Cuneatus faszikulu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cuneatus faszikulu
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezfasciculus cuneatus
TAA14.1.02.244, A14.1.04.016 eta A14.1.04.108
FMA73941
Terminologia anatomikoa
Entzefalo-enborrareen irudi honetan grisez irudikatuta daude Cuneatus eta Gracilis faszikuluak. Iturria: Anatorama[1]

Cuneatus faszikulu edo traktua (ziri traktua, traktu kuneiformea edo Burdach-en traktua ere deitua) bizkar-muinean agertzen den nerbio-traktua da, nagusiki besoetako informazioa garraiatzen duena. Faszikulu hau bizkar-muinaren goranzko traktuetako bat da, zeinak jasotako informazio sentsitiboa entzefalora garraiatzen duen bizkar-muinean zehar.

Zehazki, Cuneatus faszikulua atzeko funikulu edo atzeko kordoien atala da. Atzeko funikuluak bi atal ditu: Gracilis faszikulua (erdialdekoa) eta Cuneatus traktua (albokoa).

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

3 zenbakiarekin adierazitako atala da Cuneatus faszikulua. Honekiko medialki, Gracilis faszikulua dago (2).

Cuneatus faszikuluak itxura triangeluarra dauka bizkar-muinaren zeharkako mozketan: triangeluaren oinarria litzatekeena bizkar-muinaren azaletik hurbilen dagoen atala da (atze-bitarteko ildotik atze-alboko ildora hedatzen da) eta triangeluaren erpina ependimo-hodirantz zuzendua dago.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cuneatus faszikuluak sentikortasun epikritiko (ukimen zehatz, presio eta bibrazioa, eta abar) eta propiozepzioari buruzko informazioa garraiatzen du. Informazio hau C1-T6 dermatometan parte hartzen duten nerbio espinaletatik hartzen du. Atzeko funikuluak antolaketa somatotopikoa du, izan ere, iduneko eremutik T6 mailarainoko zuntzak Cuneatus traktuan egongo dira, eta T6 mailatik beherakoak Gracilis traktuan.

Neuronen ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Traktua lehenengo neuronen axoiez osatuta dago, enbor entzefalikoan bigarren neuronekin sinaptatuko dutenak. Lehenengo neurona hauen somak gongoil espinaletan kokatzen dira.  Hauen axoiak atzeko errotik sartzen dira Cuneatus faszikulura eta gurutzatu gabe gorantz hedatzen dira, enbor entzefalikoko erraboilean kokatutako Cuneatus nukleorantz. Axoiek mielina asko dute, beraz eroapen azkarrekoak dira.

Neurona hauen axoiek, bizkar-muinean sartzean, Cuneatus eta Gracilis faszikuluan sartzen diren goranzko adarrez gain, beheranzko adarrak ere ematen dituzte, beherako dauden segmentuetara abiatzen direnak. Zuntz hauek beste faszikulu batzuen parte izango dira.

Cuneatus faszikulutik hedatzen diren lehenengo neuronek Cuneatus nukleoan dauden bigarren neuronekin sinaptatzen dute, eta Gracilis faszikulutik doazenak Gracilis nukleoko bigarren neuronekin. Bi nukleoetatik irtendako axoiak, entzefalo-enborrean bertan gurutzatu egiten dira kontrako aldera, talamora abiatzeko. Axoi hauek (Cuneatus eta Gracilis nukleoetako bigarren neuronenak) erdialdeko leminiskoa eratzen dute.

Axoiak talamora heldu eta bertan sinapsia egingo dute hirugarren neuronekin, talamoko atze-alboko sabelaldeko nukleoan zehazki (alde kontralateraleko talamoan, gurutzamendua eman delako enbor entzefalikoan). Hirugarren neurona hauek jasotako seinaleak kortex somatosentsorialera bidaliko dute haien axoietan zehar, non seinaleak ekintza-potentzial bezala interpretatuko diren. Honek esan nahi du bide hauetan zehar garraiatutako informazioa kontzientea izango dela: muskulu eta tendoietako hartzaileen bidezko propiozepzio kontzientea, bibrazioaren pertzeptzioa Vater Pacini korpuskuluen bidez, eta azaleko ukimen-sentikortasun fina ile-folikuluen inguruan kokatutako hartzaileen bidez, beste hainbaten artean.


Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Schünke M, Schulte E, Schumacher U. PROMETHEUS Texto y Atlas de Anatomía Vol. 3. Editorial Médica Panamericana; 2014.
  • [2]
  1. «Anatorama proiektua» anatorama (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  2. (Ingelesez) Cuneate fasciculus. 2018-02-11 (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]