urte zituela. Bihotzeko lesio baten ondorioz hil zen, Heriotza-partidan agertzen denez, bakardadean eta inolako sakramenturik jasotzeko aukerarik gabe zendu zen, 1854ko uztailaren 13an, Santiago de Compostelako katedraletik gertu zegoen Rúa das Hortas kaleko 13. zenbakian.

Manuel Murgia eta Rosalía de Castro[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xosé Estévezen hitzetan Manuel Martínez Murguía (1833-1923)[5] Concharen seme zaharrena, Galiziako berpizkundeko handienetako bat izan zen. Poligrafo aparta, historialaria, eleberrigilea, etnografoa, Galiziako nazionalismoaren lehen teorizatzailea eta Galiziako Akademiako lehen presidentea sortu zenetik, 1923an hil zen arte. Manuel Murguiaren bizitzako proiektu garrantzitsua, Galiziaren Historia egitea izan zen, bost liburutan jasoa dena.[6] Manuelek amaren abizenez sinatzen zuen. Bere idazki batean zioenez, bera Galiziako aberria maitatzen hasi zen, amak, bere euskal aberri maitatu eta urrun hura (“Beldurrik ez eta gezurrik esaten ez den Lur hura”) maitatzen zuela ikusten. 1858ean Rosalia de Castro[7] poeta ospetsuarekin[8] ezkondu zen, «Rexurdimento» ko handienetako bat, Curros Enriquezekin[9] eta Eduardo Pondalekin[10] batera. Murguiak asko estimatzen zuen de Castroren lana, eta literatura ibilbidean aurrera egiteko babesa ematen zion. Esaten denez "Cantares Gallegos", Galiziaren berpizte kulturalaren funtsezko liburua argitara ematearen bultzatzailea izan zen Manuel Murguia, 1863ko maiatzaren 17an.

Zazpi seme-alaba izan zituzten; azkena hilik jaio zen, eta haren aurrekoa urte batekin hil zen, eroriko baten ondorioz.

Manuel, 1923ko otsailaren 2an hil zen 90 urterekin Coruñan. Ovidio semea eta Amara alabarekin batera hilobiratua dago. Rosalía berriz, 1885eko uztailaren 15ean, 48 urterekin, umetokiko minbiziak jota, Coruñako Padrón herrian[11].

Estevezek uste du Concha Murgiak agian ez zuela ezagutu bere erraina izan zena, bere semea eta Rosalia Madrilen ezkondu baitziren 1858an.

Aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Concha Murguiaren omenaldia 2023. Pikondo landaketa.
  • Oiartzunen 2000ko azaroaren 11tik aurrera, urtero omentzen da Concha Murgia bere jaiotegun dataren inguruan. Omenaldiaren sustatzaile nagusia Xosé Estévez[12] historialaria izan zen, Lugoko Quiroga herrikoa bera eta Deustuko Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Oiartzunen bizi dena. Bere ekimenez jarri zen oroitzapenezko plaka bat, Concharen jaiotetxean, egun Kultur Etxea den lekuan. Honela dio euskaraz eta galegoz, jasotako testuak:

"Etxe honetan jaio zen Kontxa Murgia Egaña (1806-1854) Galiziako abertzaletasunaren aitzindaria izango zen Manuel Martinez Murgiaren ama" /"Nesta casa naceu Concha Murgia Egaña, nai de Manuel Martínez Murgia, berce do nazonalismo galego"

2023ko ekitaldian Manuel Murgiaren heriotzaren mendeurrenari eman zaio presentzia berezia. Xosé Estévezek "Rosalia de Castroren senarrari" izeneko hitzaldia eman zuen ekitaldiko hasiera modura 2023ko urtarrilaren 27an.[13]

  • Oiartzungo Udala eta Pasaiako Daniel Castelao Fato Kulturala elkar hartuta antolatzen dituzte urtero aipatutako omenaldiak. [14][4]
  • 2018ko udalekuetako haur talde batek bere izena eraman zuen.[15]

Argitaratutako hainbat akatsen zuzenketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Galiziar historialari askok eta heriotza-aktak berak, oker kokatzen dute Concha Murgiaren jaioterria, Oiartzunen ordez, Tolosan. 
  • Conchak bi seme izan zituen eta ez hiru, leku batzuetan azaltzen den modura.
  • Jaiotza datetan oker dago 1806ko otsailak 3 dioena

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. (2011-10-21). «FATO CULTURAL GALEGO DANIEL CASTELAO» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  2. a b «HOMENAJE A KONTXA MURGIA EN OIARZTUN» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  3. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Concha Murguia, la oiartzuarra presente en el 'Rexurdimento Galego'» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Recordando a Concha Murguía» El Diario Vasco 2010-02-11 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  5. (Gaztelaniaz) Manuel Murguía. 2022-01-23 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  6. Murguía, Manuel. (1865-1913). Historia de Galicia. Imprenta de Soto Freire, editor (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  7. Rosalía de Castro. 2022-01-23 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  8. «Inicio» Fundación Rosalía de Castro (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  9. Manuel Curros Enríquez. 2021-03-30 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  10. «eduardo pondal - Google Bilaketa» www.google.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  11. (Gaztelaniaz) «Casa Museo Rosalía de Castro | Museos de Galicia» museos.xunta.gal (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  12. Xosé Estévez. 2020-04-16 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  13. Erik, Gartzia(e)ko. (2023-01-26). «Semeari buruzko hitzaldiarekin hasiko dira Kontxa Murgia omentzen» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-29).
  14. (Gaztelaniaz) «El País Vasco honra a la suegra de Rosalía de Castro» La Voz de Galicia 2017-02-02 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  15. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2019-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]