Doaa el-Adl

Wikipedia, Entziklopedia askea
Doaa el-Adl

Bizitza
JaiotzaDamietta1979ko otsailaren 6a (45 urte)
Herrialdea Egipto
BizilekuaKairo
Lehen hizkuntzaegiptoar arabiera
Hezkuntza
HeziketaAlexandria University (en) Itzuli
Hizkuntzakarabiera
egiptoar arabiera
Jarduerak
Jarduerakumorista grafikoa eta idazlea
Jasotako sariak

Doaa el-Adl (Damietta, Egipto, 1979ko otsailaren 6a) karikaturagile egiptoarra da, eta Al-Masry Al-Youm egunkarirako lan egiten du, besteak beste. Politika-, gizarte-, erlijio- edo genero-gaiei buruzko karikaturengatik da ezaguna. Egiptoko emakume marrazkilari ezagunenetako bat da. Al-Masry Al-Youm egunkarirako egindako bere marrazkiek hainbatetan eragin dituzte erreakzioak.[1] Kairon bizi eta lan egiten du. Hainbat sari eta goraipamen jaso izan ditu Espainian eta nazioartean, duen ausardiarengatik, besteak beste.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doaa el-Adl 1979an jaio zen, Damiettan, eta Arte Ederrak ikasi zituen Alexandriako Unibertsitatean. 2000n diploma lortu zuen: dekorazioa, antzerkia eta zinema atalean. Gero, barruko dekorazioan aritu zen lanean, Damiettan. Ondoren, Alexandrian, haurrentzako liburuak ilustratu zituen. Azkenik, Kairon instalatu zen. Hastapenean, maketagile-lana lortu zuen informatika-aldizkari batean. Bere lehen ilustrazioa Bent masriya (Egiptoko neska) blogean argitaratu zuen, baina oihartzuna mugatua izan zuen. Prentsa-karikatura interesatzen zitzaion, eta bere burua ezagutarazten saiatu zen, diseinatzaileak ezagutzera joan zen tokiaren gainera, eta bere marrazkiak erakutsi zizkien.[2]

2005ean hasi zen karikaturak argitaratzen, Amr Sélim marrazkilariaren laguntzarekin, zeinak, une hartan, Al-Dustour[2] egunkarirako atea ireki baitzion. Gero, marrazkilari gisa lan egin zuen hainbat egunkaritarako: Al-Dustour, Rose al-Yûsuf eta Sabah El Kheir, eta irudiak egin zituen Qatr El Nada, Alaa El Din eta Bassem-entzat. Ondoren, Al-Masri Al-Youmek kontratatu zuen.

2009an, bere karikaturengatik kazetaritza-saria jaso zuen lehen emakume egiptoarra bilakatu zen. 2014an, el-Adl ohoratua izan zen Nazio Batuen Mendebaldeko Europarako Informazio Zentro Erregionalaren (UNRIC) Cartooning for Peace kanpainaren esparruan.[2][3] Kofi Annan Nazio Batuetako idazkari nagusi ohiak eman zion saria, eta adierazi zuen sari horrek "nabarmendu egin nahi dituela bakearen eta tolerantziaren zerbitzura beren ahotsa eta arte-talentua jartzen dutenak eta irudien hizkuntza unibertsala erabiltzen dutenak gure gizateria komuna informatzeko, hezteko eta ospatzeko".[4] 2016an, 100 Emakume izeneko BBCren zerrendan sartu zuten. Zerrenda horretan, beren jarduera dela-eta eragina duten emakumeak nabarmentzen dira.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko Egiptoko Iraultzaren ondoren, haren lana oso kritikoa bihurtu zen Mohamed Morsi presidentearekiko.[5]

2012ko abenduan, Al-Masry Al-Youmek argitaratutako karikaturetako batek erreakzioak eragin zituen: aingeru batek Adan eta Ebari jakinarazi zien Edeneko Lorategian egon ahal izango ziratekeela, hautagai egokiari eman izan baliote boza.[6] Haren aburuz, karikatura horrek “erlijioaz baliatuta, pertsona soilak menderatzen dituzten eta horiengan eragiten duten politikarien” kritika izan nahi zuen. Haatik, birao egitea leporatu zion Fronte Salafistako Khaled El Masry abokatuak, orduan Askatasunak Defendatzeko Zentro Nazionaleko (National Centre for Defing Freedoms) idazkari nagusi zenak.[7] Haren aurkako akusazioak alegatzen zuen karikaturak iraindu egiten duela Adanen papera Islamean. Talaat Abdallah fiskal nagusiak ikerketa bat agindu zuen, baina prozedura hori bertan behera gelditu zen Egiptoko 2013ko uztailaren 3ko estatu-kolpearen ondoren.[8]

Urte hartan bertan, Talaat Abdallah fiskal nagusiak galdezkatu zuen, Egiptoko islamistak eta haien eragin politikoa kritikatzeko egin zuen karikatura batengatik. Carlos Latuff marrazkilari brasildarrak marrazki bat eginez lagundu zion, non el-Adl ageri baita islamista baten aurka defendatzen lantza-formako arkatz batekin.[9]

2013ko otsailean, karikatura bat sortu zuen emakumeen mutilazio genitalak kritikatzeko: itxura ziztrineko gizon bat irudikatu zuen, eskailera batera igota, guraize pare bat eskuan, emakume baten hanken arteko lore gorri bat mozten.[10] 2013ko Clitoraid-eko hitzaldian, hauxe azaldu zuen: “Iraultzaren aurretik, kasualitatez marrazten nituen emakumeen arazoak, baina, orain, emakumeen gaineko karikatura horiek marraztu beharra dut, nire existentzia bera eta nire askatasun pertsonala defendatzeko Anaia Musulmanen agintaldiaren mehatxutik”.[11] Hosni Mubarak presidentearen epaiketako karikaturak ere ezagunak izan ziren.

2016an, nazioarteko gaiak landu zituen, hala nola, Brexita[12], Charsaddako Unibertsitatearen aurkako erasoa[13] eta emakumeen aurkako indarkeria-aldiak.[14]

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2009: Egiptoko Kazetarien Sindikatuaren kazetaritza-saria
  • 2013: Satira politikoaren 41. Forte dei Marmi saria, nazioarteko marrazki satirikoen kategorian[15]
  • 2014: UNRICen Cartooning for Peace kanpainaren esparruan saritua

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]