Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gartxoak (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 10:24, 30 urtarrila 2016
Santoniar-Thanetiar

aroetako geruzak.

Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea euskal kostaldeko marearteko zabalgune bat da, ingurune garrantzitsua bertako biodibertsitateagatik eta mundu mailako erreferentzia geologikoa izateagatik. Bertako flyschak garrantzi geologiko handi du, bertan ondo ikus baitaiteke Paleozeno-Eozeno muga eta K-T muga. Paleozeno garaiaren zabalera osoa hoberen ikusten den munduko lekua izendatu zuen Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.[1][2] Horretaz gain, Daniar-Selandiar[3] eta Selandiar-Thanetiar[4] mugak ere bertan dute euren estratotipoa.[1].

2009tik Biotopo Babestua da Deba eta Zumaia arteko kostaldea.

Biologia

Naturaren aldetik duen interesa higadurak sortzen dituen inguruneen aniztasun handian oinarritzen da; horri esker, txoko ekologiko ugari bereizten dira eta landare- eta animalia-dibertsitate handia ikus daiteke zabalgunearen marearteko zonan. Bertako animalia interesgarriak dira pottorroa (Alca torda), kaio hauskara (Larus argentatus) eta martina (Uria aalge).

Geologia eta geomorfologia

Flyscha itsasotik.

Deba-Zumaia kosta-eremua, 8 km-ko luzerarekin, itsasoko higadura intentsua jasaten duen kostalde malkartsua izateagatik karakterizatzen da batez ere. Horrela, kostaldean zehar, sargune edo senaiak eta irtenune edo muturrak aurkitu daitezke. Higaduraren emaitza, labarrez jositako kosta izan da, berauen oinarrian, egungo marearteko zabalguneak agertzen direlarik.

Inguru honetan ikus daiteke itsasoaren higatze-lanaren ondorioz, itsaslabarrek atzerapen bortitza jasan dutela eta gaur egun ere jasaten ari direla. Bertan, material-geruza gogorrak (kareharri eta harearriak) eta bigunagoak (margak eta material buztintsuak) txandakatzen direnez, eratzen den material txandakatzeak sortzen du higadura nabaria izatea. Ekaitzetan adibidez, olatuek bortizki ekiten dute ezponda arrokatsuen kontra. Arroka bigunez osaturiko mailek ezin dutenez olatuen inpaktu jarraituaren aurrean iraun, amilduz joaten dira, inguruko geruzak beraiekin garraiatuz. Horrela, itsaslabarrean bloke-erorketa handiak ematen dira, kosta-lerroaren atzerapen progresiboa sortaraziz eta, oinarrian, itsas higadurak sorturiko azalera edo marearteko zabalgunea eratuz.

Kosta-sektore honen beste garrantzia handiko ezaugarria ibilbide laburreko haranen presentzia da, kilometro bateko luzera dutenak, malda txikikoak eta soslaia irekikoak. Haran hauek, itsas mailaren gainetik eskegita gelditzen dira 10 eta 30 metrotara, uren itsasoratzea ur-jauzi eran (Mendata errekastoa) edota labarraren hormetatik (San Martin eta Lorazokoak) egiten delarik. Ibilbide handiagoko (2-3 km) eta morfologia meharretako beste haranak, hondartza harritsuetan itsasoratzen dira, itsaslabarraren fronte jarraitua eteten delarik kasu hauetan. Horrelako haranen adibideak Arronomendi, Oskon eta Sakonetako errekastoak dira.

Tarteak

Estratuak agerian, ia zutik.

Flysch honek marearteko zabalgune handia du bere azpian eta jarraipen eta erresoluzio handiko informazioa ematen du. Honakoak dira identifika daitezkeen tarteak:

Nola iritsi

Deba eta Zumaia arteko marearteko gunera iristeko hiru bide nagusi erabil daitezke. Kontua izan behar da Zumaiatik sartzeko marea behean egotea ezinbestekoa dela.

Sakoneta hondartza (Deba).

Zumaiatik

Marearteko zonalderako ekialdeko sarrera Zumaiako San Telmo baseliza azpian dagoen Algorriko kalatik egin daiteke. Zumaiara A8 autobidea hartuta irits daiteke, eta behin herrian sartuta Itzurun hondartzarako bidea hartu behar da (ondo seinaleztaturik dago). Hondartzaren ezkerraldean dago ermita, amildegiaren gainean, eta are ezkerrerago Algorrira daraman bidexka. Algorrira eskailera batzuetatik jaitsi daiteke. Bertan dago, hain zuzen, Kretazikoa eta Tertziarioa bereizten dituen K/T mugaren arrastoa.

Elorriagatik

Elorriagatik naturagunearen erdira iritsi daiteke. Zumaia eta Deba arteko N-634 errepidea hartu behar da Elorriaga auzora iristeko. Arroatik 3 km ingurura dago Elorriagarako bidegurutzea. Autoa auzoan bertan edo aurrerago dagoen parkean utzi daiteke. Hain zuzen, pare horretatik irteten da Endatara jaisten den bidea.

Sakonetatik

Sakonetako hondartzara iristeko Itziarko Itxaspe auzorako bidea hartu behar da (N-634 errepidean dago bidegurutzea, Itziarren bertan), eta auzora iritsi aurretik eskuinera hartu. Errepidea trenbideraino iristen da, eta handik aurrera egitea debekatuta dago. Bertan bada autoa uzteko lekua. Handik hondartzara 5 minutu inguru daude oinez.

Erreferentziak

  1. a b Turrau, Cristina. (2010-7-5). El 'flysch' de Zumaia ya es referente internacional de la historia de la Tierra. Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2011-1-31).
  2. Mutiozabal, Aritz. (2007-06-21). Zumaiako 'flysch'-ari eman diote Paleozenoko estratipo izendapena nazioarteko adituek. Berria (Noiz kontsultatua: 2011-1-31).
  3. Txantiloi:Aldizkako erref: 61. orrialdea: The Danian/Selandian boundary will be placed at the base of the Itzurun Formation in the Zumaia section at San Telmo Beach.
  4. Txantiloi:Aldizkako erref: 61. orrialdea: The Selandian/Thanetian will be placed at the base of magnetochron 26n in the same section.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea Aldatu lotura Wikidatan

Ikus, gainera