Diafragma nerbio
Diafragma nerbio | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | Plexu brakiala |
Identifikadoreak | |
Latinez | nervus phrenicus |
MeSH | A08.800.800.720.150.700 |
TA | A14.2.02.028 |
FMA | 6191 |
Terminologia anatomikoa |
Gizakietan bi diafragma nerbio edo nerbio freniko daude, ezkerrekoa eta eskuinekoa. Hauek idun plexutik sortzen dira, C3, C4 eta C5 mailetatik, hala ere zuntz gehienak C4 mailatik aterako dira. C5 mailako zuntzak berandu gehitzen direnean gainerako zuntzei, diafragma nerbio gehigarri izena hartzen dute.
Nerbio bago, nerbio esplakniko eta azken 6 saihetsarte nerbioekin batera, diafragma inerbatzen dute, beraz arnasketarako oso nerbio garrantzitsuak dira. Ezker nerbio frenikoa eskuinekoa baino luzeagoa da, bere ibilbidean bihotza inguratzen duelako.
Diafragma nerbioa, nerbio mistoa da, hau da, zuntz motorrez gain, zuntz sentsitiboak ere baditu, tendoi zentroko eta pleura mediastinikoko informazioa jasotzen dutenak.
Freniko hitza grekoko phren hitzetik dator, eta diafragmari egiten dio erreferentzia.[1]
Kokapen anatomikoa eta ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diafragma nerbioa bizkar muinaren iduneko zatitik dator, eta bere jatorria nukleo eragilearen aurreko adarrean du; hau da, aurreko erroan. Idun plexutik sortzen da, C3,C4,C5 mailetatik (zuntzen jatorri nagusia C4-tik dator). Baliteke, ordea, C2 eta C6 mailako zuntzek ere parte hartzea[2].
Orokorrean atze eta erdialdeko ibilbidea du. Lapranki jaisten da barneko jugular zainarekin batera eta aurreko eskalenoaren aurretik igaroko da. Iduneko faszia sakona eta zeharkako idun arteria nahiz eskapula gaineko arteria igaroko ditu ere.[3]
Ezkerreko diafragma nerbioa ezkerreko lepauztai azpiko arteriaren lehenengo zatiaren aurretik igaroko da eta eskuinekoak, berriz, eskuineko lepauztai azpiko arteriaren bigarren zatia zeharkatuko du. Aldiz, orokorrean bi aldeetan (ezker zein eskuin) nerbioa lepauztai azpiko zainaren atzetik igaroko da. Toraxera haren goiko irekigunetik sartuko da eta bertan, birika erroaren aurretik igaroko da mediastino aldeko pareta pleuraren eta zuntzezko perikardioaren artean.
- Eskuineko diafragma nerbioak toraxean ezkerrekoa baino ibilbide laburrago eta bertikalagoa[2] du. Besondo buruetako arteriaren gainetik eta lepauztai azpiko zainaren atzetik igaroko da. Jarraian, erdiko pareta pleura nahiz zuntzezko perikardioaren artetik igaroko da ere; barruko torax arteriaren atzetik eta horren adarra den perikardio diafragmetako arteriarekin nahiz perikardio diafragmetako zainarekin batera. Gero, diafragma zeharkatuko du kaba zainaren hiatotik (T8) edota bere ingurutik.
- Ezkerreko diafragma nerbioa, berriz, pareta pleura nahiz zuntzezko perikardioaren artetik igaroko da perikardio diafragmetako arteriarekin eta izen bereko zainarekin batera. Diafragma, ordea, tendoi zentroaren ezker aldetik, giharrezko zatitik zeharkatuko du.
Eskuin zein ezker diafragma nerbioak diafragma zeharkatzean diafragma-abdomenetarako adarrak deituko dira.
Kokapen-aldaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iduneko nerbio gehienekin gertatzen den bezala, hemen ere hainbat kokapen anatomiko egon daitezke.
Gerta daiteke diafragma nerbioa lepauztai azpiko zainaren aurretik igarotzea atzetik igaro beharrean[4] (lepauztai azpiko zain nahiz arteriaren artean igaro ohi da). Kokapen horrek, ordea, arazoak ekar ditzake hainbat prozeduretan.
Bestalde, aipagarria da esatea diafragma nerbio gehigarria ere egon daitekeela (kasuen ⅓)[2]. Izan ere, gerta daiteke C5 mailako zuntzek berandu bat egitea gainontzeko zuntzekin. Horrela, C5 zuntz horiek diafragma nerbio gehigarriaren osagai izango dira .
Haztapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diafragma nerbioa ukituz aurkitzeko, hoberena pazientea ahoz gorako etzanera jartzea da. Aurreko eskaleno giharraren aurreko aurpegian haztatzeko beharrezkoa da C5 mailan esternokleidomastoideo giharra desplazatzea erdialderantz. Aurrekoa egin ezean, esternokleidomastoideoak aurreko eskalenoa estaliko luke.
Funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nerbio mistoak dira; beraz, adar aferenteak zein eferenteak dituzte.
Zuntz motorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuntz motorrek (eferenteak) eraginda, diafragmaren kontrakzioa gertatzen da. Uzkurketa honi esker, diafragma beherantz joango da eta torax barrunbearen espazioa handituko da, horrenbestez, biriketara airea sartzeko espazioa emango dio, arnas gora bultzatuz. Bestalde, arnas beherean, diafragma erlaxatzean barrunbe torazikoan dagoen espazioa txikitzen da, airea kanporatzea eraginez.
Gorputzean bi diafragma nerbio daude (ezkerrekoa eta eskuinekoa) bata bestearen independente, horregatik, haietariko batek paralisi bat izatekotan besteak arnas funtzioa betetzen jarrai dezake.
Zuntz sentsitiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuntz sentsitiboei (aferentei) dagokienez, diafragmatik, birka pleuratik, perikardiotik eta peritoneo diafragmatikotik informazio sentsitiboa hartzen dute. Diafragman lesio bat izanda, min igorria ere sentituko dugu; minaren informazioa diafragma nerbioak sortzen diren zuntzek(C3-C5) inerbatzen duten larruazal guneko informazioarekin (ezkerreko sorbaldaren ertzekoarekin, bereziki) nahastu delako entzefalora igo aurretik. Zuntz hauek gero burmuinetara helduko dira, eta nahasketa horren ondorioz, mina sorbalda inguruan sentituko dugu naiz eta lesioa diafragmatikoa izan.
Diafragmaren inerbazioaz arduratzeaz gain, abdomeneko errai batzuk eta peritoneoa sentikorki inerbatuko dute ere diafragma nerbioek.[5][6]
Zuntz begetatiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horrez gain, zuntz begetatiboak dituzte, hau da nerbio sistema autonomoaren parte diren zuntzak.
Patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diafragma paralisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nerbio frenikoaren lesioaren eraginez eratzen den patologia aipagarriena, diafragma paralisia da. Beraz, lesioak gehienbat diafragma muskuluan eragiten du.
Diafragma paralisian, diafragmaren mugimenduaren etetze partziala edo osoa gertatzen da. Paralisi hau, nerbio frenikoaren lesioaren ondorioz eratu daiteke. Horrez gain, diafragma eratzen duten bularrezurreko gihar-zuntzen, saihetseko muskulu zuntzen edo gerriko muskulu zuntzen aplasia edo atrofia batek eraginda erazten da patologia hau.
Garrantzi klinikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diafragma nerbioarekin loturiko alterazio bat zotina da. Diafragmaren ez-borondatezko uzkurketak eragiten du zotina. Hori nerbio frenikoa narritatzeagatik gertatzen da kasu askotan. Kontrakzioan arnasa hartzen denez, airea sartzen da kontrol handirik gabe, ahots korden aurka talka eginez eta hauek ixtea eraginez. Aurrekoaren ondorioz, alterazioaren berezkoa den soinua sortzen da. Bere kabuz desagertzekotan, ez du tratamendurik behar. Hala ez bada, tratatzeko modua ez dago batere argi, baina eraginkorrena diafragmara doan estimulua garraiatzen duen neurona presinaptikoa inhibitzea dela dirudi. Hala ere, hau ez da kasu guztietan eraginkorra izaten, eta batzuetan kirurgia ezinbestekoa da. Normalean frenizektomia partziala egiten da, unilaterala hain zuzen, eta behar bezala funtzionatzen ez duen nerbioaren funtzionamendua eteten da.
Nerbio frenikoa idun-mailatik sortzen da (C3-C5) eta diafragma inerbatzen du. Beraz, idun-maila azpian gertatzen diren bizkarrezur-muineko lesioak jasaten dituzten pazienteak gai izango dira ondo arnasteko, beste motatako paralisiak izan arren (beheko gorputz adarren paralisia adibidez).
Plexu brakialeko lesioek besoko, besaurreko edo eskuko hainbat eskualdeetan paralisiak sor ditzakete, moztuak izan diren nerbioen arabera. Ondoriozko paralisia klinikoki tratatu da nerbio frenikoa emaile bezala erabiliz. Horrela, nerbio muskulukutaneoaren zein erdiguneko nerbioaren neurotizazioa lortu da. Tratamendu honek arrakasta tasa handia du (%84,6) nerbio kaltetuaren inerbazioaren berriztapen partzial edo osoan.[7] Gainera, teknika honek eragin minimoa du nerbio frenikoaren arnasketa funtzioan. Hala ere, egon dira kasuak non birikaren Bizi-edukiera (VC) txikiagotu den. Hauek guztiak eskuineko nerbio frenikoa emaile moduan erabili denean eman dira, ez ordea, ezkerreko nerbio frenikoa erabiltzean[8].
Kirurgia toraziko bat egitean, oso garrantzitsua da nerbio frenikoa identifikatzea zein babestea. Horretarako, medikuak nerbio frenikoa manipulatu ahal du erantzun nerbioso bat sortzeko[9].
Gibel-transplanteetan, eskuineko nerbio frenikoa zapaldu egin daiteke kaba zainerako erabiltzen den pintzarekin[10].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Etymology Thoracic Viscera» www.dartmouth.edu (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Merino Ramirez, Miguel Ángel. (2005). Incidencia, factores de rieso y evolución de la neuropatía frénica en pacientes sometidos a cirugía coronaria de revasvularización miocárdica. UNIVERSITAT DE VALENCIA Servei de Publicacions.
- ↑ (Ingelesez) Moore, Keith L.. (1999). Clinically oriented anatomy. Philadelphia: Lippincott Williams & Wilkins ISBN 978-0-683-06141-3..
- ↑ (Ingelesez) Prakash, Prabhu. (2007). A variation of the frenic nerve: Case report and review. Singapore Medical Journal.
- ↑ (Ingelesez) «The Anatomy of the Phrenic Nerve» Verywell Health (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
- ↑ (Ingelesez) «Referred Pain: Common Areas and What It Means» Healthline 2019-10-29 (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
- ↑ (Ingelesez) Yu-Dong, Gu; Min-Ming, Wu; Yi-Lu, Zhen; Jia-Ao, Zhao; Gao-Meng, Zhang; De-Song, Chen; Ji-Geng, Yan; Xiao-Ming, Cheng. (1989). «Phrenic nerve transfer for brachial plexus motor neurotization» Microsurgery 10 (4): 287–289. doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
- ↑ Luedemann, Wolf; Hamm, Michael; Blömer, Ulrike; Samii, Madjid; Tatagiba, Marcos. (2002-03). «Brachial plexus neurotization with donor phrenic nerves and its effect on pulmonary function» Journal of Neurosurgery 96 (3): 523–526. doi: . ISSN 0022-3085. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
- ↑ (Ingelesez) Dalman; Thompson, Ronald; Robert. (2015). 7. Neurogenic Thoracic Outlet Syndrome Exposure and Decompression: Supraclavicular. Operative Techniques in Vascular Surgery.. Philadelphia, PA: Wolters Kluwer Health, 50 or. ISBN 9781451190205..
- ↑ (Ingelesez) McAlister; Grant; Roy Brown; Hutton; Leasa; Ghent; Veitch; Wall, Vivian C.; David R.; Andre; William F.; Linda C.; David J.; Cameron N.; James E.; William J.. (1993). Right phrenic nerve injury in orthotopic liver transplantation. ISBN 8475559..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sistema nervioso y osteopatia. II La práctica: http://www.paidotribo.com/pdfs/1335/1335.0.pdf[Betiko hautsitako esteka]